Amaia Apalauzak eta Iñigo Roquek irabazi dabe Jokin Zaitegi Saria

Bizkaie! 2018-01-18 08:33   Kulturea

Kazuo Ishiguro Nobel saridunaren The Remains of the Day euskeratuko dabe.

Amaia Apalauza eta Iñigo Roque (argazkia: Elkar) | Ikusi handiago | Argazki originala

Elkar argitaletxeak eta AED-k Arrasateko Udalaren eta Laboral Kutxaren laguntzinoagaz antolatzen daben Jokin Zaitegi itzulpengintza-sariak badaukaz irabazleak. Amaia Apalauza eta Iñigo Roque aukeratu ditue epaimahaikideek igazko Nobel Saria irabazi eban autorearen obra esanguratsu bat euskerara itzultzeko.

Kazuo Ishiguro japoniar jatorriko idazle ingeleseari emon eutsien 2017ko Literatura Nobel Saria; haren The Remains of the Day nobela ezagunaren lagin bana aurkeztu behar izan dabe Jokin Zaitegi sariketan parte hartu daben guztiek. Epaimahaian Asun Garikano, Xabi Paya eta Xabier Olarra egon dira, eta Apalauzaren eta Roqueren proposamena begitandu jake egokiena.

Hartara, Jokin Zaitegi sariak beragaz dakarren bekeari esker, Ishiguroren elebarria euskeratuko dabe itzultzaile biek hurrengo hileetan. 2018aren amaieran argitaratuko dau itzulpena Elkarrek eta, era horretara, Nobel Saria irabazi daben idazleen lanak euskeraz egon daitezan, beste pausutxu bat egingo da, Zaitegi sariaren helburu nagusia horixe da eta.

2002an hasi ziran bekea emoten eta, harrezkero, urtero liburu bat itzuli dabe, 2004an (saria hutsik geratu zan) eta 2013 eta 2014an (ez zan antolatu) izan ezik. Era horretara, azken urteotako Literatura Nobel Sarietako irabazle gehienen lan bana, gitxienez, euskeraz egotea bermatu ahal izan da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu