Euskerearen Adierazle Sistemea aurkeztu dabe
2017-12-21 08:22 Euskerea berbagaiHizkuntzearen osasuna neurtzeko tresna barritzailea da.
Euskerearen Adierazle Sistemea (EAS) aurkeztu dabe Donostian. Hizkuntzearen osasunaz informazinoa era zehaztu eta sistematikoan emongo dau tresna honek. Eusko Jaurlaritzeak, Nafarroako Gobernuak, Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoak eta Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko foru aldundiek sustatutako ekimen honen barruan 33 adierazle nagusi batu dira, euskerearen egoerearen inguruan informazinorik nabarmenena emoten dabenak hain zuzen.
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Mikel Arregi Nafarroako Gobernuko Euskarabidea institutuko zuzendaria eta Mathieu Bergé Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoaren presidenteordea izan dira tresna hau aurkezteko arduradunak. Aurkezpenean aldundietako ordezkariak be izan dira. Guztira, 598.488 euroko aurrekontua izan dau proiektuak.
Hizkuntza politikearen alorrean aspalditik egon da Euskerearen Adierazle Sistema bateratua izateko anbizinoa. Orain arte erakunde bakotxak bazituan bere erreferentziazko adierazleak, baina ez zan honelako lankidetzarik sustatu garrantzitsuenak nabarmentzeko. Aurkeztu dogun webgunean pisuzkoenak jaso dira, eta era dinamikoan barriztau ahal izango dira beharrezko ikusten bada, azaldu dau Zupiria sailburuak.
Proiektu honen abiapuntuan euskerearen errealidadea ahalik eta zehatzen ezagutzeko helburua dago, beharrezkoa dalako hizkuntza politika eta estrategia eraginkorrak sustatzeko. Euskerearen egoerearen barri emoten daben hainbat tresna eta ikerketa dagoz gurean: Inkesta Soziolinguistikoa, Arrue Txostena, erroldea, Kale Neurketea… EASen iturri horreetatik hartutako daturik esanguratsuenak batu eta 33 adierazle horreek aukeratu doguz, adostasun politikoan, teknikoan eta gizarte mailakoan oinarrituta. Adierazle barriak gehitu leitekez sistemara.
EASek Euskal Herri osoa hartzen dau eta, honi esker, administrazinoek zein era askotako erakundeek jatorri ugaritako hainbat datu izango ditue eskura. Eusko Jaurlaritzeak, Nafarroako Gobernuak eta Euskararen Erakunde Publikoak garagarrilaren 3an sinaturiko lankidetza-hitzarmenari esker heltzen da EAS euskerearen eremu osoa hartzera.
Tresna hau oso baliogarria izango da hizkuntza politikea kudeatzeko ardurea daben administrazino guztientzat. Ganera, bestelako hainbat erakundek be probetxua atera ahal izango deutsie: unibersidadeek, enpresek… uritar guztien eskura egongo dira datuak, eta gai honetan interesa daben guztiek konsultau ahal izango ditue. Lau hizkuntzatan aurkezten dira EASeko datuak, euskeraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!