Euskereari lekua egiteko eskatu dau Euskaltzaindiak
2018-01-24 08:09 Euskerea berbagaiTourreko, Vueltako, errugbi finaletako eta MTV Awardseko antolatzaileei gutunak bialdu deutsez.
2018an, Euskal Herrian nazinoarteko ekitaldi jentetsu ugari antolatuko dirala eta, Euskaltzaindiak esku hartzea erabagi dau, euskereak hitzordu horreetan guztietan jagokon lekua izan daian. Ekitaldiak antolatzen dituen erakunde eta enpresei gutun bana bialdu deutse Akademiak, euskereak leku duina eta aproposa merezidu dauela gogorarazoteko, gitxienez, beste hizkuntzen parekoa.
Euskaltzaindiak baikortasunez hartzen ditu era horretako ekitaldi handiak, ohar baten argitu dauenez, baina euskaldunen hizkuntza eskubideak errespetetea ezinbestekoa dala uste dau. Horretarako, antolatzaileei beharrezko laguntzinoa emoteko prest agertu da Akademia.
Batetik, txirrindularitzako lasterketa handi bi Euskal Herritik pasauko dirala kontuan hartu dau Euskaltzaindiak: Frantziako Tourra Ipar Euskal Herritik ibiliko da eta Espainiako Vueltako etapa bat, ostera, Bizkaian amaituko da, Oizen, hain zuzen be. Bestetik, kirol arloan segiduta, maiatzean Europako errugbi txapelketetako finalak jokatuko dira Bilbon.
Kulturearen atalari jagokonez, Euskaltzaindiak batez be ekitaldi bat nabarmendu dau: MTV Europe Music Awards sariak emoteko galea, musikearen munduko izar handiak erakarriko dituana eta mundu guztiko publikoak arretaz segiduko dauena. Barakaldoko BEC erakustazokan egingo da sariketa horren 2018ko edizinoa.
Ekitaldi handi horreetako antolatzaileei ez eze, erakunde publikoei be gutunak bialdu deutsez Euskaltzaindiak: Bizkaiko Foru Aldundiko Unai Rementeria Ahaldun Nagusiari, Imanol Pradales Ekonomia Sustatzeko diputaduari eta Lorea Bilbao Euskera diputaduari, Euskal Elkargoko presidente Jean-René Etchegarayri, Euskerearen Erakunde Publikoko presidente Beñat Arrabiti, Bilboko alkate Juan Mari Aburtori eta Barakaldoko alkate Amaia del Campori.
Bialdutako gutun guztietan antzerakoak dira Akademiak egindako eskaerak. Euskaltzaindiari garrantzitsua begitantzen jako aitaturiko ekitaldien garapenean zein sustapenerako ekimenetan euskereari leku egokia emotea, ahozko zein idatzizko komunikazinoan, seinale eta errotuluetan, webguneetan, publizidadean, harreran, aurkezpenetan eta abarretan. Presentzia hori, gitxienez, ganerako hizkuntzen parekoa izan behar dala dino Akademiak eskutitzetan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!