'Correct Me If I ‘m Wrong' film laburrak irabazi dau Sari Nagusia

Bizkaie! 2025-11-28 13:25   Zinemea

Sariak gaur, hilak 28, banatuko dira, 19:30ean, Arriaga Antzokian.

'Correct Me If I ‘m Wrong' (Hao Zhou). | Ikusi handiago | Argazki originala

Epaimahaiko kideek eta Joseba Lopezortega Zinebiko zuzendariak iragarri dabe Sail Ofizialeko Nazinoarteko Film Labur Lehiaketaren Palmaresa, Arriaga Antzokian egindako prentsaurrekoan. Epaimahia, ondoko honeek osotu dabe: Ramia Beladel, Callisto McNulty, Norika Sefa, Daniel Šuljić eta Santiago Tabernero.

Hao Zhouk zuzendutako Correct Me If I ‘m Wrong (Alemania, Txina, AEB) film labur dokumentalak lortu dau Sari Nagusia, 8.000 eurokoa. Epaimahaiak nabarmendu dauenez, filmak familiaren itxaropenen pisua eta horreen atzean dagoan maitasun okerra adierazoten ditu. Dokumentalak asko hunkitu gaitu.

Sail Ofizialeko – Film Laburren Nazinoarteko Lehiaketako Palmaresa Ainhoa Ordoñez Yraolagoitiaren Habana industrial (Euskadi) filmari emondako Euskal Film Labur Onenaren Sari Nagusiak osotu dau, Habanako gaua tranze hipnotiko bihurtzeagaitik. Gainera, Aitor Gametxoren Geratzen den hori filmak Espainiako Film Labur Onenaren Sari Nagusia irabazi dau.

Animazinoko Film Labur Onenaren Mikeldi Saria Should Virtual Petz Die? (Italia) obreak irabazi dau: Carlo Galbiatik, gai garaikide bati heltzen deutso eta emozinoak zalantzan jarten ditu. Gainera, aitamen berezia emon jako María Cristina Pérez Gonzálezen Una vez en un cuerpo (Kolonbia – AEB) lanari.

Film Labur Dokumental Onenaren Mikeldi Saria Stefan Kruseren A reconnaissance (Alemania, Danimarka) filmeari emon deutse, izan be, munduaren konplejutasuna eta geure inozentzia sentidu ditugu.

Fikzinoko Film Labur Onenaren Mikeldi Saria Pek Jia Hao eta Ang Jia Junen As If to Nothing (Singapur) filmeak lortu dau, zinemagileak personaia nagusiagaz dauen lotura sakona sentidu dogulako. Gainera, Beo Soraren A Very Straight Neck (Txina, Japonia) lanak aitamen berezia jaso dau.

Mykyta Lyskoven Kyiv Cake (Estonia, Ukraina) EFA Sarietarako hautagai konbertidu da, zuzendariak eguneroko biziraupena mundu surrealista eta zirraragarri konbertiduten dauelako.

Jenny Jokelaren Dollhouse Elephant (Finalandia) animazinoko film laburrak FAS Zineklub Saria irabazi dau. Bestalde, Johannes Gierlingerren Every Epoch Dreams the Next (Albania, Austria) film labur dokumentalak UNICEF Saria irabazi dau.

Era berean, Lara Izagirreren El regalo film laburrak EITBren Publikoaren Saria eskuratu dau. Amaia Nerekan eta Itziar Zoritaren Cara de bicicleta dokumental laburrak irabazi dau Gazte Epaimahaiaren Saria. Maren Zubeldia eta Silvina Guglielmottiren Ultramarino fikzinoko film laburrak (H)emen – Mirentxu Loyarte Saria jaso dau.

Zinebi Networking Saria

Zinebi Networking Zinema Dokumentalaren Bilboko VIII. Foro Profesionalak hiru sari emon ditu, bakotxa 10.000 eurokoa. Zinebi Networking 2025 Saria Taranta filmeari emon jako, Samuel Nacarren zuzendaritzapean eta Ana Puentes Margaritoren produkzinoagaz. EITB 2025 Zinebi Networking Saria Eltzegorrak irabazi dau, David Aguilar Iñigoren zuzendaritzapean eta Iñaki Sagastumeren produkzinoagaz. Era berean, Zinebi Networking RTVE Saria De qué hablo cuando hablo de lipo lanak lortu dau, Mariu Benzoren zuzendaritzapean eta Oriol Estradaren produkzinoagaz.

Itxiera galea

Zinebi 67 sariak gaur, hilak 28, banatuko dira, 19:30ean, Arriaga Antzokian egingo dan Itxiera Galan. Gainera, Esther García produktoreak edizino honetako bigarren Ohorezko Mikeldia jasoko dau.

Ondoren, What The fuck Off osotzen daben lanak proiektauko dira. Aurkezle lanak, Sebastien Spererek egingo ditu.

Ekitaldian izango dira, besteak beste, Gonzalo Olabarria Bilboko Udaleko Kultura eta Gobernantza zinegotzia, Joseba Lopezortega zinebiko zuzendaria eta Esther García Ohorezko Mikeldia.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu