Miguel de Unamuno omenduko dabe haren jaiotzearen urteurrenean
2026-09-24 08:10 KultureaBilboko Udalak lora-eskaintzea eta zientziagaz izandako hartu-emonak jorratzeko erakusketea zabalduko dau.
Egile eta pentsalari bilbotarra jaio zala 162 urte beteko dira aurten eta horren harian, Abandoko Udaltegian, irailaren 28tik aurrera, ¡Que inventen ellos! De Unamuno a la ciencia erakusketea hartuko dau, eta egun bat aurrerago, hilaren 29an, martitzenean, Unamunoren eta zientziaren arteko hartu-emonei buruzko berbaldia izango da Bidebarrieta Kulturgunean.
Kontuak kontu, irailaren 28an, astelehenean, eguerdiko 12:00etan, Bilboko ospetsu honen jaiotzearen 162. urteurrena gogoratuko da, Unamuno plazan dagoan idazlearen eskulturearen ondoan lora-eskaintzea eginez. Juan Mari Aburto Bilboko alkatea izango da ekitaldian buru, eta bertan izango dira udalbatzako ordezkariak eta egilearen senideak, besteak beste, Elsa de Unamuno eta Carmen Santos de Unamuno birlobak.
Aurtengo omenaldiaren inguruko ekitaldien barruan, Abandoko Udaltegian (Barrainkua, 5) ¡Que inventen ellos! Miguel de Unamuno y la ciencia erakusketea irailaren 28tik urriaren 30era arte egongo da ikusgai, Bilboko Udalak, Salamancako Unibersidadeko Kultura Zientifiko eta Barrikuntzako Unidadeak eta Unamuno Etxe-Museoak atonduta.
Irailaren 28an, erakusketearen inaugurazino ofiziala egingo da 19:00retan Abandoko Udaltegian eta udal ordezkariak, Unamunoko Etxe-Museokoak eta Salamancako Unibersidadekoak izango dira bertan.
Denpora luzean Miguel de Unamunok zientziaren aurrean izan eban jarrera kontraesankorrari buruz berba egin da baina erakusketa honek haren belaunaldiko giro zientifikoagaz izan eban lotura sakon eta ez oso ezaguna erakusten dau.
Erakusketea atal bitan banatzen da. Lehenengoan, idazle bilbotarrak bere bizitzan zehar izandako zientzia-munduko persona ospetsuenakaz izandako hartu-emonak aurkezten dira, horren artean Ramon y Cajal, Gregorio Marañón, Albert Einstein, Marie Sklodowska-Curie, José Rodríguez Carracido edo Blas Carrera y Felipe. Helburua garapen zientifikorako ekarpen erabagigarria egin eben figura horreei omenaldia egitea da, horreetako batzuk, gaur egun, ez baitira hain ezagunak akademizismoaren eremutik kanpo. Eta bigarren atalean, idazleak personaje horreekaz izan zituan hartu-emonak erakusten dia, dokumentu, gutun, argazki eta liburu moltso baten bidez.
Beste alde batetik, Bidebarrieta Kulturguneak Miguel de Unamunok zientziagaz izandako hartu-emonak azpimarratzeko berbaldia hartuko dau irailaren 29ko arratsaldeko 19:00retatik aurrera. Marta García Gasco, Madrilgo Unibersidade Konplutensean Artearen Historian lizentziaduna, eta erakusketearen komisarioa izango da; eta Ana Chaguaceda, Salamancako Unamuno Etxe-Museoko zuzendaria izango dira hizlariak. Bien arteko alkarrizketea aukera parebakoa izango da zientziagaz berba egiten eta eztabaidatzen dauen Unamuno hori jenteari hurbiltzeko, baita ezagutza zientifikoak zabalik ixten dituan galderei aurre egiten deutsen Unamunori. Begirada bat haren sasoiko zientzialariakaz izandako hartu-emon eta gure sasoiko pentsalari handienetako batengan zientziak biztu zituan ardurei.
Sartzea doban izango da lekua bete arte, eta streaming bidez emongo da, Bidebarrieta Kulturguneko YouTube kanalaren bidez.
Miguel de Unamuno 2025 Saiakera Sariaren argitalpena
Idazle bilbotarraren ibilbidea ospatzeko ekitaldien barruan, Udalak 2025eko Miguel de Unamuno Saiakera Sariaren XXVI. Edizinoko euskerazko irabazlea argitaratu dau: Joxe Manuel Odriozolaren Heriotzak bizi gaitu lana da, Erein Argitaletxeak argitaratua.
Miguel de Unamuno Saiakera Saria Udalak urtero atontzen dituan hiru literatur sariketetako bat da, kalidadeko lan sarituak argitaratzen laguntzeko eta talentu literario barrien agerpena sustatzeko helburuagaz. Proiektu honek Bilboko 2023-2023 Kultura Plan Estrategikoaren helburuakaz bat egiten dau, argitalpen-eremuari tokiko kultura-ekosistemearen barruan laguntzan eragiten dauelako.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
