Alberto Iglesias konpositoreak jasoko dau Zinebiko Ohorezko Mikeldia

Bizkaie! 2017-09-19 11:31   Zinemea

Sorkuntzarako erakutsi dauen askatasunagaitik eta bere musikeak zinemeari emon deutsan intensidade emozionalagaitik irabazi dau saria.

Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazinoarteko Jaialdiak, Zinebik, Alberto Iglesias konpositore donostiarrari emongo deutso 59. edizinoko Ohorezko Mikeldia. Mobimenduzko irudien esanahi dramatikoa indartzeko dauen talentuaren bitartez, bere sorkuntzarako erabateko askatasuna eta bere partituren intensidade emozionala gai izan da zinema zuzendari handienetako batzuen esku jarteko eta lan hori autortu nahi izan dau Zinebik.

Jaialdia zemendiaren 10etik 17ra egingo dabe eta saria inaugurazio ekitaldian emongo deutsie, Bilboko Arriaga antzokian.

Alberto Iglesias 1955ean jaio zan Donostian eta nazinoarteko gaur egungo zinemearen musika konpositore handienetako bat da. Piano, konposizino, kontrapuntu eta musika elektroniko ikasketak egin zituan. Montxo Armendarizek 1980an zuzendutako Paisaje eta Ikusmena film laburrei musikea jarten hasi zan Iglesias. Handik denpora gitxira, bere lehenengo film luzerako musikea konposatu eban, Imanol Uriberen Mikelen heriotza lanerako.

1990eko hamarkadearen hasieratik aurrera, Iglesias estaduko zinemagile garrantzitsuenetako filmeetarako musikea sortzen hasi zan. Horreen artean dagoz: Ricardo Francoren El sueño de Tanger, Julio Medemen Vacas, Carlos Sauraren ¡Dispara!, Pedro Almodovarren La flor de mi secreto eta Bigas Lunaren La camarera del Titanic, besteak beste.

Nazinoartean, barriz, aitatzekoak dira Oliver Stoneren Comandante, Fernando Meirellesen El jardinero fiel, Marc Fosterren Cometas en el cielo, Steven Soderbergh-en Che: Guerrilla, Hossein Aminiren Las dos caras de enero  eta Ridley Scott-en Exodus: Dioses y reyes.

Zinemarako produzidu dauen musikeagaitik hamar Goya sari irabazi ditu Iglesiasek, Oscar sarietarako hautagaitzea lortu izan dau behin baino gehiagotan eta BAFTA sarietarako aukeratu izan dabe, besteak beste.

Bere azken soinu bandea Santiago Mitre zinemagilearen pelikularako (La Cordillera) egin dau, eta hilaren 29an estreinauko dabe aretoetan. Alberto Iglesiasek balleteko musikarako lan batzuk be konposatu eta produzidu izan ditu; horreen artean azpimarragarriak dira Nacho Duato koreografoagaz eta haren Jantza Konpainia Nazionalagaz izandako alkarlanak: Cautiva, Tabulae, Cero sobre cero eta Self piezak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu