Ane Irazabal: 'Inplikazinoa etxera bueltetan garenerako itxi behar dogu'
2017-11-20 08:17 BarriketanKazetaria.
Palestinan, Egipton, Mediterraneo itsasoan, Grezian eta abar ikusi, entzun eta irakurri ahal izan doguz Ane Irazabalen barriak, etxetik urten eta mundua bere begiz ikustea erabagi ebanetik. Hainbat hedabidetan kolaboretan dau, euskeraz zein beste hizkuntza batzuetan. Lan hori autortzeko asmoz, Euskal Kazetaria Saria emon deutsie aurten eta Irazabalek dino hunkituta dagoala, kanpoan dabizan euskal kazetarien lana agirian ixteko balioko dauelakoan.
Gaur bertan, hilak 20, banatuko ditue sariak, Bilboko BBK Salan egingo dan ekitaldian. Irazabal ez eze, Gervasio Sánchez, Iñaki Iriarte, Mariano Ferrer, Mikel Iturralde eta Bertsolari Txapelketa Nagusia nabarmendu ditue aurtengo edizinoan.
1.- Euskal Kazetaria Saria emongo deutsuela jakin eta gero, zer moduz zagoz?
Oso hunkituta eta ilusino handiz. Halako sariek bultzada handia emoten deuskue aurrera segitzeko. Ganera, asko hunkitu nau jentearen erantzunak. Ingurukoak ilusinoz ikustea be polita da.
2.- Atzerrian zabizen barri-emoleen lanari balioa emongo deutso sari honek?
Bai, balio leike kanpoan lanean gabizan kazetari gazteon lana autortzeko, ni oraindino hasibarri sentiduten naz pixka bat, eta horregaitik oso polita da ikustea gure lanbideko beste profesionalek nire lana baloretan dabela.
3.- Zerk bultzatuta hasi zinan atzerrian barri-emoile?
Gatxa da esatea, baina egia da barruko grina bat baneukala, jakinmin handia. Beste errealidade batzuk ezagutu eta ezagutzera emoteko gogoa neukan, nire kasuan, Palestinako gatazkea ezagutzeko ilusinoa batez be, Israelgo okupazinoaren nondik norakoak zer ziran aurrez aurre ikusteko. Barruko pasino horrek bultzatu ninduan eta, batzuek esango leukien moduan, kazetari senak.
4.- Hurreko Ekialdean hainbat urtez ibili zara. Bertan une interesgarriak bizi izan dozuz, aldaketa sakoneko sasoiak.
Bai, baina oso momentu gogorrak bizi izatea tokau jat: Udabarri Arabiarraren ondorengo jazoerak, Egiptoko estadu kolpea, horrek ekarritako errepresino eta indarkeria olatua, Gazako bonbardaketak, errefuxiatuen dramea... egia esan, azken urteotan gai gogor, sakon eta tristeak jorratu behar izan dodaz.
5.- Egipton, Palestinan eta halako lekuetan ibili zarenean, zerk harritu zaitu gehien?
Batez be, jentearen jarrereak harritu nau. Herrialde horreetara joaten zarenean, konturatzen zara personen grinak, bildurrak, frustrazinoak eta ilusinoak unibersalak dirala. Askok eta askok konpartiduten doguz ilusino eta ames berberak. Etxetik milaka kilometrora joan eta hangoakaz balio unibersal horreek partekatzen dozuzala konturatzea ikaragarrizko enpatia irakasgaia da.
6.- Gerora, Greziako krisi ekonomikoaren ondorioak eta errefuxiatuen egoera lazgarria ezagutzen ibili zara. Bizitzearen alderik ilunena ezagutzeak ze sentimendu eragin deutsu?
Oso tristeak, ganera, esperantzarik ez dagoala ikusten dozunean. Gure agintariek, gure izenean, ze erabagi hartzen dituen ikusita, krisia ikusi ez daigun zelako partxeak ipinten dituen jakinda, legez kanpoko erabagiak hartuz, esaterako Turkiagaz eta gero Libiagaz egindako akordioak... Errefuxiatuak egoera tamalgarrian dagoz, esperantza barik, guztiz blokeauta. Kazetari legez, pentsau izan dot zer egiten gabizan, egiten dogunak ezertarako balio ete dauen.
7.- Barri-emoileak zenbaterainoko inplikazinoa izan behar dau halako arazoen aurrean? Inplikazinoa trabea ala abantaila da zuen lanean?
Kazetariok argi izan behar dogu zertara goazen, zein dan gure zeregina: Informazinoa emotea, hain zuzen. Gu ez gara ekintzaileak, ez dogu gobernuz kanpoko erakundeentzat lan egiten. Beraz, guk pasabide bat eregi behar dogu persona horreen eta ikuslearen artean, eta hori ahalik eta era zintzoenean kontau behar dogu. Inplikazinoa etxera bueltetan garenerako itxi behar dogu, orduan etorten dira penak eta pasetan dogu txarto, hau da, ikusitako guztia asimiletan hasten garenean.
8.- Ikusi eta bizi izandako guztiari aurre egitea ez da erraza, beraz.
Etxera edo hotelera buelteterakoan, kobertura latz bat amaitutakoan, orduantxe etorten da bajoi emozional hori. Kazetari batzuek beste batzuek baino hobeto lantzen dabe hori. Zoritxarrez, egia da, bestetik, denporeagaz, moldatu ez dot esango, baina zeure burua kudeatzen ikasten dozula, baina oso gogorra izaten da.
9.- Alde batera eta bestera ibili behar izaten dozu, beti maletea prest. Gogaitu egiten zaitu horrek ala gustura zabiz?
Gustura nabil, holan ibiliko ez banintz, orduan bai gogaitu edo kantsauko nintzatekeela. Egia da badodala horrenbeste abioi hartzearen ajea, lepoko mina eta halakoak. Baina ikaragarri gustetan jat bidaiatzea, beste errealidade batzuk ezagutzea... Ezelako filtrorik edo aurreritxirik barik leku barriak ikustea ederra da.
10.- Zein herrialde edo gertakariren barri emotea gustauko litzakizu?
Greziarrek krisi ekonomikotik urten dabela kontetea gustauko litzakit, hasi dirala tunelaren amaieran argia ikusten pixkanaka. Merezidu dabe, asko sufridu dabe azken urteotan, aldatzean behera hasteko eskubidea daukie.
11.- Ekialde Hurbila, muinak eta ertzak liburua aurkezten zabiz egunotan, Mikel Ayestaran eta Karlos Zurutuzagaz batera. Zelako liburua da?
Liburuan ahalegindu gara kontetan zelan dagoan Hurreko Ekialdeko egoerea, Udabarri Arabiarrak ia zazpi urte bete dituan honetan. Zelan bizi daben hango protagonistek, politikea eta ekonomia zelan dagozan. Horretarako, ahalegindu gara personen testigantzei garrantzia emoten, hau da, iraultza edo herri-matxinada horreetan protagonista izan diran horreei ahotsa emoten. Ikusi nahi izan dogu zelan kontetan deuskuen zein dan euren egunerokoa, iraultza hareek ekarritako egoera tamalgarria zelan bizi daben. Ze kasu askotan gerra zibilak egon dira, edo kontrairaultzak, diktadurak be bai kasuren baten. Kaos politikoa be eragin dau honek guztiak, esaterako Libian. Personen bidez hango egoerea kontau dogu, ia ahaztuta daukagun eskualdea da eta.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!