Galder Gonzalez: 'Euskerazko Wikipediaren erronkak kalidadeari lotuta dagoz'

Dabi Piedra 2017-09-25 08:10   Barriketan

Euskal Wikilarien Kultura Alkarteko kidea.

Euskal Wikilarien Kultura Alkarteak eta Azkue Fundazinoak hitzarmena sinatu dabe, euskerazko Wikipedia bultzatzeko eta zabaltzeko. Hizkuntza txikien artean, euskerazkoa da Wikipedia indartsuenetako bat, baina beharrezkoa da ekinean segidutea, artikuluen kalidadea hobetzeko eta euskal irakurleei datu entziklopediko ahalik eta zehatzenak emoteko asmoz, beste hizkuntzetara jo beharrik izan barik. Hori guztia doban, jakintza librea partekatzea dalako Wikipediaren helburua.

Hain zuzen be, partekatze libreko argazkiak lortzeko asmoz, Wiki Loves Monuments izeneko lehiaketea martxan jarri dabe. Edonork parte hartu leike, modu errazean: Wikipediak emondako zerrendako monumentu bat aukeratu, argazkia atera eta bialdu baino ez da egin behar. Aurten lehenengoz, Euskal Herriko lehiaketea antolatu dau Euskal Wikilarien Alkarteak. Bertako kide Galder Gonzalezek emon deusku horren barri, eta euskerazko Wikipediaren gaur egungo egoeraz egin deusku berba, baita Azkuegaz hasi barri daben alkarlanaz be.

 

1.- Zer da Wiki Loves Monuments lehiaketea?

Lehenengo aldiz 2010ean egin zan, Herbehereetan. Oso arrakastatsua izan zan eta berehala zabaldu zan Europara eta mundu osora. Helburua da eraikin handien edo ondare aldetik interesgarriak diranen argazkiak ateratzea eta sarean jartea, libre, edonork erabilteko. Martxan egon dan zazpi urteotan, guztira 1,7 miloe argazki lortu dira lehiaketearen bidez. Gero, horreek argazkiak Wikipedian edo beste proiektu libre batzuetan erabili leitekez.


2.- Aurten lehenengo aldiz sartu zarie zuek antolakuntzan. Horrek ze eragin izango dau?

Lehenengo aldiz egongo da Euskal Herriko lehiaketea. Lehenago be posible zan Espainiako edo Frantziako lehiaketetan parte hartzea, aurten be badagoz, baina Euskal Herrian ahalegin berezia egin nahi izan dogu. Ondare diran Euskal Herri guztiko eraikinetako argazkiak onartuko doguz.


3.- Zelan parte hartu leiteke lehiaketan?

Oso erraza da, euskerazko Wikipedian sartu eta loturea ipini dogu hor. Bertan dagoz zerrenda batzuk, herrialdeka, ze eraikinen argazkien bila gabizan jakiteko. Sariketa berezi bi be badagoz, bata Oiartzunera begira, bestea Bilbora. Azken horretan, zerrendatuta dagoz Eusko Jaurlaritzeak ondaretzat jotako eraikinak, asko dira, batez be Zazpi Kaleetan. Parte hartu nahi dauenak, eraikin horreetako bati argazkia atera eta euskal Wikipedian sortu dogun atal horretan igon baino ez dau egin behar. Behin igonda, argazkia lehiaketan sartuko da eta, ganera, danontzat eskuragarri bihurtuko da.


4.- Modu librean partekatzeko irudien kopuruari jagokonez, Euskal Herrian beste herrialde batzuen atzetik goaz?

Orokorrean begiratuta, gure eraikin nagusien irudiak euki badaukaguz, Euskal Herriko eta mundu guztiko erabiltzaileak horreek atera eta partekatzen joan diralako. Halandabe, eraikinak banan-bana begiratuta, adibidez Zazpi Kaleen moduko lekuetan, guzti-guztiak ez daukaguz. Ganera, ondare legez izentauta dagozanik jakin ez dogun eraikin batzuen barri izan dogu. Halandabe, hau lehiaketa bat da, horregaitik gure helburua ez da bakarrik argazki gehiago lortzea; kalidade handiagoko argazkien bila gabiz. Zenbat eta kalidade handiagoa, guretzat hobeto, politak diralako eta, adibidez, Wikipediako artikuluak hobeto osotuko dituelako.


5.- Euskerazko Wikipediako artikuluak hobetzeko, osotuteko eta barriak sortzeko bultzadea izan leiteke lehiaketea.

Bai. Horregaz lotuta, hain zuzen be, lehiaketa bi ipini doguz martxan. Argazkiena Azkue Fundazinoagaz batera antolatu dogu, baina badaukagu beste bat, Donostiako Koldo Mitxelena liburutegiaren laguntzinoagaz antolatu doguna: Edizino lehiaketea, hau da, Wikipediako artikuluak hobetzea eta gehitzea. Azken finean, honelakoek lagundu egiten dabe Wikipedia handitzen.


6.- Hizkuntza txikien artean, euskerazko Wikipedia da indartsuenetako bat. Horrek esan nahi dau euskal komunidadea aktiboa dala interneten?

Maila erlatiboan handia da gure Wikipedia, bai, oso parte-hartzailea da. Zenbaki absolutuetan gitxi gara, baina miloe hiztuneko proportzinoan oso goian gagoz. Horri esker artikulu ugari daukaguz entziklopedian, ia 284.000, danetariko gaien ingurukoak: geografia, animaliak, biografiak eta abar. Hizkuntza txiki asko gu baino txartoago dagoz, beraz, ez gagoz egoerarik onenean, baina txarrenean be ez.


7.- Artikulu kopurua erritmo onean hazten dabil, baina non daukaz hutsuneak euskerazko Wikipediak?

Gure erronkak, batez be, kalidadea hobetzeari lotuta dagoz. Artikulu sakonagoak egin, ikasleentzat interesgarriagoak izan leitekezan testuak egin, hobeto landu... horretan gabiz lanean eta, jakina, eskuak beti doguz faltan, beraz irakurle guztiak animau nahi dodaz parte hartzera. Oso erraza da eta mundu guztiak hobetu leike Wikipedia.


8.- Zer eskaintzen dau euskerazko Wikipediak hizkuntza indartsuetako edizino erraldoien aldean?

Batetik, euskerea erabilgarriago bihurtzen dau, oso inportantea da jenteak informazinoa euskeraz topau ahal izatea. Esaterako, Google-n bilaketea eginda, euskerazko Wikipediako berba horretarako sarrerea agertzen da. Holako gauzei esker, enpresa handiek (Google, Facebook, Twitter eta halakoek) ikusten dabe interneten euskerazko komunidade bat egon badagoala eta zerbitzuak euskeraz be emotera bultzatzen ditu horrek, edo aplikazino gehiago euskeratzera. Software librean ibili dan jenteak hasikeratik itzuli izan ditu gauzak euskerara, Firefox eta horreek. Ingurune digital horretan euskerazko baliabideak eskura izateak asko laguntzen dau euskerea eguneroko hizkuntza bihurtzen. Bestela, euskeraz egunero berba egin arren, aplikazino guztietarako beste hizkuntza bat behar genduke, ordenagailuagaz erderaz berba egin... baina, zorionez, euskeraz egin leitekez gero eta gauza gehiago interneten.


9.- Zelan antolatzen da Wikipediaren moduko proiektu zabal eta askotariko bat?

Izatez, komunidade autoerregulatua da, hau da, normalean ez dogu gauzak egiteko koordinazinorik izaten. Normalean bakotxak bere aldetik joten dau, kasu batzuetan alkarlanerako koordinetan garen arren. Adibidez, Wiki Loves Monuments lehiaketarako bai, batzuk jarri behar izan gara dana antolatzen. Berez, bakotxa libre da bere intereseko gaiak lantzeko, ezelako muga barik. Hori bai, artikuluak entziklopedikoak izan behar dira. Komunidade autoerregulatua danez, edonork begiratu leike egiten zabizana, artikuluen inguruan eztabaidatu, zuzenketak egin... ganera, gai orokorren inguruan eztabaidatzeko be foro modukoak daukaguz Wikipediaren barruan. Teorian, emoten dau horrelako antolaketa batek ez leukeela funtzionau beharko, baina praktikan ikusten da funtzionetan dauela, komunidadea sortu da eta ondo dabil.


10.- Zuek, ganera, Euskal Wikilarien Kultura Alkartea sortu dozue. Zein da erakunde horren zeregina?

Gure asmoa da erakundeakaz eta erabiltzaileakaz kontaktua egitea, jakintza librea eta euskerazko Wikipediaren barri zabaltzeko. Garbi itxi behar da ez garela Wikipediaren zuzendaritzea ez antzeko beste ezer. Berezko antolakuntzea daukan proiektua izaten segitzen dau Wikipediak.


11.- Zuen alkartearen eta Azkue Fundazinoaren artean sinatu barri dozuen hitzarmenaren helburu nagusiak zeintzuk dira?

Azkuek eta guk bat egiten dogu gauza askotan, interneten, jakintzearen eta software librearen inguruan. Hitzarmenaren helburu nagusia da Bizkaian Wikipediaren ezagutzea zabaltzea. Horretarako, ikasturte honetan hamar aurkezpen egingo doguz Bizkaiko beste horrenbeste herritan eta Herripedia izeneko lau proiektu be martxan jarriko doguz. Herri baten inguruko informazino ahalik eta zehatzena eta zabalena Wikipedian sartzea da Herripedien asmoa, bertako jentearen parte-hartzeagaz, auzolanean. Beste proiektu txikiago batzuk be jasoten ditu hitzarmenak, Wikipediako artikuluak itzultzeko, Durangoko Azokeagaz lotutakoren bat be badaukagu buruan... Horrezaz gan, Wiki Loves Monuments lehiaketan alkarlanean gabiz Azkue eta Euskal Wikilarien Alkartea. Bizkaiko eta Bilboko argazki onenentzako sariak emongo doguz.


12.- Azkueren ardatz nagusiak teknologia barriak eta euskerea dira. Hori zuen jarduereagaz bat datorren ezkero, lankitza hau luzarorako izan leitekela uste dozu?

Gure helburua, behinik behin, hori lortzea da, alkarren arteko dinamika bat martxan ipintea, interneteko jakintza librearen ganeko ezagutzea Bizkaian zabaltzeko. Ez Wikipedia bakarrik, guk beste egitasmo batzuk be babesten doguzalako, esaterako Wiktionary hiztegi librea. Aurten lehenengoz probau dogu hitzarmen honegaz eta danok pozik geratzen bagara, guk hurrengo urteetan holan segidu nahi dogu.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu