Izaro: 'Bizkaitarra eta donostiarra sentiduten naz aldi berean'

Dabi Piedra 2018-02-26 08:05   Barriketan

Abeslaria.

Om izeneko lehenengo diskoagaz musikearen plazearen erdi-erdira salto egin eta gero, bigarren diskoa dakar orain Izaro abeslari mallabiarrak, Eason. Maitasunari kantau deutso, zentzu zabalean, baita Donostiari be, azkenaldion bizileku dauen uriari.

Bat-bateko arrakasteak eragindako ondorioei bueltea emonda, lasaiago eta askeago ibili da lan hau sortzen, prozesuaz gehiago disfrutau dau. Martiaren 8an, Bilboko Arriaga Antzokian eta 9an, Donostiako Victoria Eugenian kontzertuak emongo ditu Izarok, eta biek ikusmin handia eragin dabe.

1.- Eason diskoan kontzienteago lan egin dozula aitatu dozu. Zer esan nahi dozu horregaz?

Om diskoa ezer jakin edo espero barik etorri zan. Bertan momentuan ezagutu nituan musikari batzukaz, aspalditik joten nenbilen kantuakaz, era oso natural baten, baina espero barik. Nik ez nekian disko bat grabau nahi nebanik, eta grabau neban, eta akaso hartu ahal izan neban erabagirik onena izan da. Eason-egaz jakin neban bigarren bat nahi nebala, jakin neban musikari berakaz errepetidu nahi nebala, jakin neban zer eta noz nahi neban egin, horregaitik izan da kontzienteagoa.


2.- Zelakoa izan da bigarren disko hau sortzeko prozesua?

Oso polita. Aspaldi hasi zan, bizitzako momentu gozo bategaz topau zan gero eta hor jarraitzen dogu.


3.- Gaztain estudioetan grabau dozu Eason. Eroso ibili zara?

Super eroso. Estudioa gogorra da, batez be lehen aldia badozu. Kasu honetan bigarrena zan, eta horrek be asko lagundu deust, baina Eñaut Gaztañagagaz lan egitea gozada bat izan da. Disfrutau egin dot eta ez da gitxi!


4.- Donostia da diskoaren ardatzetako bat. Zelako loturea dozu uri horregaz?

Bizkaitarra eta donostiarra sentiduten naz aldi berean. Zelan leike hori? Erantzunik ez dot, baina holan da. Donostiak aterpetu nau neure identidadea eratzeko prozesu horretan zehar, jente zoragarria emon deust, musikea emon deust, eta itsasoa. Asko maite dodan uria da, erromantikoa (ni nazen lez), eta inspiragarria. Maitatua sentiduten naz hemen.


5.- Zeri buruzko kantak idatzi dozuz?

Maitasunari buruzko kantak, esangura zabalean, norberaren buruagazko maitasuna, besteakanakoa, naturareagaz, uri bategaz… Maitasun ona, benetakoa.


6.- Topatze prozesu bat kontau dozu diskoan, zer esan nahi dozu horregaz?

Askotan beste leku batzuetara bidaiatzen dogu aukera barri bila, eta ez gara konturatzen geure burua topetan goazela. Leku ezezagun batera, holan ez dozu beste aukerarik zeureagaz komuniketea baino. Modu askotan topau zeinke zeure burua, zenbat eta gehiagotan hobeto. Ni behin baino gehiagotan topau naz, leku desbardinetan, baina Donostian bizitakoa daukat presenteen eta luzaroen.


7.- Ze sensazino eragin nahi deutsazuz entzuleari disko honetako kanten bidez?

Nahiko neuke bakotxa bere buruagaz topau dan momentuetara eroatea. Norbere burua eta gorputza benetan entzun daben momentu edo garai horretara. Bakotxa bere buruagana hurreratu.


8.- Melodia, estilo eta abarrei jagokenez, anitzagoa da Eason, Om baino?

Ez dot uste. Om-en be kantu bakotxa mundu bat zan, eta Eason be antzera etorri da.


9.- Abesteko modua be aldatu dozula dinozu, kantugintza klaseetan ibili zinalako. Zeure burua hobeto ulertzen lagundu deutsu horrek?

Bai, askoz hobeto. Norbere tresnea ulertu barik oso luzaro ezin bizi. Abesteko modua aldatu baino, nire ahotsari laga deutsat bere leku naturala topetan eta bertan pausatzen, gero hortik abiatuta nahi dodan beste olgetako.


10.- Om atera zendunean hasibarria zinan, orain jente askok ezagutzen zaitu. Zelan aldatu zara ordutik hona?

Asko eta ezebez. Bizitzea aldatu jat, ezin dot ukatu, beste erritmo baten bizi naz, eta beste erantzukizun batzuk daukadaz inguruari begira, bistan egote hori gatxa da gestionetako. Baina hortik aparte, bardin-bardina izaten jarraitzen dot.


11.- Martiaren 8an dozu lehenengo zuzeneko kontzertua, Bilbon. Bireari ekiteko gogotsu zagoz?

Bai! Gogotsu eta bildurtuta! Dana batera! Baina hasi nahi dot, bai.


12.- Bilbo eta Donostiako sarrerak ondo saldu dira, ikusmina eragin dozu. Horren aurrean zer gogoeta darabizu?

Oso hunkituta nago. Hemen kulturara oso astiro mobiduten gara eta erantzun hau ikustea zoragarria da. Nire ames asko bete dira dagoeneko eta beteten dabiz, disfrutau nahi dot honetaz.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu