Iker Iñigo: 'Emozinoak biztu nahi deutsaguz entzuten gaituenari'
2018-02-19 08:00 BarriketanSkasti taldeko abeslaria
Indie, erritmo baltzak, funkia, rocka, rock alternatiboa era gardenean erakusten ditue Skasti taldeko kideek euren laugarren lanean. Ye izena daroan disko honetako hamahiru abestietan injustizia txikietan erreparau dabe: hartu-emon toxikoak edota teknologia barrietatik aldentzeko beharrak dira gaietako batzuk.
Skasti orain dala hamahiru urte sortu eban Zarauzko musikari talde batek, sasoi haretan taldekideak oso gazteak ziran eta lehen eta orain entzuten daben musikea sano desbardina dala autortuta, sorkuntzan eragina izan dauela dinoe. Taldeak hilaren 22an, eguenean, aukeztuko dau lan barria Bilboko Kafe Antzokian.
1.- Hamahiru urte dira taldea sortu zenduenetik. Barrutik ikusita, zelako garapena izan dau?
Hamahiru urtean, etenbako garapena izan da. Kideei jagokonean, esaterako, taldea sortu ebenetako batzuek proiektua laga dabe dagoeneko, eta beste batzuk batu jakoz. Gaur egun taldea osotuten dogun musikariak be aldatu egin gara taldean gagozanetik, jakina; hortaz, bakotxak taldeari egiten deutsagun ekarpena osoagoa dala esango geunke. Halandabe, denpora horretan, norbanakoetatik haragoko zeozer sortu dala uste dot, izaera propioa dauena, taldekideen nortasunen batuketea baino gehiago dan zeozer, eta nortasun kolektibo hori da orain be garatzen dabilena.
2.- Hasiera baten ska doinuak ziran zeuen musikearen oinarria, baina horreek aspaldi laga zenduezan alde batera, Maskarak diskoan jada beste aire edo freskotasun bat atzemon eitekeen. Ye-gaz be beste erritmo batzuk izan dira nagusi: rock alternatiboa, pop-a indie-a entzun daitekez. Zelan jazo da aldaketa hori?
Modu naturalean, asko pentsau barik. Aurreretxirik barik jokatzea izan da, segurutik, aldaketa hain nabariaren erantzule.
3.- Zaleek zelan hartu eben estilo aldaketa hori?
Egia esateko, danetik izan dogu; aldaketea ulertu ez ebanik izan genduan, edo, areago, penaz hartu ebanik, aurretik landu izan genduan musika-estiloaren zaleak ziralako, baina baita bide barria txalotu eta hauspotu ebanik be. Finean, geure buruagaz koherenteak izaten jarraitzeko hartu beharreko arriskua izan zan eta konplexu barik hartu genduan. Holan egin izan ez bagendu, akaso ez ginakez gaur alkarrizketa hau erantzuten ibiliko.
4.- Skasti izena be aldatzea pentsetan ibili zinien, baina azkenean eustea erabagi zenduen. Zergaitik?
Egia da taldearen izena diskordantzian dagoala gaur egun egiten dogunagaz, eta, bai, izena aldatzekotan egon ginan garai baten, ze bagenkian izen hori entzun edo irakurteak gugandik musika estilo oso zehatz bat espero izatera eroan eikeala publikoa. Halandabe, eztabaida askoren ostean, geure izenagaz segidutea erabagi genduan; bat, izan ginenaz harro gagozalako; bi, hasiera baten ahulgune emoten ebana indargune bilakatzen saiatzeagaz gozau egiten dogulako; eta hiru, guk egin dogun moduan, publikoa aurreretxi barik jokatzera konbidatzeko modurik onena dalako.
5.- Doinuagaz batera gaiak be ez dira hasiera baten jorratzen zenduezanak, orain barrura begiratzen dozuela dinozue, hur dozuezan gaietan jarten dozue arretea. Zer eragin nahi dozue jenteagan?
Askotan, urrunegi toketan jakuzan gaiez berba egiteak ikuspegia galtzera eroateko arriskua egon lei. Uste dogu askoz modu sakonagoan eta zintzoagoan eragin geinkela hurrago dituan edo bere egin leikezan gaien ganean berba egin ezkero. Emozinoak piztu nahi deutsaguz entzuten gaituenari.
6.- Ye izena jarri deutsazue diskoari. Nondik dator?
Baieztapen oihua da, zeozelan esateko; motibazinoa iradokitzen deuskuna. Oso erabilia gure artean eta gure inguruan. Gordina. Erraz gogoratzekoa. Itsaskorra. Internazionala.
7.- Hogeita bat abesti sortu zenduezan disko barrirako, baina azkenean hamahiru aukeratu dozuez...
Holan da, bai. Inoz erabili bako metodoa zan eta bagenkian beste hainbat taldek holan egiten dabela, eta probetako gogoa genduan. Abesti onak sortzeko eta diskoan onenetan onenak sartzeko aukerea izateko egin genduan holan. Proiektu asko alde baten geratu dira eta, kontrara, baztertuta genduan bakarren bat berreskuratu egin dogu; Bi kantua, esaterako. Barritzailea izan da gure barruan eta uste dogu asmau dogula.
8.- Noz hasi zinien kanta honeek sortzen eta honeei formea emoten?
Aurreko diskoaren prozesuagaz amaitu genduan une berean. Eta ia esango neuke aurreko diskoa atontzen gengozala gutako asko hasi ginala dagoeneko gerora Ye izango zan lan barria zehazten. Esan nahi doguna da oso gatxa egiten jakula zehaztea noz hasi ginan azkeneko diskoko kantuak sortzen. Egia da estudioan sartzeko eguna hurreratzen joian ahala azeleradorea zapaldu behar izan genduala, baina gero abesti bilakatu diran zirriborroak baebizan denporatxu bat geure buruetan.
9.- Gasteizko Kubik aretoan aurkeztu zenduen Ye diskoa. Zelako harrerea izan eban eta zelan islatu da diskoa zuzeneko horretan?
Nire ustez, jenteagan eragina izan eban. Aurreko biran askotan jazo jakuna da, ezagutzen ez ginduzan publikoa harrituta geratu zan kontzertuetan; emonaldia gustukoa eban edo ez erabagiten eban bitartean, zur eta lur geratzen zan. Zuzeneko basatiaren bila genbilzan eta orain be horretan gabilz lanean.
10.- Zelan dozue agendea hurrengo hilabeteetarako?
Zezeilaren 22an, Bilboko Kafe Antzokian izango gara eta martiaren 3an, barriz, Orioko Etxeluze Gaztetxean. Kontratazino-fasean gagoz hortik aurrerako kontzertuak finkatzeko.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!