Literaturako Nobel Saria, Kazuo Ishigurori
2017-10-05 13:28 KultureaJatorri japoniarra dauka baina Britainia Handikoa da eta ingelesez idazten dau.
Kinieletan agiri ziran faborito nagusiak albo batera itxi, eta Kazuo Ishiguro saritu dau Suediako Akademiak, herrialde haretako uriburu Stockholmen egindako agerraldian jakitera emon dauenez. Nagasaki urian jaio zan Ishiguro, 1954an, baina 1960tik Ingalaterran bizi izan da eta, hortaz, britainiarra da japoniarra baino gehiago. Literaturan egin dauen ibilbide bikainagaitik, Britainiar Inperioko Ofizial izentau eben 1995ean eta Frantziako Arteen eta Letren Zaldun be bada. Orain, literaturearen munduko errekonozimendurik handiena emon deutsie, Nobel Saria.
Zazpi nobela argitaratu ditu Ishigurok, baita narrazino bildumak be. Abestietarako berbak eta gidoiak be egin izan ditu. Ingelesez idazten dau, etxean japonieraz ikasi eban arren. Bere obrea 40 bat hizkuntzatara itzulita dago (euskerara, ez) eta hiru nobela zinemarako egokitu ditue. Gaur egungo autorerik esanguratsuenetako bat da ingelesezko fikzinozko literaturan, adituen esanetan.
A Pale View of Hills izan zan Ishigurok plazaratutako lehenengo elebarria, 1982an. Ordurako, obra labur batzuk idatzita zituan, baina lehenengo nobela haren ostean hasi zan produkzino literarioa handitzen. Hamarkada haretan beste elebarri bi atera zituan (tartean The Remains of the Day ezaguna), baina 1990ekoan bakarra (1995eko The Unconsoled), 2000koan barriro bi. 2015eko The Buried Giant dau azken nobelea.
Indar emozional handiko nobelen bidez, mundura lotzen gaituen ilusinozko sentipenaren azpiko amildegia agirian itxi dau, adierazo dau Nobel Sarietako epaimahaiak, Ishigurori saria emoteko arrazoiak aitatzeko erabili dauen ohar laburrean. Jakinmina egon da aurtengo irabazlea ezagutzeko, igazko polemikearen ondorioz. Bob Dylan musikariari emon eutsien Literaturako Nobela eta askok ez eben erabagia ulertu.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!