Ahotsenean izena emoteko epea bihar zabalduko dabe

Bizkaie! 2017-10-03 12:05   Euskerea berbagai

Sortzaileen gunea Durangoko Azokearen ardatzetako bat bihurtu da urteotan.

Euskeraz lan egiten daben sortzaileei lekua zabalduko deutse, beste behin, Ahotsenea guneak, abenduaren 6tik 10era, Durangoko Azokearen barruan. Batez be, musikariek eta idazleek euren sorkuntza barriak aurkezten ditue hor, barriketaldi, performance edo kontzertuen bidez. Interesa daukienek urriaren 4tik, eguaztenetik, egin ahal izango dabe eskabidea.

Ahotsenean parte hartzeko baldintza nagusia euskerazko sorkuntzak aurkeztea da. Ganera, antolatzaileek adierazo dabe 2017an plazaratutakoak izan beharko dirala. Lanak aurkezteko formatua edo euskarria, ostera, librea da. Durangoko Azokearen webgunean, Ahotsenearen ataleko eskari-orria bete eta posta elektronikoz bialdu behar dabe interesdunek, ahotsenea@durangokoazoka.eus helbidera.

Publikoak gogoz hartzen dauen gunea da Ahotsenea, denpora tarte laburrean hainbat euskal sortzaileren azken proiektuen barri jakiteko aukerea emoten dauelako, formatu dinamiko eta arin baten. Igazko edizinoan, esate baterako, 70 disko aurkeztu ziran zuzeneko emonaldi laburren bidez. Berbaldi, barriketaldi eta bestelakoen bidez, ostera, 45 liburu aurkeztu zituen euskal idazleek.

Aurten, ganera, ospakizunetan dabil Ahotsenea, hamar urte bete ditu eta. Hamarkada horretan, Durangoko Azokako interesgune nagusietakoa bihurtu da, publikoarentzat zein egileentzat, eta hori ospatzeko ekitaldi ugari eratu ditue, esate baterako, erakusketa ibiltari bat herririk herri dabil eta kontzertu zikloa be antolatu dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu