Euskal sortzaileen katalogoa egin dau Gotzon Barandiaranek

Bizkaie! 2018-02-02 08:38   Kulturea

Berria bekeari esker, 2.200 norbanako baino gehiagoren fitxak batu ditu webgune bakarrean.

Euskal kulturearen ikuspegi orokorra emoteko eta eguneroko lanean dabizan kulturgileen erreferentzia bateratua eskaintzeko asmoz, Sortzaileak.eus katalogoa atondu dau Gotzon Barandiaranek, Berria Fundazinoak emon deutsan bekeari esker. Zazpi disziplina kulturaletako sortzaileak sartu ditu, oraingoz, webgunean: Ikus-entzunezkoak, musikea, literaturea, arte plastikoak, bertsolaritzea, antzerkia eta jantzea.

Webguneak hainbat tresna eskaintzen deutsaz erabiltzaileari; batetik, atalka banatuta, sortzaile bakotxaren fitxea: Argazkia, datuak, loturak, bakotxaren webgunea... Bestetik, bilaketak egiteko aukerea be badago. Musikearen atalean, ganera, taldeen zerrendea dago, norbanakoenagaz batera. Aitatu behar da, katalogoa gaur egungo sortzaileen ingurukoa dala, hau da, agiri diran guztiak bizirik dagoz eta sorkuntzaren baten parte hartu dabe azken 15 urteotan.

Andoaingo Martin Ugalde parkean egindako aurkezpenean, Gotzon Barandiaranek azaldu dau lan kolektibotzat dauela proiektu hau, izan be, bultzatzaile nagusia bera dan arren, sortzaile eta aditu askoren ekarpena jaso dau. Horri esker, sortzaileen lana batu, ikusgai egin eta transmitiduteko tresnea sortu dauela dino, ikuspegi oso eta integrala eskainita, ganera.

Lehendik be martxan egon diran datu-baseak erabili dituala aitatu dau Barandiaranek, bere bilketearen oinarri; esate baterako, musikeaz arduratzen dan Badok atala, Bertsozale Alkartearen webgunea, Dantzan.eus jantzan, Ganbara ikus-entzunezkoetan eta Armiarma literaturan. Arte plastikoetan eta antzerkian nekezagoa izan da bilaketea, erreferentziazko webgunerik ez dagoalako.

Kontuak kontu, euskal sortzaileen katalogo oparoa da Gotzon Barandiaranek abiatu barri dauena: 2.229 fitxa dagoz. Datu batzuk be agirian ixten ditu batze lan horrek, berbarako, emakume eta gizonen arteko orekea zenbaterainokoa dan. Euskal kulturan, behinik behin, arrakalea nabarmena da oraindino: Katalogoko sortzaileen % 30 dira andrazkoak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu