Gabriel Aresti gogoratuko dabe urriaren 11n

Dabi Piedra 2017-09-27 12:00   Euskerea berbagai

Egun osoko jardunaldia antolatu dabe Bilbon, Euskaltzaindiaren egoitzan.

Bilboko Plaza Barrian aurkeztu ditue jardunaldia eta 'Astelehen Buruzuria' zikloa | Ikusi handiago | Argazki originala

Aurten 50 urte bete dira Gabriel Arestik Euskal Harria liburua argitaratu ebala. Urteurren hori gogoan, eta urriaren 14an Arestiren urtebetetzea izango zala aprobetxauta, idazle bilbotarraren omenezko jardunaldi berezia antolatzea erabagi dabe hainbat erakundek alkarlanean: Euskaltzaindiak, Gabriel Aresti Kultura Alkarteak eta Bilboko Udalak.

Aresti personea ezagutzea da asmoa, bera ezagutu ebenak eta haren eragina jaso dabenak hizlari jarriz, azaldu dau Euskaltzaindiko Erramun Osak. Urriaren 11n, eguaztenean, goizeko 09:30ean ekingo deutsie jardunaldiari, Andres Urrutia euskaltzainburuaren, Juan Mari Aburto Bilboko alkatearen eta Xabier Monasterio Gabriel Aresti Kultura Alkarteko ordezkariaren berbakaz. Xabier Kintana euskaltzainak Aitaren etxeko atea mundura ireki zigun bilbotar poeta izenburuko berbaldia emongo dau gero. Euskera batua sortzeko prozesuan Arestik egindako lanaren lekuko izan zan Kintana eta sasoi haretako pasadizo bitxiak kontauko dituala aurreratu dau Osak.

Jon Kortazar EHUko katedradunak, bestetik, Mailu batekin: biola batekin liburuaren ganean egingo dau berba, Itsaso Güemes kazetaria moderatzaile dala. 11:15ean, Mikel Martinez aktoreak Arestik Hernanin emondako berbaldiaren dramatizazinoa egingo dau. Andoni Egaña bertsolariak ahozko tradizinoa eta modernidadea aztertuko ditu eta, amaitzeko, 19:00etan, hiru euskal idazle handik Aresti hartuko dabe ahotan, Miren Rubio kazetaria moderatzaile dala: Joseba Sarrionandiak (bideo bidezko grabazino bidez), Bernardo Atxagak eta Arantxa Urretabizkaiak.

Horrezaz gan, Agustin Ibarrola artisteari omenaldia egingo deutsie Bilboko jardunaldi horretan. Euskal Harria liburuko ilustrazinoak egiteaz arduratu zan Ibarrola eta haren ekarpena ez dabe ahaztu nahi izan. Susana Jodrak berbaldia emongo dau eta, ondoren, Agustin Ibarrolaren senideek jasoko dabe omenaldia, artistearen partez, hau ez dagoalako osasunez ondo eta ezin dauelako Bilbora joan. Erramun Osak azaldu dauenez, hiru oinarri daukaz urriaren 11ko egitarauak: Gabriel Aresti, Euskal Harria eta Agustin Ibarrola.

Oskorri taldeak be parte hartuko dau Arestiren omenezko saioan. Orain dala hile batzuk bere ibilbidea amaitutzat jo eban arren, Oskorrik berragerpen laburra egingo dau Euskaltzaindiaren egoitzan, formatu txikian, izan be, Euskal Harria-ko hainbat poema musikatu eta abestu izan ditu Oskorrik eta horreek kantauko ditue jardunaldiaren hainbat unetan.

Euskaltzaindian etxekoa dogu Gabriel Aresti, azpimarratu dau Andres Urrutia euskaltzainburuak. Euskera batua sortzeko prozesuan aitzindari izan zan, gizarteari ondo jatorko hori gogoratzea, hau da, euskerearen aldeko eragile izan zala, idazlea izateaz gan. Ganera, bilbotarren artean Arestik erakarpen berezia daukala ganeratu dau Urrutiak.

Erramun Osak adierazo dauenez, era honetako jardunaldi bat beste erakunde batzukaz alkarlanean antolatzea garrantzitsua da. Gabriel Aresti ezagutzea eta herritarren altzora hurreratzea da helburua, azaldu dau, momentu gatxetan ekarpena egin eta euskal kulturan eragin ebenak gogoan hartzeko tartetxua hartu nahi izan dogu.

Jardunaldi hau aurkezteko ekitaldian Astelehen Buruzuria kontzertu akustikoen zikloaren barri be emon dabe Euskaltzaindiak eta Bilboko Udalak. Urriaren 9tik zemendiaren 13ra, astelehenero kontzertu bat egongo da Euskaltzaindiak Plaza Barrian daukan egoitzan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu