Euskal Herrian bizi diran galiziarren ahotsa islatu dau Davide Cabaleirok

Karolina Almagia 2017-11-13 07:56   Zinemea

Zinebin estreinauko da gaur euskeraz eta galegoz filmautako Sitio distinto.

Orain dala zazpi urte, Davide Cabaleiro gaztea A Coruñatik Gipuzkoara etorri zan, bere ikasketakaz jarraitzeko. Hemengo rock taldeak gustuko zituan eta Euskal Herriaganako kuriosidadea biztu jakon, leku desbardina begitantzen jakolako.

Lehenengo sorpresea lurralde hau galegoz beteta egoala ikustea izan zan. Migrazinoaren errealidadea beretzat ia guztiz ezezaguna zan. Gipuzkoako herri bateko kalean ninoiala, galizierea entzutea shock bat izan zan, gogoratzen dau.

Galiziatik Euskal Herrirako migrazinoaren historia eta sortutako lotura kulturalak pelikula baten islatzea erabagi eban orduan. Eta Sitio distinto dokumentala aurrera aterateko lanean hasi zan. Hasierako idea film labur bat egitea izan zan, baina hazten joan zan eta azkenean gauza asko kanpoan itxi behar izan doguz. Bost urte eta gero, gaur estreinauko da, 20:00etan, BBK aretoan, Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazinoarteko Jaialdiaren, Zinebiren Bertoko Begiradak atalean. 

Filmak Galiziatik urtendako migrazino olatuak erakusten deuskuz, orain dala 150 urte hasi zan bidaia: burdin meategietara etorritako lehenengo langileak, baita arrantzara eta industriara be. Ondarroan, Txintxerpen, Barakaldon eta, batez be, Bilboko Masustegi auzoan jarri dau arretea, gaur eguneko eta iraganeko irudiak erakusteko. 2002an, Bilbora etorri nintzan asteburu bat pasetan eta Bilboko Masustegira eroan ninduan lagun batek. Zur eta lur geratu nintzan. Tabernetan, garagardao galiziarra edaten da eta telebistan hockey galiziarra botaten dabe. Horrezaz gan, modu arkitektonikoan oso kuriosoa da, Galizian legez egotea da.

Etorkin horreek bestelako leku batera heldu ziran, eta bertakoentzat bestelako lekuak bihurtu ziran auzoak sortu zituen. Azkenean, euskal kultureagaz eta hizkuntzeagaz alkartzen diran bestelako hizkuntzea, ohiturak, kulturea, ganeratu dau Cabaleirok.

Sitio distinto filmaren hari narratiboa egilea bera da, etorkinen lekukotzak eta kultura eragileen eretxiak tartekatuz: Kepa Junkera, Anton Reixa, Kaki Arkarazo, Dani Álvarez, Porrotx eta beste personaia batzuk euskaldunen eta galiziarren arteko kulturearen fusinoaz berba egiten dabe. Filmean parte hartzen daben lagunek euskeraz eta galegoz egiten dabe gehienbat.

Zirriborrok eta Pixel Filmsek produziduta, ETBren kolaborazinoa izan dau film honek, galiziarrak Euskadira etorteko zergaitiak ulertzeko. Eta zergaitik geratu ziran ulertzeko, batez be. Eta erabagi horren ondorioz, herri biak batu eta musika, literatura, gizarte eta kultura mailan alkarren artean sortu be egin dabela erakusteko. Nire asmoa, Galiziatik etorri eta hemen biziten geratu dan jente guzti horri omenaldi bat egitea izan da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu