Marco Bellocchiori emongo deutso Zinebik Ohorezko Mikeldia
2017-10-04 08:15 ZinemeaEuropako zinemagintza garaikideko zuzendari handietako bat dala dinoe jaialdiko arduradunek.
Zemendian egingo da Zinebiren, Bilboko Film Labur eta Dokumentalen Nazinoarteko Jaialdiaren 59. edizinoa eta Marco Bellocchio zuzendari italiarrari emongo deutsie Ohorezko Mikeldi sarietako bat. Bestea Alberto Iglesias musikariarentzat izango dala jakina izan da lehenagotik be. Zinemaldiaren azken galan, zemendiaren 17an, egingo deutsie gorazarre Bellocchiori.
Mende erdi baino gehiagoko ibilbide oparoa egin dau Marco Bellocchiok eta haren filmografia aberatsa nabarmendu dau Zinebik. Zinema europarreko zuzendari handienen artean dago, antolatzaileen esanetan. Originaltasun artistikoa eta konpromiso etikoa eta politikoa buztartu izan ditu beti Bellocchiok, sailkatzen gatxa dan estilo baten barruan. Zinemagile errebelde hau 1939an jaio zan, Emilia-Romagna eskualdeko Bobbio herrian, eta 1961ean zuzendu zituan lehenengo film laburrak. I pugni in tasca, 1965ekoa, izan zan bere lehenengo lan luzea.
Hasieratik bertatik garbi geratu zan Bellocchioren nortasun inkonformistea eta ezkerreko ikuspegia. 1967ko La cina é vicina filmean barriro agertu zituan ezaugarri horreek eta hainbat sari irabazita dago Italiako jaialdietan, tartean Veneziakoan. Proiektu kolektibo batzuetan ibili zan gero, Pier Paolo Pasolini, Bernardo Bertolucci, Jean-Luc Godard eta sasoi haretako beste egile ezagun batzukaz.
1970eko eta 80ko hamarkadetan, dokumentaletan zein fikzinoan, bere ikuspegia irudien bidez azaltzen segidu eban, eta 2002an heldu zan bere obra handienetako bat, L'ora de la religione. Orain arte, 2016ko Fai bei sogni dau azken lan luzea, baina aurten bertan Per una rosa film laburra aurkeztu dau.
Zinebi 59ko saioetan, Marco Bellocchiok zuzendutako film labur bat, La colpa e la pena (1960) ikusi ahal izango da, baita hiru film luze be: I pugni in tasca (1965), Sorelle mai (2010) eta Fai bei sogni (2016).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!