Zinebi 59ko egunkari txikia

Karolina Almagia 2017-11-17 11:33   Zinemea

Egunez eguneko kronikea.

Álvaro Fierro eta Ibon Ibarlucearen 'Atrapados por la serpiente' dokumentalaren emonaldia | Ikusi handiago | Argazki originala

Zemendiak 10, barikua:

Arrastiko zortzirak. Arriagako ateak zabaldu ditue Zinebiren 59. edizinoko inaugurazinoaren ekitaldia eskaintzeko. Antzokia jentez ganezka, batzuk kalean, ezin sartu.

Caóstica alkarteak egindako galea arina da eta jantza kolektibo bategaz amaitzen da. Zuzendaritzea ixtear dagoan Ernesto del Riok agur esaten deusku eta Alberto Iglesiasek lehenengo Ohorezko Mikeldia jasoten dau, txalo artean. Argiak itzaltzen dira eta lehiatuko diran euskal film laburren proiekzinoa hasten da, Puerto de Bilbao antxinako filma bota ostean.

Bego Vicariok zuzentzen dauen Atxur Animazino Taldearen Areka filma da lehenengoa eta maila ona erakusten dau. Teknika desbardinak erabiliz, Andoni Egañaren ahots samurrak Gerra Zibilean hildako bat gogora ekarten deusku. Ederra. Baina hor amaitzen da gozamena. Koldo Almandozen Plágan dokumental esperimentala gustura ikusten dot, baina besteakaz ez dot lortzen konektetea. Nekez jarraitzen dot programea amaituikuste

 

Zemendiak 11, zapatua:

Bezperakoa ikusita, Golem-era zuzentzen naz. Beautiful Docs sailean ziurtatua izan ohi da kalidadea eta Ai Weiwei artista txinatarren Human Flow ikusten sartzen naz. Gazi-gozoa egiten jat. Errefuxiaduen dramearen ikuspuntu berezia, oso plastikoa. Airezko plano ugari, testigantza gitxi. Venezian bota ebenean, azalean geratzen dala eta ez dauela arazoan sakontzen leporatu eutsien. Eta egia da. Baina ikuspegi global bat eskaintzen deusku, dauen dimensinoaren idea bat emoten dau. Eta ikaragarria da. Bildurrezko zinemea.

 

Zemendiak 12, domekea:

Dilema handi bat. Ordu berean botaten ditue Arte al agua. Los bacaladores de Terranova eta Agnès Vardaren Visages, Villares. Lehenengoa aukeratzen dot, pena handiz, Vardarena seguru dibertigarria izango dalakoan. Baina euria da, domekea da eta Golem aretoak jentez ganezka egongo dira. Beraz, BBK aretoan sartzen naz eta 60-70eko hamarkadan Pasaiako arrantzaleak zelan bizi eta lan egiten eben ikusten dot, aho zabalik. Urteeran, hotza eta euri-zaparradak kalean. Inor ez da kexatzen. Ternuan itsasontzi zakar horreetan gizon horreek pasau ebenagaz konparauta, hau Karibea da.

 

Zemendiak 13, astelehena:

Sitio distinto filmaren estreinua da gaur. Prentsarako emonaldian ikusi eta asko gozau dot Euskal Herrian biziten geratu diran galegoei egindako omenaldi maitakor horregaz. Davide Cabaleiroren filmak 120 urtean zehar Galiziatik etorri ziranen historia erakusteaz gan, topo egite horrek sortu dauen kultura bien arteko aberastasuna goraipatzen dau. 

Arrastian, opera primei dedikautako Zinebi First Film saileko Sommerhäuser (The garden) film alemaniarrean sartzen naz, kasketak erakarrita. Lorategi baten gertatzen da, alde batetik umeen mundua islatzen da eta, bestetik, nagusien miseriak erakusten dira. Ez dot barrerik egiten baina bitxia iruditzen jat Sonja Maria Kröneren begirada ezerosoa.

 

Zemendiak 15, eguaztena:

Álvaro Fierro eta Ibon Ibarlucearen Atrapados por la serpiente dokumentala; Cancer Moon taldearen lehen diskoaren izenburua da eta musika banda horren hasierea izan zan Josetxo Anituaren figurea aldarrikatzen dau. Ondoko prentsaurrekoan, egileek dokumental hau egiten zailtasun pilo bat izan dituela kontetan deuskue. Holan ulertuten da nabaritzen diran hainbat konturen faltea. Eibartik etorritako eta Bilbon bizi eta hil zan kantariaren ganean gehiago jakiteko gogoz geratzen gara. Baina eskertzen da bere memoriari bizirik eusteko saiakera hau.

 

Zemendiak 16, eguena:

Marco Bellocchio hemen da. Aurtengo Ohorezko Mikeldia jaso baino ordu batzuk lehenago, Guggenheim Museoan aurkeztu dau bere azken filma, Fai bei sogni (Amets zoriontsuak).  Bederatzi urte zituanean ama hil jakon gizon baten istorioa kontetan deusku. Ume triste ha heldu triste bat bihurtzen da, sekula ez dau ausentzia hori gainditu. Bellocchiok bere bizitzea kontetan deusku modu trabatu eta traketsean. Ezin artifiziosoagoa.

 

Zemendiak 17, barikua:

Gaur palmaresa iragarri dabe. Gauean, zeremonia eta film irabazleen proiekzinoa geratzen jaku. Zinebi 59 amaitzear dago. Ernesto del Rioren zikloa zarratu eta Vanesa Fernándezena hasiko da. Datorren urteko edizinoan, 60 zifra biribilak zer ekarriko deuskun jakiteko zain geratzen gara.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu