Musikeak zineman daukan garrantzia aldarrikatu dau Alberto Iglesiasek

Dabi Piedra 2017-11-10 13:01   Zinemea

Zinebi-ren hasierako ekitaldian Ohorezko Mikeldia emongo deutsie konpositore donostiarrari.

Alberto Iglesias eta Nekane Alonso | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilboko Film Laburren eta dokumentalen Nazinoarteko Jaialdiaren, Zinebiren 59. edizinoa gaur, hilak 10, hasiko da eta Arriaga antzokian egingo dan galeak ardatz nagusi bi izango ditu: Batetik, lehiaketara aurkeztutako euskal film laburrak proiektauko ditue eta, bestetik, Alberto Iglesiasi gorazarre egingo deutsie, Ohorezko Mikeldia emonaz.

Saria jaso aurretik, agerraldia egin dau Alberto Iglesiasek, Nekane Alonso Bilboko Udaleko zinegotziak lagunduta. Alonsok azaldu dauenez, Ohorezko Mikeldiaren bidez Iglesiasen musikearen dimensino artistikoa eta magia txalotu nahi ditue, izan be, konpositore donostiarra ospe handiko pelikulen soinu banden egilea da. 1980ko hamarkadan sortu zituan zinemarako lehenengo pieza aitagarriak, esaterako Mikelen heriotza-n (Imanol Uribe, 1984).

Euskal Herritik kanpo, Espainiako zinemagintzan eta Hollywooden batez be, ibilbide oparoa egin dau harrezkero eta Julio Medem, Carlos Saura, Iciar Bollain, Pedro Almodóvar, Oliver Stone, Ridley Scott eta beste hainbaten pelikuletan ipini dau musikea. Goya sari ugari emon deutsiez eta Oscarretarako be izendapenak izan ditu.

Iglesiasek eskertu egin dau Zinebik bera gogoan hartu izana. Bere ibilbidea ez eze, Ohorezko Mikeldiak zinemako musikea bere osotasunean omentzen dauela uste dau: Niri saria emoteaz bat, musikeak zinemagintzan daukan garrantzia autortzen da; sarritan arte txikitzat joten da musikea, baina ezinbestekoa da narrazino zinematografikoan, musikeak badau berez balio narratiboa eta pelikuletan hori gehiago igarten da.

Gaur egun, bere ibilbidearen erdian dagoala uste dau Iglesiasek, omenaldi hau jaso eta gero lanean segiduko dot. Carlos Vermut-en Quién te cantará filmeko musikea sortzen amaitu barri dau eta, barriro zinemagintzan sartu aurretik, bestelako konposizino batzuk lantzen ibiliko da hurrengo asteetan. Horrenbeste urte eta gero, oraindino ikasten dagoala dino, beti dago zeozer barria ezagutzeko.

Ganera, Iglesiasen arabera, sortzaileek eragin barriak jasoten ditue behin eta barriro. Esaterako, gaztetan aparteko kasurik egin ez eutsan film batek edo konposizino batek gaur egun beste esangura bat euki leikela ikusi dau. Ganera, gogoan hartu ditu zinemagintzako musikari izateko bidean erreferente izandako izen bi: Alfred Hitchcock, beragaz ikasi ebalako zein dan musikeak zineman daukan zeregina; eta Nino Rota konpositore italiarra.

Aurrera begira be, eragin barriak jasoten segidu nahi dau, ikasten: Beti topetan dodaz harritzen naben musikariak eta filmak. Zinebiren 59. edizinoko Ohorezko Mikeldietako bat emongo deutsie Iglesiasi. Bestea Marco Bellocchio zuzendari italiarrarentzat izango da.

Ganera, aitatzekoa da, Zinebiren inaugurazino ekitaldian Puerto Bilbao dokumentala proiektauko dabela. 1925eko pelikulea da, sasoi haretan Bizkaiko kostaldea astindu eban denporale baten ingurukoa. Bilboko historian kapitulu ezezagun bat ezagutzeko aukerea emoten dau, balio dokumental handiko irudien bidez, azaldu dau Nekane Alonsok.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu