Euskal Herriko txapelduna makinaz Joseba Ugalde (Lezama) izan da

Bizkaie! 2026-09-21 07:30   Kulturea

Euskal Herriko moztaileek egindako lana eta emondako mailea nabarmendu ditue.





Amaitu da Euskal Herriko Ardi Moztaileen Txapelketearen bigarren edizinoa eta Elizondok txapelketea sendotu egin dala erakutsi dau. Juanjo Atxa Mindegia pelotalekua Euskal Herriko eta nazinoarteko ardi-moztaile, artzain, sektoreko profesional eta zaleen topagune izan da joandako zapatuan eta 80 moztailek maila handiko ikuskizuna eskaini dabe.

Euskal Ardi Moztaileen Alkarteak (EAME) balorazino oso positiboa egin dau: pozarren eta asebeteta gagoz Elizondon bizi izan dogunagaz. Igaz Abadiñon ikusi genduan txapelketeak bauebala ibilbidea eta gaur baieztatu egin dogu. Jenteak erantzun egin dau, moztaileek maila handia erakutsi dabe, bai gureek eta baita nazinoartekoek be, giroa bikaina izan da. Hunkituta eta beteta sentiduten gara. Sekula ahaztuko ez dogun eguna. Guretzat oso garrantzitsua da ikustea ardi-mozketeak interesa sortzen dauela sektoretik harago, azaldu dabe EAMEtik.

Elizondo, ardi-moztaileen topagune

80 moztailek hartu dabe parte bigarren edizino honetan, Euskal Herritik zein nazinoarteko hainbat herrialdetatik etorrita. Danetara, 1.000 bat Latxa eta Rasa ardiri moztu deutsee ulea.

Goizeko sailkapen-probetatik arratsaldeko finaletara arte maila handiko lehia izan da:

  • Euskal Herriko txapelduna guraizez Josu Ekisoain (Ibiriku) izan da, 2. Joseba Ugalde (Lezama), 3. Ipar Arrinda (Lekeitio) eta 4. Xabi Harluxet (Ahaxe).
  • Euskal Herriko txapelduna makinaz Joseba Ugalde (Lezama) izan da, 2. Mikel Etxebarria (Dima), 3. Ipar Arrinda (Lekeitio) eta 4. Romain Jonquet (Aiherra). 
  • Nazinoarteko lehian Gales izan da irabazlea, 2. Euskal Herria, 3. Espainia, 4. Frantzia 5. Eskozia, 6. Irlanda, 7. Ingalaterra eta 8. Alemania.
  • Open kategorian William Craig (Eskozia) izan da txapelduna guraizezko modalidadean – 2. Ipar Arrinda (Euskal Herria), 3. Joseba Ugalde (Euskal Herria) eta 4. Clive Hamer (Gales).
  • Open kategorian makinazko modalidadean, Llyr Evans (Gales) txapelduna, 2. Pierre Grancher (Frantzia), 3. Gwydion Davies (Gales) eta 4. Mikel Etxebarria (Euskal Herria).
  • Senior kategorian Duncan Adams (Eskozia) izan da nagusi, 2. Lucie Grancher (Frantzia), 3. Paddy Dunne (Irlanda) eta 4. Mikel Galvez (Euskal Herria).

Lehiaketeak jentetzea erakarri dau Elizondora, jardunaldia bertatik bertara ikusteko eta gozetako; beste hainbatek streaming bidez jarraitu ahal izan dabe EAMEren YouTube kanalaren bitartez.

Pelotalekua bete egin da eta egun osoan zehar giro aparta izan dogu. Horrek erakusten deusku jenteak interesa dauela ardi-mozketearen inguruan eta kirol moduan be erakargarria dala. Oso garrantzitsua da guretzat, baina baita sektorerako be, adierazo dau EAMEk. Euskal Herriko Ardi Moztaileen Txapelketa kirol-lehiaketea izateaz gan, ardi-mozketearen lanbidea eta artzaintzeagaz dauen loturea zabaltzeko topagunea izan da. Horregaitik, lehiaketeagaz batera, artileagaz lotutako erakustaldiak, tokiko produktuak, artisautzea eta publiko guztiari zuzendutako beste hainbat jarduera izan dira Elizondon. Helburua moztaileen mundua herritarrengana hurbiltzea eta lanbide baten atzean dagoan ezagutzea, teknikea eta prestakuntzae erakustea izan da. Ardi-moztailea izatea ez da bakarrik ardiak moztea. Prestakuntzea, teknikea, abiadurea eta zehaztasuna behar dira. Artzaintzeagaz eta landa-inguruneagaz oso lotuta dagoan ogibidea da. Garrantzitsua da hori guztia ikusarazotea eta belaunaldi barriei erakustea. Balio handiko lanbidea da eta behar beharrezkoa gure gizartean, azaldu dabe EAMEko ordezkariek.

Abadiñotik Elizondora: txapelketa ibiltariaren bigarren urratsa

Elizondoko edizinoak txapelketa ibiltariaren proiektua sendotu dau. Iaz Abadiñon egindako lehenengo edizinoaren ondoren, Euskal Herriko Ardi Moztaileen Txapelketeak Nafarroan egin dau bere bigarren geltokia, eta EAMEk Euskal Herriko lurralde askotara eroateko helburuari eutsi deutso. Abadiñon bidea edegi genduea. Elizondon, barriz, bide horretan aurrera egiteko kapaz garela ikusi dogu. Gure asmoa da txapelketea Euskal Herriko txoko askotara eroatea eta urtez urte hazten jarraitzea. Ez dogu nahi egun bateko ekitaldia izatea; Euskal Herriko ardi-mozketearen topagune eta erreferentzia bihurtu nahi dagu, adierazo dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu