Miren Arzalluzek Parisko Modearen Museoa zuzenduko dau
2017-12-19 13:20 KultureaOndorioz, Etxepare Institutuan izan dauen kargua lagako dau.
Modearen eta diseinuaren munduan aditua da Miren Arzalluz eta lehenago be ibilia da horregaz lotutako zereginetan. Esate baterako, Getariako Cristobal Balenciaga Museoaren hasierako urteetako gidari izan zan. Azkenaldion Etxepare Euskal Institutuaren zuzendari izan da, baina nazinoarteko erakunde artistiko baten deia jaso eta hara joango da, Parisko Modearen Museora hain zuzen, Palais Galliera dalakora.
Parisko Udaleko alkatetzearen atalak berak emon dau izendapenaren barri. Hurrengo bost urteotan museoko zuzendari izateko aukeratu dabe Arzalluz, haren ikasketak, merituak eta ibilbidea aintzat hartuta. Parisko Museoen zuzendariak nabarmendu dau Modearen Museoaren onerako izango dala Arzalluzen hamabi urteko esperientzia. Bildumearen konserbazinoan, ikerketan eta gizarteratzean giltzarri izango da bilbotarraren ezagutzea.
Orain arteko zuzendari Olivier Saillard-en eskutik, Parisko Modearen Museoak gaur egungo jokeretara egokitzeko ahalegina egin dau, hain zuzen be, urte hasieran Cristobal Balenciagari eskainitako erakusketea antolatu eben han.
Miren Arzalluz Deustuko eta Londresko unibersidadeetan ibili zan ikasten, historiagaz eta politikeagaz lotutako gaietan. Artearen Historiako masterra egin eban gero, soinekoen garapen historikoan espezializauta. Lehenengo ardurak Londresen bertan emon eutsiezan, Victoria&Albert museoan eta Royal Ceremonial Dress bilduman. 2006tik 2013ra, barriz, Getariako Cristobal Balenciaga Museoko bildumen arduradun eta komisario izan zan. Azkenaldion, Etxepare Institutuko zuzendari nagusia izan da.
Kontuak kontu, urtarrilean ekingo deutso Arzalluzek ibilbide barriari Parisen. Etxeparen daukan kargua itxi beharko dau horretarako eta, beraz, euskal kulturea atzerrian zabaltzeaz arduratzen dan erakunde horrek be gidari barria topau beharko dau laster.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!