Puzzle birmaniarra (I)

Zigor Aldama 2017-09-21 08:10   Bidaide

Ia urte bi joan dira Myanmarreko hauteskundeak izan ziranetik, baina indarkeria eragiten daben iturri nagusi biak gori-gori dagoz oraindino.

2015eko zemendiaren 9an Myanmar jai giroan egoan. Bezperan birmaniarrak bozkalekuetara joan ziran eta, behin betiko emoitzak aste bi geroagora arte heldu ez baziran be, ordurako agirikoa zan Demokraziarako Liga Nazionalak (DLN) garaipen argia eskuratu ebala hauteskunde orokorretan. Gehiengo absolutua eskuetan, Aung San Suu Kyi Pakearen Nobel saridunaren alderdiak, 50 urtean lehen aldiz modu demokratikoan aukeratutako presidentea izentau ahal izango eban.

Dameak ezin izango eban gidaritzea hartu, legeak ez dauelako ixten atzerriko pasaportedun senide zuzenen bat daukienak presidente izaten, eta hori da bere seme-alaben kasua. Baina argi egoan, etxeko espetxealdian 15 urte pasau eta gero, Suu Kyik hariak gerizpetik mobiduko zituala.  Askoren ustez, mugarri horrek erakusten eban nazinoartean eredutzat jotako demokratizazino prozesua bete zala. 2010ean, Batzorde Militarrak modu paketsuan gobernu zibil bati emon eutsan poterea -behin behineko liderrek uniformea esegi eta korbatea jantzi eben arren-, eta herrialdea berradiskidetzerako bidean egoala emoten eban. Aurrerantzean gauzak hobera baino ezin leitekez joan, adierazo eban Moe Thway ekintzaile gazte eta Generation Wave mobimenduaren sortzaileetako batek, hauteskundeen aurretik.

Prozesuari kritika gehien egin eutsienek be ezin eben euren baikortasuna izkutau, armadearentzat parlamentuko jezarlekuen % 25 gordeteak aldaketa sakonak eragotziko zituala jakinda be. Zalantza batzuk gorabehera, herrialdeko periferiako hainbat lurraldetan agintzen daben talde etniko armaduetako liderrak itxaropentsu egozan, baita ezinikusi handien iturri dan rohingya etnia musulmaneko ekintzaileak be. Zelan ez dau egoereak hobera egingo, eskubide zibilen eta norbanakoen askatasunen alde bizitzearen zati handi bat emon dauen emakumeagaz!, aldarrikatzen eben.

Baina ia urte bi joan dira Myanmarreko hauteskundeak izan ziranetik -urte eta erdi Htin Kyaw presidente izentau ebenetik, 652tik 360 boto eskuratuta-, eta estadistikek ekonomiaren loraldia iragarten badabe be, urtero % 6 eta % 8 bitarteko hazkundeari esker, desbardintasun sozialak zabaldu egin dira eta indarkeria eragiten daben iturri nagusi biak gori-gori dagoz oraindino. Ganera, bamar etnia nagusiko budistak eta rohingya musulmanak aurrez aurre ipini dituan gatazkea bizitu egin da eta 2012an 300 hildako itxi zituanekoa gainditu dau.

Orain dala bost urte, gizon rohingya batzuek emakume musulman bat bortxatu ebelako biztu zan txinpartea. Ondorioz, ehundazak etxe erre zituen eta 140.000 rohingya desplazaduen eremuetara bialdu zituen, benetako kontzentrazino esparru bihurtu diranak. NBEren Giza Eskubideen Goi Ordezkari Zeid Ra'ad Al Hussein-ek azaldu dauenez, horrenbeste hamarkadatan giza eskubideak modu sitematikoan urratu diranez, muturreko talde biolentoak agertu dira han. Oraingo gatazkea, hain zuzen be, abuztuaren 25ean hasi zan, Arakango Rohingyen Salbazino Mobimenduak (ARSA) segurtasun indar birmaniarren kontrako erasoa jo ebanean.

Orain dala bost urte legez, budisten erantzuna ikaragarria izan da. Militarrek eta muturreko taldeek garbiketa operazinoak antolatu ditue eta, ondorioz, 400 lagun hil dira, ehundazak etxe erre eta hamarnaka mila rohingyak -150.000 NBEren arabera- etxetik alde egin behar izan dabe. Bangladeshegaz mugan dagoan ibaiaren ertzetan harrapauta geratu dira asko, bertan errefuxiatuen eremuak jentez ganezka dagozan arren. Beste batzuk itota hil dira, iges egiteko erabilitako txalupak hondoratuta. Giza laguntzinorako alkarteak lagundu ezinik dagoz ur edangarria eta jatekoa behar dabenei.

Turkiako presidente Recep Tayyip Erdoganek genozidiotzat jo dau egoerea, eta ez da bakarra. Kritikak mundu guztira zabaldu dira. NBEko Idazkari Nagusi Antonio Guterresek irailaren 5ean nabarmendu eban hau guztia giza hondamendia dala, pakea eta segurtasuna, Myanmarreko mugetatik harago be, kolokan ipinten dituana. Garbiketa etnikoa izan leitekela be aitatu dau, rohingyek aspaldiko urteotan salatu daben legez. Dana dala, Suu Kyiren jarrerearen alde deigarriena bere isiltasuna da.

Kontrako aldean, militarrek dinoe rohingyak eurak dabizala herritarrak giza-ezkutu legez erabilten eta euren erlijino-kideen etxeak erreten dituela. Zoritxarrez, hedabideek gatazkearen eremura sartzea debekatuta daukienez, ezinezkoa da jazotakoa era independentean aztertzea. Edozelan be, armadako buru Min Aung Hlaing-ek danak ados jarri dituan esaldia bota eban: Denpora gehiegi luzatu dan arazoa da eta berehalako urtenbidea behar dau, ziurtatu dau. Baina garbi dago, urtenbideren bat topetako, lehenik eta behin gatazkearen jatorriaren inguruko adostasuna behar dala, eta horrek ezinezkoa dirudi.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu