Kontzertu akustikoak Euskaltzaindiaren egoitzan

Dabi Piedra 2017-09-27 12:40   Musikea

Urriaren 9an hasita, hainbat euskal artista konbidauko ditue Plaza Barriko aretora.

Mikel Inunziaga, Inun, izango da artistetako bat | Ikusi handiago | Argazki originala

Euskaltzaindiak eta Bilboko Udalak daukien hitzarmenari esker, musikeagaz lotutako ziklo barria jaioko da urrian, uriaren alde zaharrean, Astelehen Buruzuria izenekoa hain zuzen. Bederatzi astelehenetan beste horrenbeste kontzertu akustiko entzun ahal izango dira Euskaltzaindiak Plaza Barrian daukan egoitzan. Ganera, emonaldi bakotxaren hasieran, artistak hobeto ezagutzeko aukerea egongo da, ordu erdi inguruko barriketaldien bidez.

Urriaren 9an, zikloari ekiteko, Su Ta Gar taldeko Aitor Gorosabelek eta Xabi Bastidak joko dabe. Urriaren 16an, ostera, La Basu eta Baisha entzun ahal izango ditu publikoak. 23an, Anariren txandea izango da eta 30ean, Inun kantautoreak igongo dau oholtzara. Zemendian izango dira azken emonaldi biak, zikloaren lehenengo edizino honi jagokonez behintzat. Hil horren 6an, Berri Txarrak-eko Gorka Urbizu izango da protagonista eta 13an, Niko Etxart. Estilo eta jatorri aldetik, askotariko artistak dirala azpimarratu dabe antolatzaileek.

Kontzertu guztiak 20:00etan hasiko dira. Gitxi gorabehera, ordu erdiko barriketalditxua eta ordubeteko musika emonaldia izango da. Barruan, aretoan, 70 bat lagun baino ez diranez sartzen, aforoa zorrotz kontrolauko dabe antolatzaileek, horretarako bost euroko prezioa ezarrita.

Gabriel Arestiren omenez egingo dan jardunaldia aurkezteko ekitaldia aprobetxau dabe Udalak eta Euskaltzaindiak Astelehen Buruzuria zikloa aurkezteko. Koldo Narbaiza Euskera zinegotziak adierazo dauenez, gure kultureagaz disfrutau nahi dogu eta non hobeto Euskaltzaindiaren egoitzan baino. Euskaltzaindiaren izenean Erramun Osak ondokoa esan dau: Bilboko egunerokora bizipoza eroan nahi dogu, euskal kulturearen bidez. Euskeraz lan egiten daben musikariei Bilbon beste plaza bat eskainiko deutsie, baina era horretako ekitaldiak antolatzen dituen ganerako eragileeei ez deutsie lehiarik egin nahi, horregaitik, lankidetzearen alde egin dau Akademiak.

Ez da ohikoa Euskaltzaindiak kontzertu ziklo bat hartzea bere egoitza nagusian. Andres Urrutia euskaltzainburuak, baina, euskal kulturea bultzatzea eta zabaltzea be euren ardurea dala adierazo dau. Ganera, Bilboko Udalagaz sinatutako akordioak horretarako konpromisoa jasoten dau. Orain arte ez dogu honelakorik egin, baina egin behar doguz, dino Urrutiak. Ondo dago hemen batzarrak eta holakoak egitea, beharrezkoa da hori, baina euskal kultureari babesa emon behar deutsagu, horretarako be bada Euskaltzaindia.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu