Ruben Martinez Rosasi emon deutsie Benito Ansola Saria

Bizkaie! 2017-09-29 09:29   Zinemea

Atsolorra dokumentala egin ahal izango dau.

Euskaltzaleen Topaguneak eta Lekeitioko Euskal Zine Bilerak antolatzen daben Benito Ansola Sariaren laugarren edizinoak badauka irabazlea:  Ruben Martinez Rosas astigarragarrari emon deutsie 3.000 euroko diru-laguntzinoa, Atsolorra filma grabau ahal izan daian. 2018ko garagarrilera arteko epea emon deutsie antolatzaileek proiektua amaitzeko.

Atsolorra izeneko ohiturea aztertuko dau Martinez Rosasek egitasmo honetan. Hernaniko Ereñotzu auzoan 1970eko hamarkadara arte eutsi eutsien ohitura horri eta, hain zuzen be, bertara joango da zuzendaria apirilean, Atsolorra Eguneko irudiak grabetako. Umeen jaiotzearen inguruko ohiturea da atsolorrarena, Ereñotzun barriro berreskuratzeko ahaleginean dagozana. Martinez Rosasen esanetan, hainbat onura ditu: Kide barriei onespena eta gurasoei babesa eta laguntzeko konpromisoa eskaintzea, gaur egungo gizartean gehiago ikusi behar dan balorea da. Auzolanagaz eta euskal kultureagaz be lotu dau erritu hori.

Dokumentala, beraz, iraganaren eta orainaren arteko zubia izango da. 2018ko Ereñotzuko Atsolorra Eguna izango da ardatza, baina iraganera be begiratuko dau, testigantzen eta berregite historikoen bidez. Horregaitik, Benito Ansola Sarietako epaimahaiak Martinez Rosasen ahalegina txalotu dau, emakumeen arteko alkartasun hori berreskuratu ez eze, jagotearen kontzeptua gaurkotu dau, gizarteko eremu danetara ekarriz.

Hamar proiektu aurkeztu ditue aurtengo deialdira eta, irabazlearena ez eze, ganerakoen lana be aitagarria dala dino epaimahaiak, eta euren proiektuak aurrera eroateko animau ditu egileak. Ruben Martinez Rosasek Lekeitioko Euskal Zine Bilerearen amaiera ekitaldian jasoko dau 3.000 euroko saria, Atsolorra proiektua garatu ahal izateko.

Topaguneak eta Euskal Zine Bilerak alkarregaz antolatzen daben bekea da Benito Ansola Saria, euskal ikus-entzunezkoen egile gazteei bultzadea emoteko asmoz. Urte birik behin emoten da saria eta aurten laugarren edizinoa da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu