Ane Irazabalek irabazi dau Euskal Kazetarien Saria

Bizkaie! 2017-11-09 08:14   Kulturea

Gatazka guneetan egin dauen lan ona nabarmendu dabe.

Ane Irazabal, atzerritik informazinoa emoten (argazkia: EiTB) | Ikusi handiago | Argazki originala

Euskal Kazetarien Alkargoak eta Euskal Kazetarien Alkarteak urteroko sarien barri emon dabe. Euskal Kazetarien Saria Ane Irazabalek irabazi dau, gatazka guneetan egiten dauen lanagaitik, izan be, aspaldiko urteotan barriemoile lanak egiten dabil munduko hainbat lekutan: Herrialde arabiarretan ibili zan luzaro, besteak beste, Udabarri Arabiarraren ondorenak aztertzen. Europara datozan etorkinen egoereari be erreparau deutso sarri.

Hain zuzen be, Euskal Kazetarien Sariaren helburua da bertoko edo kanpoko informazinoa zabaltzeko orduan eredugarria dan kazetari bat saritzea, lanbidearentzat harro egotekoa dan moduan. Aurreko edizinoetan Manu Leguineche, Sarita Estevez, Mikel Ayestaran eta abar saritu izan ditue.

Ganera, Euskal Kazetarien Alkargoak eta Euskal Kazetarien Alkarteak antolatzen daben sariketa honetan, beste modalidade batzuk be badagoz: Adierazpen Askatasunaren José María Portell saria Gervasio Sánchezi emon deutsie, argazki-kazetaritzearen alorrean egin dauen lanagaitik. Gerretan zein gizarte gaietan sensibilidade handiko ikuspegia emoten dau Sánchezek.

Ibilbide profesionalaren kategorian, ostera, Iñaki Iriarte eta Mariano Ferrer aukeratu ditue, Deia eta Egin egunkarietako lehenengo zuzendariak hurranez hurran. Egunkari horreek biak sortu zirala 40 urte bete dira aurten. Kazetaritza digitalaren atalean, ostera, Mikel Iturraldek irabazi dau, Treneando blogean egiten dauen lanari esker.

Amaitzeko, gizarteko erakunde bati emoten jakon sari berezia Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiari emon deutsie, izan be, sariketearen antolatzaileek uste dabe era egokia asmau dauela euskal kulturearen adierazmolde bat, bertsolaritzea kasu honetan, gizarteratzen eta ezagutzera emoten, horretarako estrategia komunikatibo txalogarria martxan jarrita.

Sariok hilaren 20an banatuko dira, Bilboko BBK Salan egingo dan ekitaldian. Ganera, Zakilixut pertsonaiak 40 urte bete dituala eta, Antton Olariaga marrazkilariari omenaldia egingo deutsie ekitaldi horretan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu