Bigarren diskoan gehiago disfrutau dau Izarok

Dabi Piedra 2018-02-15 13:11   Musikea

Eason izeneko lanak perspektibea eta pakea emon deutsazala dino.

Bilboko Arriaga antzokian aurkeztu dau Izarok 'Eason' diskoa | Ikusi handiago | Argazki originala

Om izeneko lehenengo diskoagaz musikazaleak harritu eta gero, bigarren diskoa dakar Izaro abeslari mallabiarrak. Eason izeneko lan honetan Izaroren ezaugarri diran ahots indartsua eta melodia gozoak topauko ditue zaleek, baina, halandabe, disko batetik bestera alde handia igarri dau Izarok berak. Lehenengo diskoaren arrakasteak bere burua gehiegi behartzera bultzatu ebanez, udan ganez egin eban bakarlari gazteak: Ahotsa galduta eta ansiedadeagaz ibili zan. Hortaz, bigarren diskorako lanketa sakona egin dau eta gehiago disfrutau dau bideaz.

Kantu ikastaro baten hasi zan Izaro udan, ahotsa bere onera ekarteko asmoz. Orain hobeto ezagutzen dot nire tresnea dan ahots hau, autortu dau Eason diskoa aurkezteko agerraldian. Om-en barruratz abesten ebala, ikaraz, begitandu jakon. Kantakerea aldatu dot, orain kanporatz abesten dot.

Lanketa horri esker, askoz lasaiago eta kontzienteago ekin deutso Eason sortzeari, poztasun handiagoz. Lehenengo diskoa ia ezustean etorri zan, heldu zan moduan jaso neban, ia konturatu barik, azaldu dau, honetan, ostera, disfrutau egin dot, ondo pasau dot. Aurretik pentsauta euki ditu diskoaren detaileak eta patxadaz lan egin ahal izan dau, sensazino hobeakaz. Perspektibea eta pakea emon deustaz diskoak.

Kontuak kontu, Eason Donostiagaz lotutako diskoa dala esan leiteke, izenburutik hasita. Izarori maitasuna eta gorrotoa eragiten izan deutsazan uria da, baina denporeagaz neurria hartu deutso eta bertan bizi da gaur egun. Autoalkartzea izan da, norbere burua topetako aukerea lekuek emoten dabe eta niri Donostiak emon deust, adierazo dau. Diskoa be bere buruagaz alkartzeko modu bat izan da eta entzule bakotxa alkartze horretara eroatea da asmoa.

Donostiak diskoan leku handia dauen arren, gehienbat maitasunari lotutako kantuak dira. Maitasuna era zabal baten ulertuta. Autortu dauenez, abestietako berbak barriro irakurrita, itsasoa zenbat maite dauen konturatu da. Gehienbat euskerazko kantak dira, baina badagoz gaztelaniazko eta ingelesezkoak be. Zestoako Gaztain estudioetan grabau dau Eason.

Diskoa bihar, barikua, ipiniko dau salgai eta, ostean, zuzeneko bireari ekingo deutso Izarok. Martian hasi eta udara bitarteko bira luzea izango da eta urduri dagoala dino, gorputzak erritmoari eutsiko ete deutsan. Era berean, gogotsu be badago, eta zaleek emondako erantzunagaz pozik. Izan be, Donostiako kontzerturako sarrerak agortuta dagoz eta Bilbokoan gitxi geratzen dira.

Hain zuzen be, Arriaga Antzokiko emonaldi horregaz hasiko dau birea, martiaren 8an eta Donostiakoa 9an izango da, Victoria Eugenian. Ondoren, martian bertan, Iruñean (16an), Madrilen (18an) eta Gasteizen (24an) joko dau.

Apiriletik aurrera, danetariko lekuak ezagutzeko aukerea emongo deutsan kontzertu-sorta zabala hasiko dau. Interesgarria da askotariko lekuetan jo ahal izatea, egun baten gaztetxe baten, hurrengoan baserri baten, adierazo dau Izarok, Baliarraingo Lopetedi baserrian, apirilaren 28an emongo dauen kontzertua gogoan.

Data barri gehiago baieztau artean behinik behin, birea bagilean amaituko dau, Igorre, Basauri eta Arrasaten. Bitartean, etxetik hur (Hernani, Berriz, Lemoa, Lekeitio, Tolosa...) zein urrun (Santiago, Bartzelona...) ibiliko da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu