Irene Larrazak zuzenduko dau Etxepare Institutua
2017-12-21 12:23 KultureaMiren Arzalluzek itxitako lekua beteko dau.
Lehenagotik be Etxepare Euskal Institutuan ibili da Irene Larraza tolosarra, erakunde horretako Kulturearen Sustapenerako eta Hedapenerako zuzendaria da gaur egun. Komunikazino arduradun be izan zan lehenago. Urtarriletik aurrera, ostera, Etxepareko zuzendari izango da. Era horretara, Miren Arzalluzek itxitako hutsunea beteko dau, hau Parisko Modearen Museoko zuzendari izango da eta.
Komunikazino Zientzietan lizentziaduna da Larraza eta, komunikazinoan ez eze, kulturearen alorrean be ibilbide luzea dauka. Koldo Mitxelena Kulturunean, Syntorama musika-agentzian eta Tolosako Udalean ibili izan da beharrean, besteak beste. Hedabideei jagokenez, Herri Irratian esatari izan zan. 2012an sartu zan Etxeparen.
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailaren esanetan, orain dala urtebete Miren Arzalluzen izendapenagaz hasitako bideari jarraipena emotea izan da erabagiaren oinarria. Hau da, Larraza Arzalluzen ordezko aukeratuta, lehengo lanari eutsi nahi deutsie, erakundearen lan egiteko modua goitik behera aldatu beharrean.
Etxepare, herrialdearen kultura ehuna eta bere preminak sakonetik ezagutzen ditu Larrazak, Jaurlaritzeak bialdutako oharrean esaten danez. Bere aurretik kargua bete ebanak abian jarritako proiektua ondo asko ezagutzen dauela be azpimarratu dau Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak.
Euskal kulturea eta euskerea atzerrian zabaldu eta bultzatzeko sortu zan Etxepare Euskal Institutua, Jaurlaritzearen babespean. Munduko hainbat herrialdetan euskal kulturgileek antolatzen dituen jarduerak antolatzen edo bultzatzen ditu, eta unibersidade ugaritan euskal ikasketen atala martxan jarri dau. Haren aurretik karguan egon diran Aizpea Goenagak eta Miren Arzalluzek egin daben moduan, aurrerantzean Irene Larrazak izango dau hori guztia gidatzeko ardurea, baita erakundearen ordezkari nagusi izatearena be.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!