Euskerea entzungo da Frantziako Tourrean
2018-02-21 10:51 Euskerea berbagaiEuskaltzaindiaren eskariari kasu egin deutsie antolatzaileek.
2018ko Frantziako Tourreko garagarrilaren 28ko etapea Ipar Euskal Herriko lurretan ibiliko da, eta, ondorioz, Euskaltzaindiak eskaria egin eutsan Christian Prudhomme lasterketako zuzendariari, euskaldunen hizkuntza-eskubideak errepetau daitezan. Tourreko arduradunek aintzat hartu dabe Akademiaren eskaria eta, hortaz, euskereak lekua izango dau txirrindulariak Euskal Herriko errepideetara heltzen diranean.
Frantziako Tourreko zuzendariak agindu dau Senpere eta Ezpeleta bitartean jokatuko dan etapan seinale elebidunak jarriko dituela, Ipar Euskal Herriko erakundeakaz eta Senpereko zein Ezpeletako hautetsiakaz adostu daben legez. Ganera, lasterketako hizlari ofizialek mezuak hizkuntza bitan (frantsesez eta euskeraz) emongo dituela ziurtatu dau.
Bestetik, Tourraren Diktaketa dalako ekimena -martiaren 30ean egingo dabe eta CM2-ko ikasleentzat da- euskeraz eta frantsesez egingo dala be agindu dau Prudhommek. Era horretara, euskaldunek euren hizkuntzan disfrutau ahal izango ditue Frantziako Tourreko etapea eta horregaz lotutako jarduerak.
Ohar baten jakin eragin dauenez, Euskaltzaindiak baikortasunez hartu dau Prudhommeren erantzuna, garrantzitsua iruditzen jakolako Ipar Euskal Herriko etapearen garapenean zein haren sustapenerako egiten diran askotariko ekimenetan euskereari leku duina eta aproposa emotea: ahozko eta idatzizko komunikazinoan, seinale eta errotuluetan, webguneetan, publizidadean, harreran, aurkezpenetan eta bestelakoetan.
Gogoan izan behar da, Euskaltzaindiak hainbat eskutitz bialdu zituala orain dala aste batzuk, Euskal Herrian hurrengo hileetan egingo diran ekimen jentetsuenetan euskerearen erabilerea agirikoa izan daiten eskatzeko. Tourreko zuzendariari ez eze, Espainiako Vueltako, Europako errugbi finaletako eta MTV Awards sarietako antolatzaileei bialdu eutsien gutuna, baita erakunde publikoetako ordezkariei be.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!