'Euskal emakume zinemagileak' liburuaren ingelesezko bersinoa argitaratu dabe

Bizkaie! 2026-09-21 08:54   Kulturea

Peter Lang argitaletxeak kaleratu dau Basque Women Filmmakers.



María Pilar Rodríguez Deustuko Unibersidadeko irakasleak koordinau dau lana, liburu bakarrean batzen dituana lehenengoz gure zinematografiako oinarrizko emakumeei buruzko zenbait saiakera.

Eusko Jaurlaritzeak finantziau ditu itzulpena —edukia eguneratuta— eta argitalpena, Deustuko Unibersidadeko Komunikazino-ikerketa-taldeari emondako funts edo oinarrien bidez. Ingelesezko bersinoaren aurkezpena Donostia Zinemaldiaren barruan egin da. Ekitaldian María Pilar Rodríguez; Joxean Fernández, Euskadiko Filmategiko zuzendaria; eta Andoni Iturbe, Eusko Jaurlaritzako Kulturako sailburuordea izan dira.

Euskadiko Filmategiak 2023ko urtarrilean aurkeztu zituan Euskal emakume zinemagileak eta haren gaztelaniazko bersinoa. María Pilar Rodríguez Deustuko Unibersidadeko irakasleak koordinau lana, lan bakarrean jaso zituana euskal zinematografiako oinarrizko emakumeei buruzko zenbait saiakera.

Liburuaren helburua da euskal zinemearen barri emotea eta horretarako hartzen ditu euskal emakume zuzendariek askotariko genero eta formatuetan eginiko filmak. Era berean, zehatz-mehatz aztertzen ditu proiektu artistiko horreek, alderdi akademikoei ez eze dibulgazinoari be erreparauta. Orain, ingelesera itzuli dabe David Couryk eta María Pilar Rodríguezek, eta Peter Lang argitaletxearen webgunean erosi daiteke.

Argitalpenak lau zati nagusi ditu: Ikuspegi globalak, generoak, formatuak eta moldaketak, produkzinoa, distribuzioa eta harrerea eta iru emakume zinemagile. Lehenengoak (Ikuspegi globalak), euskal emakume zuzendarien film-produkzinoa lantzen dau hainbat ikuspegitatik: gaiak, generoaren errepresentazinoa eta hareen filmen dibersidade estetikoa eta formala. Bigarrenak (Generoak, formatuak eta moldaketak), euskal emakume dokumentalgileen begiradea aztertzen dau eta, era berean, Kimuak programeak egindako lana; horrezaz gan, nazinoz gaindiko produkzinoak eta literatura-obren egokitzapen zinematografikoak be jorratzen ditu. Hirugarrenean (Produkzinoa, distribuzinoa eta harrerea), alkarte eta zinemaldi batzuek emakumeek egindako zinemea bultzatzeko eta hari ikusgarritasuna emoteko egindako ahaleginak batzen dira; eta laugarrenak, barriz (Hiru emakume zinemagile), euskal zinemako hiru figura nabarmen ditu ardatz: Ana Díez, Helena Taberna eta Yannick Bellon.

Autore espezializadu honeek parte hartu dabe zati bakotxean: Carlos Roldán Larreta, Casilda de Miguel, Iratxe Fresneda, María Marcos Ramos, Nekane E. Zubiaur, Ainhoa Fernández de Arroyabe, Iñaki Lazkano, Cristina Ortiz Ceberio, María Pilar Rodríguez, María José Olaziregi Alustiza, Javier Sánchez Zapatero, Izaskun Arandia Galarraga, Ana Gutiérrez, Elena San Julián, Pilar Martínez-Vasseur, Annabel Martín eta Luisa Etxenike.

Joxean Fernández Euskadiko Filmategiko zuzendariak zehaztu dauenez, liburu horrek ingelesezko bersinoa izatea mugarri bat da gure argitalpenen historian, lehenengoa baita ingelesez emoten eta argitaratzen. Eskerrak emoten deutseegu koordinatzaileari, inplikazino handiz eta zorrotz ibili baita, eta eskertuta gagoz, era berean, kapitulu bakotxa idatzi dabenakaz be, eskainitako lankidetza ezinbestekoagaitik. Horregaz batera, jakina, ospatuko dogu liburu honetako protagonisten talentua: euskal emakume zinemagileena, hain zuzen be.

Bestalde, María Pilar Rodríguezek azpimarratu dauenez, Erresuma Batuko eta AEBetako unibersidadeetan bada euskal zinemearen inguruan lanean dabilen ikertzaile-talde zabal bat, ingelesez argitaratzen dauena; liburu hau itzulita eukiteak erraztu egingo deutse, duda barik, bertan jasotako ekarpenak eta jakintzea eskuratzeko bidea. Liburua eguneratu dogunean, pozez ikusi dogu zelako aurrerapausoak egin dituen euskal emakume zinemagileek eta zelan egin dauen euskal zinemagintzeak bardintasunerantz azken urteotako estreinaldiei, sariei eta aintzatespenei esker. Euskal emakume zinemagileen talentua eta konstantzia erabagigarriak izan dira gure zinematografia aberasteko eta euskal zinemagintzearen ikuspegiak zabaltzeko, bai gaiei, bai alderdi estetiko eta formalei jagokenez. Espero dogu ingelesezko edizino honek publiko zabalago baten eskura ipintea emakumeon ibilbideak eta lanak eta, era berean, laguntzea euskal zinemearen eta euskal emakume zuzendarien presentzia sendotzen nazinoarteko arlo akademikoan eta kulturalean.

Andoni Ituberen ustez, euskal zinemagintzea sormen eta nazinoarteko autortza handiko momentua biziten dag, eta lorpen horretan ezinbestekoa izan da emakume zinemagileen ekarpena. Hareek mundua ikusteko eta kontetako modu propioak ekarri deutsezalako gure zinemeari, kontakizunak aberastuz eta ikuspegi barriak edegiz. -Basque Women Filmmakers- argitalpenak, ganera, aukera parebakoa eskaintzen dau euskal kulturea eta euskal zinemagintzearen ekarpena nazinoartean ezagutarazoteko eta mundu osoko irakurleakana hurbiltzeko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu