Euskal Wikilarien Alkarteak eta Azkue Fundazinoak lankidetza hitzarmena sinatu dabe
2017-09-08 08:10 Euskerea berbagaiEuskerazko Wikipedia indartzeko alkarregaz lan egingo dabe erakunde biek.
Euskerazko jakintzea batu eta zabaltzea da EWKE Euskal Wikilariak Kultura Alkartearen helburu nagusia, horretarako Wikipedia erabilita. Auzolanean eta jakintza partekatuaren bidez lortu beharreko helburua da hori, alkartearen arabera. Bien bitartean, Azkue Fundazinoa interneten eta teknologia barrietan euskerea bultzatzeaz arduratzen da. Esangura horretn, bien arteko alkarlana euskerazko Wikipedia indartzeko tresna eraginkorra izan leiteke, Bilboko Euskerearen Etxean egindako ekitaldian alkarte bietako ordezkariek adierazo dabenez. Bertan, Xabier Armendariz EWKEko presidenteak eta Iurdana Acasuso Azkueko zuzendariak 2017-18 ikasturterako lankidetza akordioa sinatu dabe.
Euskerazko Wikipedia herritarrei aurkezteko, udagoienean hainbat berbaldi egingo ditue Bizkaian, hitzarmenean jaso danez. Eskualde bakotxean berbaldi bat antolatuko dabe, proiektuaren barri emon eta herri bakotxean zelan lagundu aztertzeko. Ganera, eskualde bakotxeko datuak gaurkotu eta hobetzeko saioak (editatoiak) egingo ditue ekitaldiokaz batera.
Azken horretan sakontzeko, Bizkaiko lau herritan Herripediak bultzatzeko konpromisoa hartu dau Azkue Fundazinoak. Donostiapedia eta Iurretapedia egitasmoen eredua hartuta, aukeratutako lau herrietako alkarte, idazle, irakasle eta bestelakoak tartean sartuko ditue, materiala batu eta Wikimedia proiektuak hobetzeko.
Beste alde batetik, EWKEk eta Azkuek alkarregaz garatzen dituen proiektuak gizarteratzeko konpromisoa be jaso dabe lankidetza hitzarmenean. Era berean, softwarea euskeratzeko bidean beste pausu bat egingo dabe erakunde biek alkarlanean: MediaWikien softwarea itzultzeari ekingo deutsie, Wikipedia zein beste wiki plataforma batzuk euskeraz editetako. Bestelako tresna batzuk be itzuliko ditue, esaterako Open Street Map.
Ganera, Azkue Fundazinoaren egoitzan, Bilboko Euskerearen Etxean, itzul-a-thon bat antolatuko dabe, itzulpen lanaren inguruan eztabaidatzeko topaketea hain zuzen. Ganera, Wikilarien Alkarteak proponidutako gai batzuen itzulpenak egingo ditue Wikipediarako.
Eduki eta jakintza libreen aldeko lana be egingo dau Azkue Fundazinoak eta Durangoko Azokako Kabi@ gunean euskerazko Wikipedia bultzatzeko ekimen barritzaileetan parte hartuko dau. Besteak beste, Euskal Herriko persona ospetsuen photocall-a egingo dabe, gero argazki horreek Wikimedia Commons plataformara igoteko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!