Zinema barritzailea ikusteko, jaialdiak 'ezinbestekoak' dirala dino Marco Bellocchiok
2017-11-16 13:28 ZinemeaBilbon da zuzendari italiarra, Zinebiren Ohorezko Mikeldia emongo deutsie eta.
Originaltasun handiko zinemagilea izateaz gan, sortzaile konprometidua da Marco Bellocchio, Nekane Alonso Bilboko Udaleko Kultura zinegotziak adierazo dauenez. Beti ezkerreko ikuspegi batetik, gizartearen kezkei adi, zinemearen bidez gizartean eragitea izan dau helburu, 1960an lanean hasi zanetik gaur egungo lanetara arte. Horregaitik, aurtengo edizinoko Ohorezko Mikeldi Sarietako bat emongo deutsie Bellocchiori (bestea Alberto Iglesiasek jaso eban inaugurazino-galan).
Jaialdiaren amaierako ekitaldian emongo deutsie saria italiarrari, bihar, barikua, Arriaga antzokian. Bide batez, haren azken filma proiektauko dabe, Per una rosa, aurten bertan estrenautakoa. Omenaldi hau pozarren jasoko dauela onartu dau Bellocchiok, Arriaga antzokian bertan egindako agerraldi baten. Ohore bat da hau, sari batek beti emoten dau aurrera segiduteko indarra, adierazo dau.
Bilbora lehenengo aldiz etorri da Bellocchio eta gustura dagoala azaldu dau, uri erakargarria begitandu jakolako, baita alde zinematografikotik be: 53 urte baino gehiago daroadaz pelikulak egiten, baina lehenengo aldiak beti dira inportanteak, Bilbo eta Zinebi ezagutu izana ederra da. Autore-zinemagintza krisian dagoala uste dau Bellocchiok, Italian zein mundu guztian, jentea zinema-aretora badoa, baina bestelako produkzino batzuk ikusten ditu, zorionez egile gazte askok euren printzipioei eusten deutsie.
Zinebi eta antzeko jaialdiak, beraz, garrantzitsuak dirala uste dau italiarrak, autore-zinemea eta ibilbide komertzial laburreko piezak ikusteko aukerea emoten dabelako. Jaialdien zeregina ezinbestekoa da publikoak autore-zinemea ikusi ahal izan daian, nabarmendu dau Bellocchiok.
Gai iraultzaileak eta konprometiduak egiteko giroa be aldatu egin dala sumatu dau Marco Bellocchiok. 1960ko hamarkadan, bere ibilbidearen hasikeran, beste jarrera edo gogo bat ikusten eban gizartean: Hasi nintzanean, politikea, iraultzea eta halakoak jente askoren buruan egozan, orain gogo hori apaldu egin da. Dana dala, ikuspegi aldaketeak eta globalizazinoak beste arazo batzuk bistaratu dituela uste dau, esaterako errefuxiatuen gaia. Edozelan be, Bellocchiok bere estiloari eutsi deutso, beti gizartea eraldatu nahian, bere erara, gaur egungo zuzendari gazteek egiten dabenari adi baina bere nortasunari eutsita.
Iraultzailea eta konprometidua bai, baina hurrengo belaunaldien zinemagintzan eragin handirik ez dauela izan uste dau Bellocchiok. Esaterako, orain emakumeek protagonismo handiagoa hartu dabe pelikuletan, Bellocchiok betidanik aldarrikatu dauen legez, baina ez dau uste bere eraginez jazo danik hori. Dana dala, emakumeak zinemagintzan ordezkatzen dituan figura kontrajarriak beti izan dira bere interesekoak, autortu dauenez. Ama, amorante eta emazte, horreek hiru zutabeek berezitasuna emoten deutsie emakumeari, Bellocchioren arabera.
Marco Bellocchio Emilia-Romagna eskualdean jaio zan, 1939an. Originaltasun artistikoa eta konpromiso etikoa eta politikoa buztartu izan ditu beti, sailkatzen gatxa dan estilo baten barruan. 1961ean zuzendu zituan lehenengo film laburrak. I pugni in tasca, 1965ekoa, izan zan bere lehenengo lan luzea.
Hasieratik bertatik argi geratu zan Bellocchioren nortasun inkonformistea eta ezkerreko ikuspegia. 1967ko La cina é vicina filman barriro agertu zituan ezaugarri horreek eta hainbat sari irabazita dago Italiako jaialdietan, tartean Veneziakoan. Proiektu kolektibo batzuetan ibili zan gero, Pier Paolo Pasolini, Bernardo Bertolucci, Jean-Luc Godard eta sasoi haretako beste egile ezagun batzukaz. 1970eko eta 80ko hamarkadetan, dokumentaletan zein fikzinoan, bere ikuspegia irudien bidez azaltzen segidu eban, eta 2002an heldu zan bere obra handienetako bat, L'ora de la religione. Orain arte, 2016ko Fai bei sogni dau azken lan luzea, baina aurten bertan Per una rosa film laburra aurkeztu dau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!