Sormena lau haizetara zabalduko dau Loraldiak
2018-02-19 13:01 Kulturea120 sortzailek parte hartuko dabe, martiaren 5etik 26ra.
Euskal kulturea, sortzaileak eta Bilbo lotzen dituan udabarriko jaialdiak, Loraldiak, martiaren 5ean ekingo deutso laugarren edizinoari. Ohiko moduan, euskal sorkuntza garaikidearen proposamen barrienak ikusi ahal izango dira, disziplinen arteko alkarrizketea bilatzen dauen egitarauan. Hiru astetan, 30 ikuskizun eta 200 artista egongo dira oholtzan.
Barrura begiratzeko leihoak zabaldu doguz orain, azaldu dau Imanol Agirre Loradiko zuzendari artistikoak, geureari begiratu eta lau haizetara zabaldu nahi dogu. Hain zuzen be, idea horregaz lotuta dago aurtengo leloa, Lau sormen-haizetara. Estreinaldiak, Loraldirako berenberegi atondutako ikuskizunak eta abar dagoz egitarauan.
Antzerkiaren eta jantzearen alorrean eskaintza zabala dakar IV. Loraldiak. Martiaren 7an, Antton Abbadia, Dublinetik Hendaiara bakarrizketan Txomin Heguy aktoreak Lore Jokoen sortzailea gogoratuko dau Arriaga Antzokian. XIX. mendeko Lore Joko hareetan oinarrituta dago Loraldia. Ganera, Aitor Mazo zanari omenaldia egingo deutsie, lehenengo Loraldian Abbadiaren bakarrizketea egin eban aktoreari.
Martiaren 17an, Campos Antzokira helduko dan Sagartu ikuskizuna be aitatzekoa da, jantzea, musikea eta antzerkia buztartzen ditu eta. Agurtzane Intxaurragaren zuzendaritzapean, Hika Teatroko aktoreek eta Oinkariko jantzariek sagarraren inguruko emonaldi berezia eskainiko dabe. Bestetik, Sylvia Plath-en testu baten oinarritutako Hiru emakume lana Arriagan ikusi ahal izango da hil horren 15ean eta Kukai jantza taldearen Oteizak 110 Euskalduna Jauregian aurkeztuko dabe 18an.
Musikearen aldetik be proposamen interesgarriak dagoz egitarauan. Batetik, Izarok Eason diskoko abestiak joko ditu martiaren 8an Arriagan eta, bestetik, Inun bakarlariak Aingurak disko barria aurkeztuko dau 22an. Era berean, Estitxu bakarlaria hil zaneko 25. urteurrenean, musikea, jantzea eta ikus-entzunezkoak batuko dituan saio berezia eratu dabe BBK Salan.
Herejeen alaba ikuskizunean, aldiz, Joseba Sarrionandiaren Kristalezko bihotza narrazinoa abiapuntu dala, historia, antzerkia eta Erdi Aroko musikea buztartuko ditue Ander Lipusek, Maider Lopezek eta Ander Berrojalbizek martiaren 11n.
Ganerakoan, Bego Vicariori omenaldia egingo deutsie eta bertsolaritzan, Oholtzan saio berezia aitatu behar da.
Egitarau oparo horretan, ekitaldi gehiago be atondu ditue, martiaren 5etik 26ra egunero proposamen interesgarriak egon daitezan. Egitarau osoa ikusi hemen.
Dana dala, Imanol Agirrek onartu dauenez, aurreko urteetakoak baino pixka bat txikiagoa da, tamainuz eta kopuruz, IV. Loraldi hau. Aurrekontuaren kalkuluetan egokitzapen batzuk egin behar izan ditue eta Loraldiaren benetako neurria, markoa, aurtengo hau dala ikusi dabe. Hortaz, Loraldia egonkortuta dagoala uste dau Agirrek.
Loraldiaren helburuak euskal kulturearen transmisinoa eta sustapena bultzatzea dirala dino Imanol Agirrek, horretarako sorkuntza garaikidearen jokera barrienak zeintzuk diran begiratuta. Goizalde Landabaso kazetari eta idazleak aurkezpenean esan dauenez, fusinoak gustuko ditue Loraldian.
Lorea Bilbao Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura diputaduak ganeratu dauenez, geure kultureak dauen aberastasuna plazaratzen dogu Loraldian, euskaldunon nortasuna kulturan eta hizkuntzan eregiten da. Bilboko Udaleko zinegotzi Nekane Alonsok 1901eko Lore Jokoak gogoan hartu ditu. Orduko haretan, euskerea etorkizun bako hizkuntzatzat jo eban Miguel Unamuno idazleak eta, Alonsoren esanetan, horrek berbak atzean itxi doguz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!