Ingurune digitala aintzat hartuko dau Euskerearen Adierazle Sistemeak

Bizkaie! 2018-01-03 10:38   Euskerea berbagai

Sare sozialetan, webguneetan eta bestelakoetan euskerearen lekua aztertuko dau.

Abenduan aurkeztu eben EAS (argazkia: Irekia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Eusko Jaurlaritzeak, Nafarroako Gobernuak, Euskerearen Erakunde Publikoak eta foru aldundiek bultzatuta sortu zan orain dala aste batzuk Euskerearen Adierazle Sistemea (EAS), hizkuntzearen osasuna neurtzeko tresna barritzailea. Euskerearen egoerea ahalik eta zehatzen ezagutzeko helburuari eutsiz, ingurune digitaleko adierazleak be aztertuko dituela iragarri dabe bultzatzaileek.

Internetek eta mundu digitalak zeresan handia daukie gaur egungo gizartean, baita hizkuntzearen arloan be. Euskereak ingurune digitalean dauen osasuna neurtzeko, lau adierazle hartuko ditue kontuan EASen: euskerearen erabilerea sare sozialetan, hizkuntzearen eskaintzea web-edukietan, erabilerea web-edukietan eta euskerearen eskaintzea ingurune digitaleko azpiegituretan.

Behin adierazleak zehaztuta, horreek neurtzeko lanari ekin deutsie. Sare sozialei jagokenez, esaterako, Twitter hartu dabe oinarritzat. Euskal Herriko erabiltzaileen zerrendea sortu dabe era automatikoan, eta horreen mezu guztiak sailkatu ditue hizkuntzearen arabera: Lehenengo neurketan, mezuen % 18 izan dira euskeraz.

Web-edukietako euskerazko eskaintzea neurtzeko, PuntuEus behatokiko emaitzak hartzea erabagi dabe. Euskal Herrian erregistrautako webgune guztietako web-orriak deskargau, eta hizkuntzearen arabera sailkatzen ditu sistemeak. 2016ko emoitzen arabera, Euskal Herriko webguneen % 12k ditue euskerazko edukiak.

Web-edukietan euskerearen erabilerea zenbatekoa dan neurtzeko adierazlea bitan banatu dabe: Alde batetik, euskera hutsezko webguneen erabilerea neurtzen da, eta bestetik, euskerearen erabilerea webgune eleaniztunetan. Oraingoz, lehenengo adierazlea neurtu dabe. Zemendian, adibidez, euskera hutsezko webguneetan 7,1 miloe orri bisitau dira.

Amaitzeko, ingurune digitaleko azpiegituretako euskerazko eskaintzea neurtzeko adierazlea hiru azpiadierazletan banatu dabe: euskerazko eskaintzea aplikazino mobikorretan, euskerazko eskaintzea web-zerbitzuetan eta euskerazko eskaintzea oinarrizko tresna eta sistema eragileetan. Gehien erabilten diran aplikazino mobikorretan, euskerazko eskaintzea % 25ekoa da, eta gaztelania eta frantsesezkoa, barriz, % 100ekoa. Bestetik, web-zerbitzuen % 40 euskeraz dagoz, eta oinarrizko tresna eta sistema eragileen % 62.

Adituen arabera, ingurune digitala hiztun gitxiko hizkuntzetarako babesleku zein arrisku-esparru izan leiteke. Hizkuntza batek ingurune digitalean dauen egoereari bizitasun digitala deitzen jako. Zenbat eta hobeto posizionauta egon ingurune digitalean, orduan eta bizitasun digital hobea izango dau hizkuntza batek. Beharrezkoa da, beraz, bizitasun digitalaren aldizkako monitorizazino-prozesu bat, ingurune digitalean hizkuntza baten bakotasunak eta indarguneak atzemateko, EASen bultzatzaileen esanetan. Diagnostiko-prozesu hori ezinbestekoa da geroko zuzentze-neurriak behar dan moduan bideratzeko eta ondo dagozan esparruei eusteko.

Azken urte biotan, Euskerearen Adierazle Sisteman ingurune digitaleko adierazleak modu berezian landu ditue Soziolinguistika Klusterrak eta Elhuyarrek alkarlanean. Lantalde horretako kide izan dira Iñaki Martinez de Luna, Euskerearen Adierazle Sistema proiektuaren zuzendaria; Maite Goñi, Euskerearen Aholku Batzordeko kidea eta IKT batzorde-ataleko arduraduna; Joseba Laka, Tecnaliako European Software Institute-ko zuzendaria; eta Josu Waliño, PuntuEus Fundazinoko zuzendaria.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa