Puzzle birmaniarra (II)
2017-09-28 11:47 BidaideShwe budista birmaniarrak dino rohingyek modu sistematikoan ostu eta bortxatzen dabela, musulmanen arazo endemikoa da hori.
Abu Tahay, Batasuneko Nazinoen Garapanerako Alderdiko (UNDP) presidentea rohingyen aldeko ekintzailerik agirikoenetako bat da eta ondokoa eskatzen dau: Bere etniakoak eskubide guztidun birmaniartzat hartzea -gaur egun gehienek ez daukie Birmaniako herritartasunik eta aberri bakoak dira-, eta ez Bengalako inmigrantetzat. Eretxi hori bera dauka Aung San Suu Kyiren alderdiak, Demokraziarako Liga Nazionalak. Yangon uriko (lehen Rangun) bere bulego zaharkituan, Tahayk dino rohingyak Birmanian bizi izan dirala Inperio Britainiarreko kolonizatzaileak heldu baino askoz lehenagotik.
Ekintzaileak harrizko idazkun batzuen argazkiak erakutsi ditu, horrek frogatu leike rohingyak VIII. mendetik bizi izan dirala Rakhine estaduan -Arakan izenez be ezagutua-. Baina bere interpretazinoa polemikoa da. Ganera, Tahayk fotokopiaz betetako karpeta lodi bat astindu eta britainiarrek herrialdea konkistau eta urte bi eskasera egindako lehenengo erroldea seinalau dau. 1826ko agiri honeetan rohingyen ganean egiten da berba, eta oraindino heldu barik egozan kolonizatzaileakaz batera etorritako indiarrak, arrazoitu dau.
Tahayk ez dauka berba politik Suu Kyirentzat: Lehen demokraziaren ikurra zan eta danok uste genduan jasotako Pakearen Nobel Saria merezidu ebala. Baina parlamentuan jezarri danetik, hautesle ultranazionalistak poztu behar dituan alderdi bateko lider bihurtu da. Halandabe, Giza Eskubideei ez leuskie modu horretan lepoa emon behar.
Yangonetik 400 bat kilometrora, Sittwe-n, U Shwe Mg-ek, Rakhine Nazinoaren Garapenerako Alderdiaren Batzorde Zentraleko kideak, beste era batera ikusten dau gatazkea. Rakhine estaduko uriburuko erdiguneko etxe txiki baten barruan egurrezko mahai baten jezarrita, askok erradikaltzat daben lider budista honek alkarrizketan rohingya berbea ez erabilteko eskatu dau. Bengalarrak dira, izen hori asmau dabe euren eskaerei zilegitasuna emoteko, dino sendotasunez, baina harritu egiten dauen ahots bajuan.
Bere interpretazinoa ezin desbardinagoa da Tahayrenagaz alderatuta. Rakhineak budistak izan dira orain dala milurteetatik, antxinako Mrauk U uriburuan garbi ikusi leiteke. Han pagodak eta tenplu budistak ikusiko dozuz, bana meskita bakar bat be ez. Eta hori holan da, ze Bengalako -gaur egun Bangladesh- musulmanak ez ziran gure lurrera 1824ra arte heldu, britainiarrek Birmania eurentzat hartu eben urtera arte. Shwek azaldu dau britainiarrek orduko Indiaren eta Birmaniaren arteko mugea ezabatu ebela eta euren tropakaz batera heldu zirala bengalarrak.
Uste genduan behin behinean geratuko zirala eta hemen egoten itxi geuntsan. Baina Birmania Indiatik bereizi ebenean, 1920an, britainiarrek bengalarrei galdetu eutsien ia hemen geratu nahi eben, eta honeek baietz erantzun eben. Hortik aurrera inbasinoa sufridu dogu, baita sarraski bat be, bengalarrek gure kontra eta japoniarren kontra burrukatu ebelako Bigarren Mundu Gerran. Independentziatik -1948an-, musulmanek Aranakistan sortu nahi dabe, eta mobimendu muyahidinak be egon dira hori lortzeko, ganeratu dau politikariak.
Bere ustez, urtenbide bakarra dago: Musulmanak handik botetea. Onartzen dogu ez dala horren erraza, Ne Win generala ahalegindu zan 1962an, poterea hartu ebanean. Bota, bota zituan, baina barriro hartu behar izan zituan, nazinoarteko komunidadearen presinoakaitik. Arazoa da 100.000 joan eta 300.000 etorri zirala. Harrezkero, eskubide gehiegi pilotu ditue eta inbasinorako gogoa erakusten dabe. Ze herrialdek hartu behar leukiezan galdetuta, batek be ez deutselako herritartasuna autortu, erantzun garbia dauka oraingoan be: Babesten dituen herrialdeen artean banatu daiezela.
Sittwetik beste 300 kilometro iparrekialdera, Mandalayn, Ashin Wirathu monjeak be, budisten Bin Laden deituak, uste dau musulmanek errepublika islamiarra sortu nahi dabela. Otoitz egin eta sermoiak botetan dituan monasterioaren barruan, haren gorrotoaren arrazoiak hormetan zintzilik dagoz, argazkietan. Gorputz mutiladuak dagoz, eta erraiak ateratakoak, emakumeak, umeak eta monje budistak, eta karteletan dino muturreko rohingyek hil dituela, irudietako batzuk Myanmarretik kanpora ateratakoak dirala nabarmena dan arren.
969 mobimendua -legez kanpokoa-, Birmaniak jasaten dauen inbasino musulmanari aurre egiteko jaio da, gure herrialdea defendiduteko, dino Wirathuk, tunikea ondo jantzi eta zuku bat edaten dauen artean. Guk ez daukagu fusilik, ez gara ekintza biolentoen erantzule, musulmanek herrialdearen kontrola hartzea eragotzi eta gure herrikideei egoerearen barri emon besterik ez dogu nahi. Inguruan, ganerako monjeek baietz dinoe. Alkarregaz musulmanen negozioen kontrako boikota bultzatu dabe, baita erlijino diferenteetako personen arteko ezkontzak debekatu nahi dituan lege proiektua be.
Arrazoi historikoak alde batera itxita, budista gehienek rohingya gitxiengoaren inguruko alderdi bi kritiketan ditue: Batetik, ume gehiegi daukiezenez, gizartearen oreka demografikoa kolokan ipinten dabe eta bertokoen baliabideak murrizten ditue. Bestetik, emakumeei ordaintzen deutsie ezkontzeko eta musulman bihurtzeko. Hegemoniarako daukien estrategiaren parte da, dino Wirathuk. Rohingyak Afrikako karpeagaz lotu ditu, bertako animaliak hilten dituan espezie inbaditzailea da eta. Shwek ganeratu dau rohingyek modu sistematikoan ostu eta bortxatzen dabela, musulmanen arazo endemikoa da hori. Deigarria bada be, Shwek eta Wirathuk be Suu Kyi kritikau dabe, eskuzabalegia dalako bengalarren eskakizunakaz, gehiegitan lagundu deutsie.
Sittwe-ko rohingyen desplazaduen eremuetan, 2012ko indarkeriak eragindako 140.000 iheslari pilotzen diran lekuan, budisten kritikek oinarrien bat badaukiela ikusi leiteke. Musulmanen artean jaiotza tasea askoz handiagoa da budisten artean baino -pobrezian bizi arren bikote askok lau edo bost seme-alaba daukiez, herrialdeko bataz besteko 2,7ko tasearen oso ganetik-, eta emakume batzuek islamiar bihurtu behar izan dabela onartu dabe euren gaur egungo senarragaz ezkontzeko, horreetako batzuk poligamoak ganera. Ohitura hori debekatuta dago Birmanian 2015etik, parlamentuak Monogamiaren Legea onartu ebanetik, Wirathuk eta haren kideek bultzatua.
Edozelan be, instalazino honeetan bizi-baldintzak infernukoen parekoak dira. Informau ahal izateko bertara sartzeko tramite burokratiko amaiezinak egin behar dira, baina gatxagoa da barruan sufriduten daben rohingyentzat handik urtetea. Honeek eremuok, Gobernuak orain dala bost urte hasitako segregazino politikearen parte dira, bertan bizi diranei oinarrizko eskubide batzuk kendu deutsiez. Besteak beste, libre mobidutekoa. Globoen moduko sabelak eta gorputz argalak eragiten dituan jatekoaren eskasiagaz batera, osasungintzarako edo hezkuntzarako sarbiderik ia ez dago. Mediku batzuek ez ditue rohingyak artatu nahi eta eremuko klinika txikietan ez daukie leku nahikorik: Erditzen dagozan emakumeak eta gaixotasun kutsagarriak dituen personak espazio berean dagoz.
Hemendik urteteko bide bakarra sarrerak jagoten dituen guardak erostea da, baina eskatzen daben dirutzea gehiegi da desplazaduentzat, dana galdu dabe eta. Bitxiak edo baliodun beste objekturen bat eukienek dagoeneko saldu ditue iges egin ahal izateko, eta ez dagoz guettoetan, azaldu dau Aung Win-ek, eremuan bizi dan ekintzaile rohingyak eta bisita honetarako baimen guztiak lortzen lagundu deuskunak. Besteek zelan edo halan bizirauten dabe, diru-iturri finko barik eta desnutrizinora daroan arrazionamendu baten menpe. Egoerea gero eta gaiztoagoa da.
Gobernuz Kanpoko Erakundeek eta Nazino Batuen Erakundeak mugatuta daukie eremura sartzea. Behin eta barriro kritiketan dabe gobernua, baina ez dirudi agintariakan eraginik daukanik, herrialdeko 55 miloe biztanleetatik gehienek rohingyen kontra daukien gorrotoak jarrera hori zilegi bihurtzen dauelakoan. Azken baten, hareek dira euren boto emoleak. Hartara, Suu Kyiren alderdiak inmigrante bengalartzat ditu rohingyak eta, ganera, kide askok uste dabe aspaldiko belaunaldietatik hemen bizi izana ez dala nahikoa herritartasuna emoteko.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!