Imanol Agirre: 'Sormena eta sortzaileak dira gure lehengaia'
2018-03-05 08:00 BarriketanLoraldiko zuzendari artistikoa.
Lau urte dira Loraldia jaialdia martxan jarri ebenetik Bilbon, ordutik hona asko izan dira festibalerako berenberegi sortutako ikuskizunak, bertan parte hartu daben sortzaileak, estreinaldiak… Sormenari bultzadea emotea dau helburu egitasmoak, euskal kultura garaikidea Euskal Herritik mundura zabaltzea eta ikusgarri egitea.
Holan, gaurtik hasita martiaren 26ra bitartean, proposamen barrienak ikusi ahal izango dira Bilbon. Egitarauak 30 ikuskizun jasotzn ditu eta 200 artistak igongo dabe oholtzara.
1.- Uste dozu sasoi onean dagoala Loraldia? Zelako garapena izan dau lau urte honeetan?
Bai, gure ustez egitasmoa sendoa da. Orain arte, lau pausu emon doguz, pixkanaka espazio bat beteten joan gara. Hasieran, udabarrian euskal kulturearen erreferentziazko jaialdia zala geurea esan genduan eta nire ustez, erreferentzia hori badago. Jenteak badaki udabarrian euskal kulturearearen ganeko festibal handi bat dagoala Bilbon. Honek esan nahi dau lau urte honeetan leku hori bete dogula. Hortaz, egitasmoa finkatuta dago eta geroari begiratzen deutso.
Aurten be, aurrekoetan egin dogun moduan, egitarau sendoa, askotarikoa eta ikusle guztientzako atondu dogu. Emoitzak hor dagoz: 22 egun eta ia 200 sortzaile batuko dira.
2.- Halandabe, aurkezpenean aitatu zenduan, tamainuari jagokonez, aurtengo egitaraua txikiagoa izango zala. Zer jazo da?
Alde batetik, autortu behar da finantzabideak finkatzen joan dirala, baina egia da baita be 2016ko jaialdian honeek oso altuak izan zirala eta gaur egun ez gagozala maila berean. Erakunde publikoen partetik, diru laguntzinoak pixka bat behera egin dau, baina horrek ez dau esan nahi jaialdi handi bat ez danik. Lau urte honeetan festibalari jagokon espaziorik eta tamainurik egokiena zein izan dan ikusten joan gara eta gure ustez, hemen geratuko da, izan be, laugarren edizino honek ondo zehazten dau gure lan egiteko jarrerea, hiru aste izango dira eta martian. Dana dala, nire ustez, finantzazino hori pixkanaka hobetzen joango gara. Orain badakigu erakunde publikoen aldetik zein dan laguntzinoa eta autortu behar dot oso ondo portau dirala, bai Eusko Jaurlaritzea, bai Bilboko Udala, eta bai Bizkaiko Foru Aldundia be. Orain arlo pribaduan lan egitea falta jaku, nahiz eta pausu batzuk jada emon doguzan.
3.- Lau sormen-haizetara da aurtengo leloa. Zer dala eta?
Alde batetik, Loraldiaren plan estrategikoan argi laga genduan gure helburu nagusi biak sortzaileak ikusgarri bihurtzea eta eurentzat plaza bat eskaintzea zala. Sormena eta sortzaileak dira gure lehengaia, gure lan egiteko markoa, beraz guk plazaratu nahi doguna da sormena sortzailea dala eta horregaitik Lau sormen haizetara keinu bat da. Ganera, Imanol kantariak abesten eban Lau haizetara kantu zoragarria gogora ekarri eta emonaldi berezi bat atondu dogu, kantariari gorazarre egiteko, bertan kantu ha be entzun ahal izango da.
Hortaz, leloak gure helburuakaz bat egiten dau, sortzaileak eta sormena ikusgarri jarten ditualako, plaza egokia eskaintzen deutsielako eta beste alde batetik Imanoli keinu hori egiten deutsagulako.
4.- Halandabe, lau haizetara zabaldu bai, baina barrura begiratzeko leihoak zabaldu dozuezala dinozue. Zelan egingo dozue hori?
Euskal kulturgintzeari jagokonez, Bilbon hausnarketa argia dago nire ustez; badirudi uria kanpora begira dabilela behin eta barriro, hainbat kultura eta kirol ekintza handiak egiten dira bertan eta gehienak uritik kanpora. Horregaitik barrura begiratzeko ordua heldu dala aldarrikatzen dogu guk. Loraldiak gugandik hasi eta mundura abiatzeko aukerea emoten dau. Etxeparek esaten eban moduan, jalgi hadi mundura. Euskal unibersotik mundura abiatzeko asmoa da.
5.- Loraldia, neurri baten, sasoi bateko Euskal Lore Jokoen ondare haretatik datorrela esan daiteke, Anton Abbadia izaten zan horreen bultzatzailea eta horregaitik urtero omenaldi moduko bat egiten deutsazue Loraldian. Aurten zelakoa izango da?
Anton Abbadia edizino guztietan egon da eta aurten be beragaz topo egiteko aukerea izango dogu, Anton Abbadia, Dublinetik Hendaiara ikuskizunean. Jaialdiko lehen emonaldi handia izango da. Loraldia, berez, gaur hasiko da mintegi bategaz, bihar, martitzena, Elkar dendan formatu txikiko nobela baten aurkezpena izango da eta 7an, eguaztenean, hasierea emongo deutsegu ekitaldi nagusiei Abbadiarenagaz.
Ikuskizun honetarako, lehenengo edizinoan Aitor Mazo zanak egin eban bakarrizketea berreskuratu dogu, Bilboko aktoreak emon eutson hasierea jaialdi horri eta testu horretan, zelanbait Abbadiaren berbea ekarri eban gogora. Orain bakarrizketa hori berreskuratu nahi izan dogu. Mazo, saio ha egin eta handik eta pare bat astera joan jakun, beraz testu hori hartu dogu Aitor Mazo in memoriam, taula ganean gorazarre egiteko.
Ikuskizun honetarako, oraingoan hiru musikari egongo dira oholtza ganean Anton Abbadiaren papela beteko dauen Txomin Heguygaz. Aktore historiko bat da Heguy Ipar Euskal Herriko antzerkian eta berak ordezkatuko dau Mazo. Aktore honek izena eta izana emongo deutso Abbadiari. Dublineko musikeagaz hasi eta Lapurdikoagaz amaituko da ikuskizuna eta bidaia horretan Afrikatik, Asiatik, Europako hainbat herrialdetatik… pasauko gara eta kanten eta hasierako testu horren bitartez Abbadiaren bizitzea barriro ezagutzeko eta emozionetako aukerea izango dogu.
6.- Abbadiari, Mazori eta Imanoli egingo deutsazue gorazarre aurtengo Loraldian. Besteren bati be egiteko asmoa dozue?
Bai, Estitxu gogoan ikuzkizuna be badaukagu. Atzera begira horretan, Anton, Imanol eta Estitxu doguz Loraldian. Transmisinoa da gure plan estrategikoaren arloetako bat. Hiru izen handi honeek, 19. mendean Anton eta orain dala 60 urte Imanol eta Estitxu, lan horretan kokatzen dira, hau da, gure euskal baloreak belaunaldi barriei transmitiduteko beharrean.
Estitxu gogoan martiaren 17an izango da eta bere familiak kantariaren bizitzea eta abestiak barriro be plazara eroateko ardurea hartu dau, oso ikuskizun bitxia izango da, bere familia gehiena artistak diralako eta taula ganean egongo diralako. Eurokaz batera konbidadu berezi bi etorriko dira: Gontzal Mendibil eta Niko Etxart. Umorea, kantua, jantzea eta musikea buztartuko ditue ikuskizunean.
7.- Aitatu dozuzan ekitaldiez gan, aurtengo egitarautik bada zuk nabarmenduko zeunken besteren bat?
Ez da erreza zeozer nabarmentzea. Esan beharra dago gehienak estreinaldiak dirala edo modu berezian Loraldirako berenberegi sortuak. Hori esanda, Kukairen 110 Oteiza ikuskizuna nabarmenduko neuke. Jantza taldeak artistearen ganeko koreografia barri bat egingo dau Euskalduna Jauregian eta Loraldian bakarrik ikusi ahal izango da, ez dabelako beste inon taularatuko. 30 minutuko emonaldi labur bat izango da eta espazio bitxi baten eszenaratuko dabe, Euskaldunako kristalezko plazan, hain zuzen be. Ikuskizun hau martiaren 18an estreinauko da.
Asteburu horretan bestalde, beste jantza ikuskizun bi dagoz programauta Loraldian. Hilaren 17an, zapatuan, Oinkari jantza taldeak eta Hika Teatroak Sagartu obrea aurkeztuko dabe. Hogei artista baino gehiago izango dira taula ganean, euskal jantzetatik abiatuta koreografia barrietara. Nire ustez, emonaldi oso bitxia eta ikusgarria izango da. Domekan, barriz, Lekeitioak izeneko koreografia berezia izango da Mizel Theretek sortua. Lapurdiko koreografo honek Mikel Laboaren Lekeitioak hartu eta jantza garaikide bihurtuko ditu, beraz esperimentazinoa eta jantzea nabarmenduko dira ikuskizun txiker baten.
8.-Transmisinoa be aitatu dozu, Loraldiaren ezaugarrietako bat da. Zer dakar Loraldiak gaztetxuentzat?
Gaztetxuentzat hasieratik jarri genduan Bilbronx egitasmoa martxan. Aurten azkeneko asteburuan, martiaren 24an, izango da. Lau ordu eta erdiko proposamen bat da honakoa eta bertan azkenengo jokerak ikusteko eta parte hartzeko aukerea egongo da Bilborocken.
Street Dance-a eta Euskal Herriko III. BeatBox txapelketak be izango dira gaztetxuentzat Loraldian.
Horrezaz gan, hip hop kontzertuak egongo dira Gatom kantari bermeotarra, Kirrinka Krew eta Selektah Stepi Meetsen eskutik. Beraz, New Yorketik Bilbora ekarritako jokera barri honeek espazio berezia izango dabe. Gazteek euskereak kultura esparru guztiak hartzen dituala ikusiko dabe honegaz.
9.- Hainbat diziplina buztartzen dira egitarauan eta aitagarria izaten da Loraldiaren amaiera ekitaldia. Zelakoa izango da aurtengoa?
Martiaren 25ean, domekan, izango da eta aurreko urteetan egin dogun moduan, literaturea, bertsolaritzea eta musikea buztartuko doguz. Etorkizunaren ganeko testu barri bat onduko dau Arantza Urretabizkaia idazleak Etorkizunak harrapatuta izenburupean eta Guggenheim Museoko entzungelan irakurriko da. Honegaz batera, Maialen Lujanbio eta Uxue Alberdi bertsolariek testu horrek proposatzen dituan gaien ganean inprobisauko dabe eta Joxerra Senperena musikari handiak pianoa joko dau.
10.- Egitarau zabal eta askotariko hau atontzeko, artistakaz eskuz esku lan egin behar izaten dozue, beraz, hurretik ikusten dozuez euskal sorkuntzearen nondik norakoak. Gaur egun Loraldiaren ikuspegitik zelan ikusten dozue euskal sorkuntzea?
Loraldia izena jarri geuntsan jaialdiari eta argi dago erreferentzia egiten deutsala gaur egun Euskal Herrian biziten gabizen egoereari. Loraldian gagoz, sormena gero eta askotarikoagoa da, sortzaileak gero eta gehiago dira, gero eta esparru gehiagotan ibilten dira honeek, gero eta buztarketa gehiago dagoz arlo desbardinen artean. Guk eskaintza horretatik ale apur batzuk aukeratzen doguz jaialdi barritzailea egiteko, baina egia esan, ez dogu arazorik kalidadea eta arlo guztietako sortzaileak topetako. Pozik gagoz egiten dogun lanagaz.
11.- Uste dozu sorkuntzeak eta sortzaile horreek merezidutako espazioa dabela?
Euskal sortzaileek arazo bat daukie eta hori ikusgarritasuna da. Uniberso honetan gabizenok aniztasuna, kalidadea eta sortzaile kantidade handia dagoala ikusten dogu, baina euskal komunidadetik kanpo, ikusgarritasun hori nahiko txikerra da eta hori da landu behar dana. Erdal komunidadean onarpen handiagoa beharko geunke euskeraz egiten dan sorkuntzea eta onespen hori lortzeko. Horretarako, zubiak eregi behar doguz eta espazio komunikatibo barriak lortu behar doguz. Erdal komuninadea konkistau behar da emozinoaren eta komunikazinoaren bitartez.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!