Zinebiren sail ofizialean 62 pelikulak parte hartuko dabe

Dabi Piedra 2017-10-24 12:26   Zinemea

Zemendiaren 10etik 17ra egingo da jaialdiaren 59. edizinoa.

Luis Egiraun, Ernesto del Río, Nekane Alonso eta Iñaki Lopez Agileta | Ikusi handiago | Argazki originala

Ernesto del Rio jaialdiko zuzendariak adierazo dauenez, zinemagintzearen munduko gaur egungo jokerak eta barritasunak erakustea da Zinebiren, Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazinoarteko Jaialdiaren helburu nagusia. Horregaitik, zinema-aretoen eta telebistearen zirkuitutik aparte geratzen diran kalidadeko lanak ikusteko aukera parebakoa dala dino. Dagoeneko 59. edizinoa beteko dau aurten Zinebik eta, Del Ríogaz batera, Luis Egiraun programatzailea eta Nekane Alonso Bilboko Udaleko zinegotzia egon dira aurkezpenean.

Antolatzaileek aukeraketa zorrotza egin behar izan dabe: 3.100 proposamen baino gehiago jaso zituen eta danentzako lekurik ez dago. Hori bai, Ernesto del Ríok dino jaialdirako aukeratutako film guztiak oso onak dirala. Sail ofizialean, esate baterako, 62 pelikula lehiatuko dira. Sari Nagusia, Euskal Zinemearen Saria, Espainiakoa, Latinoamerikakoa, urrezko eta zidarrezko Mikeldiak dira palmareseko sari nagusiak. Azken horreek hiru kategoriatan emongo dira: dokumentala, film laburra eta animazinoa.

Epaimahaian honeek egongo dira: Ivan Arguello, Guadalupe Echevarria, Renata Gasiorowska, Peter Suschitzky eta Lola Mayo. Nazinoarteko boskotea, sail ofizialeko pelikulen zerrendea be halakoa dalako. Dana dala, euskal zinemagintzeak be badauka leku nabarmena sail nagusian, sei euskal film lehiatuko dira eta: Plágan (Koldo Almandoz), Una sinfonía en silencio (Aitor Gametxo), Lo-ibiltariak (Iñigo Salaberria), Areka (Begoña Vicario), Aprieta, pero raramente ahoga (David Pérez Sañudo) eta Zacarías (Violeta Trincado).

Horrezaz gan, Bertoko Begiradak atalean be Euskal Herrian egindako filmak ikusi ahal izango dira. Lehiaketan zein lehiaketaz kanpo ikusiko diran pelikulen artean, euskal musika onenaren, euskal gidoi onenaren eta euskal zuzendaririk onenaren sariak emongo ditue, SGAEgaz alkarlanean. Pedro Riverok, Joanes Urkixok eta Aránzazu Callejak erabagiko ditue horreek sariok. Azken horrek, ganera, Bilbao sinfonía lana aurkeztuko dau, emonaldi berezian. Zinebik produkzinoan lagundu dau.

Zinebindustry atalean, ostera, Euskal Herriko ikus-entzunezko industriaren sektorearen garapenari laguntzeko topaketak eta jarduerak eratuko ditue. Enpresek, profesionalek eta adituek alkar ezagutzeko erea izango dabe: Herri honetako ikus-entzunezko sektorea bultzatu nahi dogu, adierazo dau Luis Egiraunek.

Zemendiaren 10ean hasiko da Zinebiren 59. edizinoa, Arriaga antzokian egingo dan ekitaldian. Gala horretan, Alberto Iglesias konpositoreari aurtengo Ohorezko Mikeldi sarietako bat emongo deutsie, sail ofizialeko euskal film laburren proiekzinoagaz batera. Amaiera ekitaldian, barriz, Marco Bellocchio zuzendari italiarrari emongo deutsie beste Ohorezko Mikeldia.

Bilboko hainbat aretotan egingo diran proiekzinoetan, beraz, nazinoarteko zinemagintzearen lanik barritzaileenak ezagutzeko aukerea egongo da, hurrengo hilaren 10etik 17ra. Sasoi bateko zine-klub eta antzekoen giroa berreskuratzeko be balioko dabe saioek, Ernesto del Ríoren ustez. Izan be, ikus-entzunezkoak kontsumiduteko gaur egungo moduak ukatu barik, areto batera joan, filma patxadaz ikusi eta ondoren albokoakaz partekatzea aldarrikatu dau.

Era berean, film laburrak eta, batez be, dokumentalak, gizartearen konplexutasuna ikusteko formaturik aproposenak dirala uste dau Del Ríok. Nekane Alonsok ganeratu dauenez, dokumentalen eta film laburren tenplu bihurtu da Zinebi, bere alorreko erreferenteetako bat.

Azken buruan, Ernesto del Ríok, hain zuzen be, Zinebiko zuzendari izateari itxiko deutso edizino honen ostean, erretiroa hartu eta gazteei lekukoa pasetako. Hamazortzi urte karguan egin dituan ezkero, Del Ríok Zinebiri egindako ekarpena txalotu dau Alonsok: Gaur egun jaialdi hau danaren oinarriak ipini ditu. Datorren urtetik aurrera, Vanesa Fernandez Gerra izango da zuzendaria.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu