Euskaraldia, euskerearen erabilerea indartzeko ekimena aurkeztu dabe

Dabi Piedra 2017-11-23 12:59   Euskerea berbagai

Erakunde, eragile eta herritarren arteko alkarlanaren bidez, hiztunen aktibazinoa bilatuko dabe 2018ko zemendiaren 23tik abenduaren 3ra.

Erakunde publikoetako eta gizarte eragileetako ordezkariak, Bilbon egindako aurkezpenean | Ikusi handiago | Argazki originala

Azken urteotan euskeraz dakienen kopuruak nabarmen egin dau gora, batez be, gazteen artean. Gauza jakina da, baina, ezagutzeak gora egiteak ez dakarrela, berez, erabilerea be neurri berean igotea. Euskerea bizibarritzeko bidean, erronka nagusietako bat da gaur egun erabilerea, eta alor hori da Euskaraldia ekimen barriaren oinarria.

Gaur egin dabe aurkezpena, Bilbon, baina urtebete itxaron beharko da kanpainearen une gorena heltzeko: 2018ko zemendiaren 23tik abenduaren 3ra, hamaika egunez, Euskal Herriko txoko guztietako hiztunak euskeraz berbetan ipini nahi ditue: Euskaldunek alkarren artean euskeraz egitea, edozein egoeratan, eta euskeraz jakin ez arren ulertzen dabenek be parte hartzea. Hainbat herri eta auzotan azkenaldion egin diran hainbat ekimenen parekoa da Euskaraldia, baina Euskal Herri osorako izango da.

Topaguneko kide eta Euskaraldiaren koordinatzaile dan Arrate Illarok azaldu dauenez, ardatz nagusi bi izango ditu ekimenak: Euskeraz dakienen hartu-emonetan eragitea, euskeraz berba egiteko ohiturea hartu daien; eta erakundeek hori errazteko neurriak hartzea. Euskaldunak martxan jarri nahi doguz, esan dau Illarok, inertziak apurtu eta ohitura linguistiko barriak sendotu.

Alkar ezagutzen ez dabenen arteko euskaldunen lehenengo hartu-emonak euskeraz izatea garrantzitsua dala dino Illarok: Lehenengo berbea euskeraz danean, aukera handiagoak dagoz hartu-emon barri horreek gero euskeraz segitzeko. Euskaraldian parte hartuko dabenak moltso bitan banatuko ditue: Ahobizi eta belarriprest. Lehenengoak euskaldun aktiboak izango dira, edozeinegaz euskeraz egiteko prest dagozanak. Bigarrenak, euskerea ikasteko prozesuan dagozanak edo pixka bat dakienak, euskaldunei euskeraz egitea erraztuko deutsienak.

Datorren urteko hamaika egun horreek besteko garrantzia dauka bideak, Illarok azpimarratu dauenez. Izan be, Euskaraldia arrakastatsua izan daiten eta hiztunak aktibau daitezan, aurretik lanketea egitea beharrezkoa da. Aurreratu dauenez, euskaldunak aktibetako jarduerak eta Euskaraldian zelan jokatu ikasteko tailerrak antolatuko ditue.

Euskaraldiaren ezaugarri nagusietako bat eragileen arteko alkarlana da. Herritarrakan eragitea da asmoa, baina erakunde publikoek eta gizarte eragileek bat egin dabe, euren bultzadea ezinbestekoa dalako. Dagoeneko, 23 erakundek bat egin dabe, tartean Eusko Jaurlaritzeak, Nafarroako Gobernuak, Euskerearen Erakunde Publikoak, foru aldundiek eta udalen ordezkariek. Ganera, Topagunea, Kontseilua, EHU, Eusko Ikaskuntza eta abar dagoz zerrendan.

Bingen Zupiria Jaurlaritzako Kultura sailburuak adierazo dauenez, nork bere aldetik jo ezkero, jai dogu. Horregatik, erakunde eta eragile guztien arteko alkarlana ezinbestekoa da euskerearen aurrerabidean. Topaguneko Elena Lakak zehaztu dauenez, lau zutabetan oinarritzen da lankidetza hori: Herritarrak, erakunde publikoak, erakunde pribaduak eta gizarte eragileak.

Beñat Arrabit Euskerearen Erakunde Publikoko ordezkariak auzolanaren ohiturea gogora ekarri dau, eta erakundeen babesa ezinbestekoa dala ganeratu: Protagonista nagusiak herritarrak dira, baina norbanakoen urratsek erakundeen gerizea behar dabe. Arrate Illaroren ustez, ahalegin kolektiboak banakoen pausuak erraztuko ditu.

Azken finean, hiztunak suspertu eta herritar bakotxak ahalegintxua egitea dira helburuak baina gizarte osoaren egitasmotzat hartu behar da Euskaraldia, hizkuntzak eurak be fenomeno soziala diran ezkero. Horregaz lotuta, Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok zera adierazo dau: Hizkuntzen berreskurapenean, faktore politikoagaz batera, gizartearen parte-hartzea ezinbestekoa da. Modu kolektiboan ahaldundu gaitezan, eta ikusiko dogu holan zelako aldaketak eragin geinkezan.

Era honetako ekimen bat martxan jarri zan lehenengo lekuetako bat Lasarte-Oria izan zan. Hango euskera alkarteko kide Naiara Mujikak esperientzia ona izan zala azaldu dau. Erabilerea bizibarritu eta indartu zan nabarmen. Ganera, inkestetan ikusi dabenez, orduko jarrera aldaketeari eutsi deutsie Lasarte-Orian, ez zan egun batzuetako kontua izan.

Bingen Zupiriaren ustez, euskerearen normalizazinoa ez da berez etorriko, zailtasunak topauko doguz bidean. Baina inozko baldintzarik onenak daukaguz erabilereari bultzada sendoa emoteko.

Oraindino urtebete dago Euskaraldia hasi baino lehen, baina lanari ekiteko prest dagoz bultzatzaileak. Herririk herriko aktibazino prozesuak eratzen hasi nahi dabe eta, aurrerago, ekimenean parte hartzeko prest dagozan herritarrek izena emoteko epea be zabalduko dabe. Euskal Herriko lurralde guzti-guztietara helduko da Euskaraldia, eta euskerearen erabileran eragiteko prest dagoan 16 urtetik gorako edonor izan ahal izango da Ahobizi edo Belarriprest, gaitasunaren arabera.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu