Kazuo Ishiguroren nobela bat euskeratzen lagunduko dau Jokin Zaitegi Bekeak

Bizkaie! 2017-10-30 11:49   Kulturea

2017ko Literaturako Nobel Saria irabazi dau idazle britainiarrak.

Nobel Saria irabazi daben autoreen lanak euskeraz be egon daitezan, urtero egiten dabe Jokin Zaitegi Bekarako deia Elkar argitaletxeak eta AED alkarteak, Arrasateko Udalaren eta Laboral Kutxaren babesagaz. Aurtengo saritua Kazuo Ishiguro japoniar jatorriko ingelesa izan dala iragarri dau Suediako Akademiak oraintsu eta, beraz, idazle horren nobela bat itzultzea izango da bekearen deialdi honetako irabazlearen zeregina. The Remains of the Day lana aukeratu dabe antolatzaileek, Ishiguroren elebarririk ospetsuena.

Nobela hori euskerara itzultzeko prest dagoan edonork parte hartu leike deialdian. Jokin Zaitegi bekearen bultzatzaileek The Remains of the Day nobelearen lagin bat atera dabe, eta berau euskeratuta aurkeztu beharko da, aed@aedelkartea.eus helbidean. Lagin hori ondoen itzuli dauenari emongo deutsie bekea, 6.000 eurokoa, elebarria osorik euskeratu daian. Asun Garikano, Xabier Olarra eta Xabi Paya egongo dira irabazlea erabagiko dauen epaimahaian.

Lagina euskeratuta bialtzeko epea abenduaren 22an amaituko da eta urtarrilean emongo dau epaimahaiak erabagiaren barri. Bekadunak 2018ko irailaren 30era orduko entregau beharko dau itzulpen osoa.

The Remains of the Day euskeratua 2018ko Durangoko Azokan argitaratzeko asmoa dauka Elkar argitaletxeak.

Kontuak kontu, Zaitegi bekea, Nobel Saria irabazi daben autoreak euskerara ekarteko bitarteko eraginkorra ez eze, Jokin Zaitegi idazle arrasatearra omentzeko helburua dauen lehiaketea da. Literatura unibersala euskeratzen Zaitegik egindako ekarpen aparta gogoan hartu nahi dabe antolatzaileek eta bekea bera, hain zuzen, nazinoarteko obra onenak euskeratzeko zereginean oinarritzen da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu