Euskerazko 31 film lehiatuko dira Lekeitioko Zine Bileran

Bizkaie! 2017-10-05 08:22   Zinemea

Ganera, Handia proiektau eta Kameratoiaren 13. edizinoa egingo dabe.

Lekeition egin dabe aurtengo edizinoaren aurkezpena | Ikusi handiago | Argazki originala

Urriaren 14tik 21era, euskerazko zinemagintzearen hitzordu nagusietako bat egingo dabe Lekeition, 40. Zine Bilerea hain zuzen. Film profesional zein amateurrak ikusi ahal izango dira, euskera hutsezko zinemaldi bakarra dan horretan. Danetara, 47 lan jaso ditue eta horreetatik 31 lehiatuko dira sail ofizialean: 8 profesional eta 23 amateur.

Euskal Zine Bilereak betiko helburu nagusi biei eusten deutse: Batetik, euskerazko zinemagintza amateurra saritzea eta bidea egiten laguntzea; bestetik, euskerazko zinemagintza profesionalaren bilgune izatea. Lehiaketan hiru atal sarituko ditue (zuzendaritzea, gidoi eta pelikularik onenak), amateurretan zein profesionaletan.

Zuzendaritzearen eta gidoiaren ataletan, profesionaletan 1.600 euro emongo deutsiez sail bakotxeko irabazleari eta, amateurretan, ostera, 1.000. Ganera, danek irabaziko dabe Zidarrezko Antzarra. Pelikularik onenaren arloan diru-sariak handiagoak dira eta Urrezko Antzarra emoten deutsie egileei.

Aurtengo edizinoko epaileak euskal ikus-entzunezkoetan eskarmentu handiko egileak eta adituak dira: Aitor Gametxo zuzendari eta muntatzailea, Arantza Lauzirika artista eta irakaslea, Natxo Rodriguez artista eta ikertzailea, Iratxe Urkiaga aktore eta umeen animatzailea eta Kote Camacho marrazkilari eta zuzendaria.

Ganera, Donostiako Zinemaldian Epaimahaiaren Sari Berezia irabazi dauen filma, Handia, Leketition ikusi ahal izango da urriaren 20an. Zine Bilerearen aurreko edizinoetan parte hartu dabe, eta epaimahaikide be izan dira, Jon Garaño eta Aitor Arregi zuzendariek.

Euskal Zinemearen Begiradea atalean, aurreko urteetan egin dan legez, bertoko ikus-entzunezko sektoreari ekarpen nabarmena egin deutsien personak omenduko ditue. Hasiera ekitaldian, Juanba Berasategi gogoratuko dabe, oraintsu hildako zuzendaria, euskerazko animazinozko zinemagintzearen bultzatzailea eta, besteak beste, Kalabaza tripontzia film ezagunaren egilea.

Amaiera ekitaldian, ostera, Benito Ansola sarituko dabe. Urte askoan Lekeitioko parrokoa izateaz gan, Ansola zinemazale sutsua da eta Zine Bilerearen bultzatzaile nagusietako bat. Jaialdiak 40. edizinoa bete dauen ezkero, urte honeetan guztietan herrian egindako lana autortuko deutsie Ansolari.

Jarduera osogarrien atala be indartsu dator. (H)emen (H)ere kolektiboak dinamizauta, mahai-ingurua antolatu dabe urriaren 21ean, Zine Bilerearen 40 urteotako ibilbidea aztertzeko. Batez be, emakumeen eta belaunaldi barrien eragina jorratuko ditue. Zinemagileen arteko hartu-emonak estutzeko asmoz, ganera, Work Lunch dalakoa atondu dabe, hau da, bazkaria profesionalek alkar ezagutu ahal izan daien.

Umeen txokoari jagokonez, hilaren 17an eta 19an proiekzino bereziak egongo dira Ikusgarri aretoan, Juanba Berasategiren pelikulak gazteei erakusteko asmoz.

Era berean, ez da ahaztu behar, Lekeitioko Euskal Zine Bilereagaz batera egingo dala aurtengo Kameratoia, Topaguneak antolatutako ikus-entzunezkoen rallyaren 13. edizinoa. Urriaren 20an hasita, 48 ordu izango ditue parte-hartzaileek euren lana egiteko, momentuan bertan emondako gaia ardatz hartuta.

Bestetik, Benito Ansola Bekea Ruben Martinez Rosasek irabazi dauela iragarri eben orain dala egun batzuk. Hau be Topaguneagaz batera antolatzen dau Euskal Zine Bilereak, euskerazko ikus-entzunezko sormena bultzatzeko. Martinez Rosasek garagarrilera arteko epea dauka Atsolorra proiektua gauzatzeko, bekearen 3.000 euroakaz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu