Gotzon Barandiaran: 'Zerbitzu publiko legez ulertzen dogu Sortzaileak.eus'

Dabi Piedra 2018-02-12 13:45   Barriketan

Sortzaileak.eus atariaren bultzatzailea.

Berria Fundazinoaren bekeari esker, Sortzaileak.eus ataria martxan ipini dau Gotzon Barandiaranek, Josu Landa eta Unai Iturriagaren laguntzinoagaz. Euskal sortzaileen katalogoa da, zazpi arlotan banatuta: Ikus-entzunezkoak, musikea, literaturea, arte plastikoak, bertsolaritzea, antzerkia eta jantzea. Erabiltzaileek 2.200 sortzaileren fitxak topauko ditue datu-base horretan.

Behin ataria abian jarrita, baina, haren geroaz kezkatuta dago Barandiaran. Berria bekako dirua (12.000 euro) proiektua sortzeko zan, baina egindakoari zelan eutsi ikusi beharko da orain. Ganera, sortzaile eta disziplina artistiko gehiago sartu gura ditu, inor albo batera ez ixteko. Sortzaileak.eus-ek zerbitzu publikoa emoten dauela uste dau Barandiaranek eta, hortaz, erakundeen babesa eskatu dau.


1.- Euskal sorkuntzearen ikuspegi orokorra emoteko beharra egon dala uste dozu?

Ni aspalditik nabil hainbat kulturgile batzen diran foroetan parte hartzen, egoereari buruzko hausnarketea egiteko, eta gehienetan, danetan ez bada, gakoetako bat gure ikusgaitasuna izan da, zelan ez dogun lortzen jenteagana heltzen, ezta euskaldunakana be, horrek esan nahi dau euskaldunok ez dogula geure kulturgintzea ezagutzen. Susa argitaletxeak Armiarma proiektua martxan ipini eban 2000. urtean, euskeraz helduentzako libururen bat argitaratu dogun guztiok gagoz atari horretako Literaturaren Zubitegia atalean. Ni Susako kidea naz, eta beti pentsau dogu zergaitik ez dogun egingo kultura-adierazpide guztietako sortzaileon katalogoa. Urte dezentetan euki dogu buruan proiektua eta Berriak bekarako deialdia aurkeztu ebanean, aukera ona begitandu jakun.


2.- Norentzat da probetxugarria katalogoko edukia?

Asmoa da euskal sortzaile guztien ikusgaitasuna, bisibilidadea, bermatzea. Era berean, eguneroko beharrerako tresna bat izatea gura dogu. Esaterako, antolatzaile edo programatzaileentzat aproposa da, ekitaldiak, mahai-inguruak edo dana dalakoa antolatu behar badabe. Mundu horretan dabizan profesionalentzako be balio leike, edo eragileentzat, gaztetxeak izan zein erakundeetako kultura sailak. Ganera, jakina, kazetarientzat be tresna ona da, eta hezitzaileentzat be bai, gure kulturearen transmisinoa bultzatu behar dalako. Azken baten, herri honetan kulturgintzan nortzuk gabizan erakusten dau, argazki integral edo oso bat emonaz.


3.- Zazpi arlotako sortzaileak sartu dozuez katalogoan. Ganerakoak aurrerago helduko dira?

Kontuan hartu behar da hau Berria Fundazinoaren beka bati esker egin dogula, hau da, hedabide batek egin dau deialdia, ez erakunde publiko batek. Urtebeteko epea eta 12.000 euro izan genduzan. Epe eta diru horregaz, zazpi kultura adierazpidetako sortzaileen katalogoa sortu dogu, baina badakigu hor beste batzuk falta dirana, esaterako komikigileak, ilustratzaileak, eskultoreak eta argazkilariak. Hori ondo dakigu, eurek esan deuskuelako eta baten batek kargu hartu deusku. Hau 1.0 fasea da, gure asmoa beti izan da sortzaile guztiak batzea, ez inor kanpoan ixtea.


4.- Behin Berria bekako dirua amaituta, zer egingo dozue katalogoa osotuten joateko?

Zerbitzu publiko legez ulertzen dogu Sortzaileak.eus, gure asmoa finantziazinoa lortzea da, eta horren parte bat erakunde publikoetatik etorri behar dala uste dogu. Euskerearen lurralde guztiko erakundeen inplikazinoa garrantzitsua litzateke, hau da, Euskal Elkargoa, Nafarroako Gobernua, Jaurlaritzea, aldundiak, mankomunidadeak eta abar. Finantziazinorik ezean, atari hau jaio eta hil egingo da, hau elikatzen segidu behar da. Gu ez gara geratu, ataria aurkeztu genduanetik fitxa gehiago sartu doguz eta komikilariakaz hitzordua daukagu hil amaieran, euren alorra zelan sartu aztertzeko.


5.- Katalogoa zabaltzea ez dago zuen esku, hortaz.

Sortzaile guztiak ez dagoz katalogoan, baina euki doguzan epeak eta finantziazinoak ez dabe gehiagorako emon. Ikusten da badagoala eskari bat, ez bakarrik sortzaileen partetik, beste batzuek be esan deuskue falta dirala gauza batzuk. Badaukagu argudio-zerrenda bat finantziazinoa topetan goazanean beharrizan hori erakusteko.


6.- Atari askotan sakabanatuta egon dan informazinoa gune bakarrera ekarri dozue, horrek zertan lagunduko dau?

Argitu behar da Sortzaileak.eus katalogo bat dala, guk ez dogu ez dagoan lekuan ezer sortu gura, ahal dala. Gura doguna da, sarean dagoan edukia atari honetara ekartea, erabiltzaileak lehenengo pausua egin daian eta, ondoren, jatorrizko atarietara joan daitela, horreek osotuagoak diralako. Atari horreen artean dago, esaterako, Badok, musikearen ingurukoak bertatik hartu doguz. Literaturaren Zubitegitik literaturea hartu dogu, bertsolarien atala Bertsozale Alkartearen datuetatik abiatuta egin dogu, Dantzan.eus-etik jantzariak hartu doguz eta Ganbara-tik ikus-entzunezkoena. Okela Sormen Lantegiak egindako batze lan handitik, Aktoreen Euskal Batasunetik... leku askotatik hartu doguz datuak eta gaian sakondu gura daben erabiltzaileak horreetara bideratu doguz. Dagoanetik zurrupatu egin dogu guk.


7.- Sortzaileek eurek be ekarpenak egin leikiez?

Bai, esaterako musika talde batek deitu deust galdetzen ia zergaitik eurak ez diran agertzen. Ba hori da Badok-en ez dagozalako. Euki doguzan baliabideakaz ezin izan doguz ez dagozanak sartu, ganera Badok bera egiten dabil lan hori. Orduan, holakoetan esaten deutsegu Badok-era joteko, han agertu daitezan, eta gero guk zurrupatu egingo dogu informazino hori. Hori da Sortzaileak.eus-en jarrerea, batzearena, baina lehendik eginda egon dana kontuan hartuta eta errespetauta.


8.- Gaur egun 2.200 fitxa baino gehiago dagoz katalogoan. Zelako lana izan da halako datu-base zabal bat sortzea?

Hainbat pausutan egin dogu. Lehenengo batzar batzuk egin genduzan gure informazinoaren oinarri diran webguneetako arduradunakaz, Badok, Dantzan eta horreekaz, horreek dira gure auzolankideak. Ganera, sortzaile ugarigaz eta kultura antolaketan dabizanakaz be egon ginan. Behin adostu genduanean zer eta zelan egin, sarean ondo arakatzen hasi ginan, ze datu-base dagozan ikusten. Datu-baseetatik lortu ez doguzanak lantzen be ibili gara, adibidez argazkien kasuan, ahalik eta gaurkotasun eta kalidade handienekoen bila. Pare bat adierazpide kulturaletan guk geuk sortu doguz datu-baseak. Hemen 12.000 euro baino dezente gehiagoko lana dago.


9.- Unai Iturriagak eta Josu Landak zelan lagundu deutsue?

Unai Iturriagak diseinu grafikoa egin dau, itxura estetikoa. Josu Landak, ostera, garapen informatikoaren ardurea hartu dau, inurri-lan handia egin dau alor informatikoan. Josu eta bion artean pentsau genduan ataria zelan antolatu, gero Unairi esan geuntsan zein zan gure idea eta irudia sortu eban berak.


10.- Azken 15 urteotan sorkuntzan ibili diranak baino ez dozuez sartu katalogoan. Zergaitik emon deutsazue lehentasuna gaur egungoei?

Barriro goaz finantziazinoaren kontura. Euki genduan kopuruagaz, adierazpide kultural bakotxaren historia osoa batzea ezinezkoa zala konturatu ginan. Orduan, erabagi genduan gaur egungo sortzaileak hartzea, hasiera baten behinik behin. Derrigortuta hartu dogun erespide bat izan da. Horrek ez dau esan gura, inondik inora be, ez dogunik 2002tik atzerakoa ahaztu. Gure jarrerea, abiapuntua eta borondatea batzen segidutea da, hau 1.0 bersinoa da, kontua da horretarako inbersino bat behar dogula. Honelako lan batek ordu eta baliabide asko eskatzen ditu.


11.- Hizkuntza aldetik zein da erespidea? Euskerazko sortzaileak baino ez dagoz?

Hau euskal sortzaileen katalogoa da, euskeraz lan egiten dabenak baino ez doguz sartu. Kasu batzuetan ez dago horren garbi nor sartu eta nor ez, esaterako arte plastikoen kasuan. Fitxak begiratu, eta euskeraz sortzen dabela dinoenak, ba horreek aukeratu doguz. Ez da izan horren gatxa bereizketea egitea, jatorrizko webguneetara jo eta han nahiko ondo zehaztuta dagoalako.


12.- Sorkuntzearen munduko errealidadeak agertzeko be balio leike zuen atariak, ezta? Esaterako, sortzaileen % 30 emakumeak dirala dinoe zuen datuek, oraindino parekotasunik ez dagoala erakutsi dau horrek.

Batez be, aspaldiko honetan adierazpide kultural batzuen inguruan zabaldu diran uste batzuei galgea ipinteko balio leikie datuok. Asko entzuten izan dogu aspaldion, literaturan, argitaratzen daben emakumeen eta gizonen kopurua parekatzen doala, baina gure fitxen arabera, gizonezkoak dira % 78. Bertsolaritzan antzeko eretxia zabaldu da, baina gizonezkoak dira bertsolarien % 78. Musikarien kasuan nabarmenagoa da, gizonezkoak dira % 84.

Gure asmoa da finantziazino sendorik ez badogu lortzen eguneroko lanerako, ahalegintzea gitxienez urtean behin edo birritan eguneratzen. Hor azaleratuko diran datuek emongo deuskue jokeren barri, hor azterketarako eta gogoetarako edukia egongo da, duda barik.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu