Lekeition egingo dabe 13. Kameratoia urrian
2017-09-05 08:11 ZinemeaEuskaltzaleen Topaguneak Zine Bilerearen lankidetzea izango dau ikus-entzunezko lehiaketea antolatzeko.
Euskal Herriko hainbat lekutan egin izan dira Kameratoiaren aurreko edizinoak. Esate baterako, azken laurak Durangon egin ziran, abenduan, Liburu eta Disko Azokeagaz bat. Orain, barriz, zinemeagaz lotutako hitzordu garrantzitsu bategaz batera antolatuko dabe Kameratoia, Lekeitioko Euskal Zine Bilereagaz batera hain zuzen. Lehiaketearen ohiko antolatzaileak, Euskaltzaleen Topaguneak, Zine Bilerako arduradunakaz egin dauen pausua dala dino.
Euskal Herriko Ikus-entzunezkoen Rallya da Kameratoia. Parte-hartzaileek gai baten inguruko film laburra egitea da lehiaketearen funtsa, denpora tarte mugatu baten. Aurten, urriaren 20tik 22ra bitartean sortu beharko dabe pelikulea, epe horren hasikeran emongo jaken gaiaren ingurukoa eta kokalekua Lekeitio dala.
Sari banaketea herri horretako Ikusgarri zinema-aretoan egingo dabe, urriaren 28an. Izena emon nahi daben taldeek irailaren 15etik urriaren 15era arteko epea izango dabe. Sariei jagokenez, guztira 2.600 euro banatuko dituela dino Topaguneak.
Gazteei zuzendua (18 eta 35 urte bitartekoentzat) eta euskerazkoa da Kameratoia. Antolatzaileek adierazo dabenez, gazteak euskerazko ikus-entzunezkoen mundura salto egitera bultzatzea, lehen aukerea eskaintzea eta euren neurriko lehiaketa bat eskura jartea dira helburuak. Aurten, aukera hori ingurune oso berezi baten zabalduko dabela dinoe, euskera hutsezko zinemaldi bakarrean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!