Durango Azokea herriz herri Ahotsenearen 10. urteurrena ospatzeko
2017-09-25 11:08 KultureaErakusketa ibiltaria eta emonaldiak egingo ditue Tafallan, Gasteizen, Azpeitian eta Bilbon abendura arte.
Durangoko Azokearen 52. edizinoa hainbat nobedadegaz dator aurten. Lehen aldiz, herriko mugak zeharkatu eta kulturearen plazea herririk herri ibiliko da, Azokan jazoten dana Euskal Herriko hainbat txokotan erakusteko asmoagaz eta, aldi berean, bisitariak Durangora erakarteko helburuagaz.
Aurten Ahotseneak hamar urte beteko ditu eta horregaitik, Azokako gune hau izango da estreinaldiko bira honen protagonista nagusia. Lau geltoki izango ditu: Tafalla, Bilbo, Gasteiz eta Azpeitia, irailaren 29an hasita eta abendura arte, Durangoko Azokea hasi arte. 52. edizinoa abenduaren 6tik 10era arte izango da.
Ahotseneak argazki-erakusketa bat antolatu dau Txelu Angoitia, Saioa Cabañas Gau Ilunak eta Joseba Barrenetxea argazkilariek urte honeetan ateratako 25 argazkigaz. Irudiakaz batera, hainbat musikari, idazle, editore eta kazetariren gogoeta bana be egongo da. Erakusketea honako leku honeetan egongo da: Tafallako kulturgunean, irailaren 29tik urriaren 8ra arte; Bilboko BIBA topagunean, urriaren 16tik 31ra; Gasteizko Oihaneder Euskerearen Etxean, zemendiaren 3tik 19ra; eta Azpeitiko San Agustin kulturgunean, zemendiaren 20tik abenduaren 3ra.
Ikuskizunei jagokenez, lau izango dira:
- Tafalla DA! Irailaren 29an 20:30ean Tafalla Kulturgunean. Kontzertua: Anari + Jon Basaguren.
- Bilbo DA! Urriaren 20an, 20:00etan BIBA kulturgunean. Mikel Etxaburu idazlea + Kintsukoroi musika-emonaldia.
- Gasteiz DA! Zemendiaren 3an, 20:00etan Oihaneder Euskerearen Etxean. Keu Agirretxea & Jon Gurrutxaga musikariak eta idazle bat.
- Azpeitia DA! Zemendiaren 16an, 20:00etan San Agustin Kulturgunean. Gorka Urbizu musikaria + Gotzon Barandiaran idazlea.
2017ko abenduan, hamar urte beteko dira hainbat idazle eta musikarik Ahotsenea sortu ebenetik. Durangoko Azokearen barruan, sortzaileen gunea da eta musikari eta idazleez gan, irakurleek eta entzuleek be euren tokia dabe. Urte honeetan ehunka sortzailek izan dabe aukerea euren lana aurkezteko Azokan. Igaz 70 disko aurkeztu zituen zuzenean, eta 45 liburu eta disko aurkezpen, emonaldi eta performance egon ziran.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!