Euskaraldiari babesa agertu deutso Euskaltzaindiak
2017-12-26 07:55 Euskerea berbagaiHamaika egunez euskeraz berba egiteko ekimena Akademiaren mendeurrenaren urtean egingo da.
Eusko Jaurlaritzako eta Topaguneko ordezkariek Euskaltzaindiaren egoitzea bisitau dabe, Bilbon, Euskaraldia-11 egun euskaraz ekimenaren barri emoteko. Akademiaren Osoko Bilkuran euskerearen erabilerearen aldeko jarduera barri hori aurkeztu dabe, helburuak eta asmoak zeintzuk diran azalduz.
2018ko zemendiaren 23tik abenduaren 3ra bitartean egingo dabe Euskaraldia, Euskal Herri guztiko erakunde, alkarte eta herritarren babesagaz. Hain zuzen be, Euskaltzaindiaren mendeurrena ospatzeko ekitaldiak be sasoi horretan antolatuko ditue, euskerearen akademia 1918an sortu zan eta. Euskaltzaindiaren mendeurrena ospatuko dogun garai beretsuan anbizino handiko proiektu hau izango dogu martxan euskerearen lurralde osoan, hizkuntza-ohituretan eragiteko eta erabilereari bultzada bat emoteko asmoz, azpimarratu dau Bingen Zupiria Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak.
Andres Urrutia euskaltzainburuak Euskaraldian parte hartzeko deia egin deutse herritarrei: Eskatuko deutset jatorriz euskaldun diranei, aktibau daitezala berehala, egunero; baina, horrezaz gan, euskerearen mundura hurreratzen diranakaz jarrera abegikorra eta ulerkorra izateko, adierazo dau Urrutiak. Euskaldunei eskatuko deutset euskera batuagaz batzuetan agertzen daben mesfidantzea baztertzeko; batuak, beste gauza askoren artean, euskaldunon arteko komunikazinoa bermatzen dauelako Euskal Herri zabalean, ez inkomunikazinoa; batua geure egin behar dogulako, herrialdeetako euskerak be aho-mihinetan doguzala.
Era berean, Urrutiak gogoratu nahi izan dau Akademiak euskalgintzan izan duen parte-hartze aktiboa. Euskalgintzearen esparrurik esanguratsuenak bultzatu ditu Euskaltzaindiak, beti herriaren beharrizanei adi, baita momentu latzenetan be. Euskaltzainburuaren esanetan, Euskaraldian be beste horrenbeste egin nahi dau.
Topaguneko buru Elena Lakak be, erakundeen eta euskalgintzako eragileen arteko alkarlana ezinbestekotzat jo dau, Euskaraldia erantzun handikoa izan daiten eta euskerearen erabilereak gora egin daian. Euskerearen aldeko herri mobimenduak batzen doguz Topagunean, beraz, badakigu lankidetzea zer dan, esan dau Lakak, eta momentua da lankidetzan jarduteko, erakunde eta gizarte eragileok, guztiok batera, inertziak astindu eta hizkuntza ohiturak aldatu daiguzan, gure eguneroko hartu-emonak euskeraz izan daitezan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!