Puzzle birmaniarra (eta III)

Zigor Aldama 2017-10-13 12:16   Bidaide

Suu Kyiren gobernuak ez dau ixten gehiegikeriak ikertzen. Halandabe, talde armadu batzuek su etena sinatu dabe, demokratizazino prozesua bete daiten laguntzeko.

Birmaniak onartutako ganerako 134 gitxiengo etnikoek ez daukiez rohingyen arazoak. Baina hogei gitxiengo inguruk armak hartu ditue armadeari aurre egiteko. Aung San-ek, 1948an lortutako independentziaren bultzatzaile eta Suu Kyiren aitak, agindutako estadu federala indarrean sartzeko eskatzen dabe. Berak ezin dau bere agindua bete, hil egin ebelako, baina alabeak bai. Zoritxarrez ez dogu ikusten bere lehentasunen artean gugaz pakea egiteko asmorik, dino Gun Maw generalak, Kachin herriaren Armada Independentistakoak -ingelesez KIA-. Su etena sinatu ez daben talde apurretako bat da.

Teorian Myanmarreko Batasuneko estadu bakotxak bere gobernua dauen arren, praktikan ez dabe ezelako potererik eta Gobernu zentralaren menpe dagoz guztiz. Dagoeneko ez dogu sezesinoa eskatzen. Benetako autonomia nahi dogu legeetan, justizian, ogasunean, osasungintzan eta hezkuntzan, dino Dau Hka-k, KIAren adar politikoa dan KIOren Kontseilu Teknikoko kideak. Birmanian ezin da demokraziarik egon gitxiengo etnikoen eskakizunak kontuan hartzen ez badira. Eta demokrazia barik, ez da egongo aberastasunik, azpimarratu dau.

Ezta pakerik be. Txinako mugatik hurreko Laiza herri txikian daukan gotorlekutik, KIAk armadearen lantzean behineko erasoei aurre egiten deutse, batzuetan aireko eraso bihurtzeraino. Tropek aurrera egin ahala, kachin etniako ia 100.000 igeslari eragin ditue, gehienak kristinauak, eta behin betiko bihurtzeko bidean diran behin behineko kanpamenduetan zelan edo halan bizi dira.

Birmaniako militarren indarkeria sinistu ezinekoa da. Herriak osorik suntsitzen segitzen dabe, emakumeak bortxatzen eta etxebizitzak apurtu edo bertan ostuten. Munduak ez daki zer jazoten dan hemen eta, hori baino txarrago, bamar etnia nagusiko birmaniarrek be ez. Gure lurra indarrez hartu dabe, beraz, bide poltikoaren alde egin arren, akordiorik ezean armakaz burrukan segidu beharko dogu, dino kanpamenduetako zuzendari Labang Dai Pisa-k.

Rohingyen kanpalekuetan jazoten dan legez, KIAk kontrolautako eremura nekez heltzen da laguntzinoa. Aung San Suu Kyi heldu zanean hobekuntza nabarmena espero genduan, eta oraindino zain gagoz, baina egia esan, indarkeria areagotu egin da eta lehen zabalik egozan pasabide humanitario batzuk zarratu ditu Gobernuak, salatu eban Mark Cutts-ek, Nazino Batuen Erakundearen Gai Humanitarioetarako Koordinazinorako Bulegokoak (UNOCHA), Al Jazeera kateari emondako alkarrizketan.

Bien bitartean, ehundazak soldadugai barri armak hartzen dabiz KIAren entrenamendu guneetan. Gehienak nerabeak dira eta egurrezko fusilak baino ez ditue erabilten, matxeteakaz formea emon eta gero. Baina Laizako kanpoaldean tailer batzuek AK-47 Kalashnikov-aren bertako bersinoak egiten ditue. Jade, urre eta opio ugari dago, eta hainbat talde armaduren jarduna finantzietan dabe. Han-hemen, oinarri-oinarrizko meatzeek erakusten dabe KIAk be hortik ataraten dauela dirua, gerrillariek instalazino horreetara sartzeko trabak ipinten dituen arren.

Laizako ospitalea erakusteko gogoz, ostera, badagoz. Tuberkulosi eta hiesdun gaixoak besteakaz batera ipini behar izan doguz, isolamendu gunerik ez dogulako. Egia esan, X izpien makinea be ezin dogu isolatu eta, hartara, beharginek be erradiazino dosi handiak hartzen ditue. Pediatria gunea zarratu behar izan dogu, beharginik ez dagoalako, eta euriteen sasoian malaria kasuei aurre egin ezinda ibilten gara, kontau deusku zuzendariaren albokoa dan Nangzing Bawk Wa-k, horma arrailduetatik dabilen artean, itxaropena ez dan beste edozer erakusten daben begidun gaixoak begira dagozala.

Herrialdearen barruko desplazaduakaz antzeko zeozer jazoten da. Lahtaw Zan San, horreetako bat, 20 euroren baliokidea dan hileko soldateagaz bizi da. Eta arroz apur bat, ganeratu dau. Beste desplazadu kachin batzuei klaseak emoten deutsez eta txabolea partekatzen dau sei senidegaz. Euria dan bakotxean, ia egunero, ganez egiten dauen egurrezko eraikin baten harrapauta bizi dira hiru belaunaldi. Militarrek gu hilteko arriskua baino hobea da hau. Orain ezin dogu etxera bueltau -Japu herrian-, armadearen posizinoak hur dagozalako, eta badakigu zer jazoten dan heltzen diranean: Jenteari tiro eta etxeetan dagoan baliozko edozer hartu, ziurtatu dau.

Zoritxarrez, ez dirudi LND poterera heldu izanak militarren jarrerea aldatu dauenik. Baina kezkagarriena da, Suu Kyiren gobernuak ez dauela ixten gehiegikeriak ikertzen. Ez bakarrik kazetaritzearen ikuspuntutik. NBEk be salatu ditu bertara heltzeko eta informazino fidagarria lortzeko trabak. Halandabe, talde armadu batzuek su etena sinatu dabe, demokratizazino prozesua bete daiten laguntzeko.

Karen herriko Askapen Nazionaleko Armadea (KNLA), Tailandiagaz mugea egiten dauen lurraldea kontrolpean daukana, horreetako bat da. Gure itxaropena desagertzen doan arren, uste dogu gure erantzunkizuna dala Gobernuari astia emotea sistema demokratiko bat lortzeko, konstituzinoa erreformau eta gitxiengo etnikoak bardintasunez tratauko gaituen estadu federala sortu daiten, azaldu dau Zipporah Sein-ek, KNLA-ren adar politikoa dan Karen Batasun Nazionaleko (KNU) lehendakariordeak.

Bideorri horren inguruko konfiantza handirik ez daben seinale, KNLAko 5.000 kideetako batzuk entrenamenduan dagoz handik metro gitxira, eta karen banderea igoteko ekitaldiagaz amaitzen ditue ariketak. Gurago neuke sekula be burrukan ez egitea, baina badakit pakea herrialde honetan ez dala luzarorako izaten, dino soldaduetako batek. Beragandik hur dagoan Tu Gaw koronela horren adibide garbia da. Erruberadunl jesarlekuan dabilen laurogei urtetik gorako gizon errespetagarria dan arren, kamuflajeko erropea eta M-16 fusila daroaz. Dana dala, orain kargadorea hutsik dauka eta bere batailak iraganean kontetan ditu.

Guri askatasuna emoteko agindua bete barik alde egin eben britainiarrek, japoniarren kontra eurakaz batera burrukan egin genduan arren. Kolonizatzaileen ordez soldadu birmaniarrak etorri ziran eta herriak osorik suntsitzen zituen, umeak zutoinetan sartu eta gure andrak bortxatu. Geure burua defendidu behar genduan, gogoratu dau ahots apurtuagaz. Parakaidista birmaniarrak edonon egozan eta armadeak tankeak zituan. Guk munizinoa faltan genduan eta erretiradan pentsetan gengozan. Baina gerora Vietcong-ek amerikarren kontra erabili ebanaren antzeko estrategia bat erabilita burrukan segidu genduan. Zuloetan izkutau eta labanak erabilten genduzan. Holan bost egun aguantau genduzan balak amaitu jakuzenetik. Gerrako epika horrek karen gazteen artean, horreetako gehienak be kristinauak, arrakastea dauka.

Zalantza barik, Suu Kyik berak ondo daki bere lana ez dagoala beragandik espero zanaren pare. Eta holan onartu eban poterera heldu zaneko urteurreneko berbaldian. Uste badozue ez nazala nahikoa ona herrialdearentzat eta herritarrentzat, baten batek edo erakunderen batek guk baino hobeto egin leikela uste badau, dimisinoa emoteko prest gagoz, esan eban. Halandabe, era guztietako ekintzaileak bat datoz, Damea-ren alternatibea askoz txarragoa da.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu