Mikel Renteria: 'Mobiduten gaituana modu berezian ordezkatzen dabe Iñurrategik, Vallejok eta Zabalzak'
2017-08-28 08:20 BarriketanWOP Fundazinoko arduraduna.
Gaixotasun neurodegeneratiboen kontrako burrukan erreferente bihurtu da WOP Fundazinoa. Azken aldion zeresana emon dau euren lanak, izan be, 2010ean martxan ipinitako WOPeak proiektua biribildu egin dabe Alberto Iñurrategik, Juan Vallejok eta Mikel Zabalzak, Fundazinoaren izenean. Zortzimilakorik igotea lortu ez daben arren, Valerio Annovazziren erreskatean parte hartu eben eta WOPekoek ekintza eskuzabal hori hartu dabe tontorraren ordezkotzat. Bestetik, Estropatadeak gizartean daukan oihartzuna saritzeko, Bilboko Ohorezko Uritar izentau barri dabe Fundazinoa.
Jontxu gazteari gaixotasun neurodegeneratibo bat topau eutsienean hasi zan WOPen ibilbidea, pausuz pausu joan eta sekula ez geratzeko asmoz. Harrezkero, Mikel Renteria, Jontxuren aita, da Fundazinoko gidaria. Berak azaldu deuskuz WOPeaken ingurukoak, aurrera begirako asmoak eta bestelakoak
1.- Ohorezko Uritar saria emon deutsue aurtengo Aste Nagusian. Zer esangura dauka izendapen horrek WOPentzat?
Oso hunkigarria izan da. Ganera, gu Fundazino gaztea gara, saritu gehienak ibilbide luzeko erakundeak izaten dira eta guk zazpi urte baino ez daroaguz, 2010ean sortu genduan WOP. Hori bai, gu alkarte guztiz bilbotarra gara, hemendik abiatutakoa, mundura zabalik baina gure jatorriaz harro.
2.- Estropatadan 30.000 ahatetxu lehiatu ziran itsasadarrean eta WOPeak ekimenak be oihartzuna izan dau komunikabideetan. 2010ean hasi zineenean gizartearen halako erantzuna espero zenduen?
Ziur gengozan gogor lan egin beharko genduala, hasikeratik garbi izan dogu gure bizitzea honetara dedikauko genduala, gaixotasun neurodegeneratiboen kontra, hain zuzen be. Gure seme Jontxuri halako gaixotasun bat diagnostikau eutsien 2008an eta horrek gure familiaren egunerokoa goitik behera aldatu eban. Musikeagaz hasi ginan, promotora bat sortu genduan kontzertuak eta jaialdiak antolatzeko. Gero beste ekintza batzuetara be pasau gara, hasikeratik bagenkian hau bide luzea izango zana. Pausurik pausu, deskantsu barik ibilten gara. WOPeak sortu genduanean be, Gorbeian hasi ginan, mila metro pasauko mendian, baina hasikeratik esan genduan zortzimilako baten amaituko gendula. Orduan, pentsetan ete genduan orain gagozan lekura helduko ginala? Ba, behinik behin, urratsak egiten segiduteko asmoa geunkan, ziurtasunez, eta bide horrek ekarri gaitu hona. Atzera begiratu eta egia da gauza asko egin doguzala. Gaixotasunak ikertzeko nazinoarteko lau proiekturi diruz lagundu deutsegu. Baina bide luzea dogu aurretik. Eskaladearen modukoa da hau, gorutz begiratu behar dogu, inoz ez beheruntz.
3.- WOPeak biribiltzeko GI edo GII igotea izan da asmoa, baina eguraldi txarraren erruz Alberto Iñurrategik, Mikel Zabalzak eta Juan Vallejok ez dabe helburua bete. Halandabe, Valerio Annovazzi erreskatau eben etxera bueltau aurretik eta zuek proiektua betetzat jo dozue...
Alpinismoa aldatzen dagoan sasoi baten bizi gara, zortzimilakoetan espedizino komertzialak dira nagusi eta tontorrean banderatxua jartea arrakastarik handiena dala emoten dau. Horreek baloreek ez gaitue ordezkatzen. Nahiago doguz alpinismoaren balore tradizionalak: alkartasuna, adiskidetasuna, sokakideak kontuan izatea, talde lana, esplorazinoa... Horregaitik, tontorrera heldu ez ziran arren, tontor bat igotearen parekoa da Valerio Annovazziren bizia salbau izana, jatorrizko balore horreen erakusgarri da; tontorrik altuena, baliotsuena, hori da guretzat.
4.- Gorbeian hasi eta Gasherbrumeraino, tontorrek eurek baino, bidean ikasitakoak dauka balioa zuentzat?
Bai, altuera jakin bateko mendiak igoten joateak, azkenean, helburu bat emoten deutsu. Baina bidea bera da helburua. Bidean ibiltea, gure baloreetan oinarrituta, geure buruagaz zintzoak izanda, saihesbiderik bilatu barik. Hain zuzen be, bide horren atalik inportanteena bizitzeagaz konpromisoa izatea da, norberarena eta besteena, Valeriorena adibidez.
5.- Iñurrategi, Vallejo eta Zabalza Gasherbrumen egozan artean, zuek hemendik segidu zenduen espedizinoa. Eguraldi txarra, Annovazziren erreskatea... zelan bizi izan zenduen?
Etxetik espedizinoak tensino handiz segiduten dira. Badakigu gure mendizaleak jarreraz indartsuak eta eragingarriak dirana eta badakiela une bakotxean zer egin, baina urduritasuna badago. Ganera, danetarikoak jazo jakezan: Alberto Zerainen eta Mariano Galvanen istripuaren barri jakin genduan, tontorrera heltzeko ahalegin bi, bigarren urtez eguraldi txarra topetea... erronka gatxa zan, erabili beharreko bideak behin bakarrik zapaldutakoak ziran, konplexutasun handikoak. Eta amaitzeko, erreskate bat, 7.000 metrotik gora, hori ez da bape erraza, ia-ia ibili be ezin eban persona bati bajatzen lagundu behar izan eutsien.
6.- WOPeakeko azken erronketan Iñurrategi, Vallejo eta Zabalza izan dozuez bidelagun. Zer ekarpen egin deutsie proiektuari?
Gu mobiduten gaituana oso modu berezian ordezkatzen dabe, horrek gure arteko hartu-emonak erraztu ditu. Ikuspegi bardina daukagu eurek eta guk, frekuentzia berean dagoz gure pentsetako moduak. Hemendik aurrera zer? Kirolaren munduan sartuta segiduteko asmoa dogu, batez be alpinismoan. Kapitulu barriak hasteko WOPeak proiektu hau amaitutzat jo nahi izan dogu. Mendi Film Festivalen egiturearen barruan gagoz, Bizkaian dogun harribitxietako bat da jaialdi hori eta guk sari bat emotearen ardurea dogu, hain zuzen be alpinismoaren baloreak ondoen erakusten dituanarentzat. Ganera, Iñurrategi, Zabalza eta Vallejogaz egin dogun moduan, kirolaren munduko jarduera gehiago be finantzau nahi doguz.
7.- WOPeakeko espedizinoak amaitu dira, baina proiektua biribiltzeko asmoa darabilzue buruan, dokumental baten bidez...
Bai, aurretik be dokumental bi produzidu genduzan, WOPeakeko 6. eta 7. etapak erakusteko, Paiju Peak eta Chamlang mendietakoak. Orain azken dokumentala egiteko prozesuan sartuta gagoz. WOPeak, jarduera alpinistiko legez ikusita behintzat, Valerio Annovazziren erreskateagaz amaitu zan, baina urriaren 12an errematea emongo deutsagu; Gorbeiara igongo dogu, hau guztia hasi zan lekura, gure betiko mezua zabaltzeko: Guk martxan segiduten dogula. Eguraldiak laguntzen badau, ganera, gure semeak be igotea nahi dogu, aulki egokituan, azken finean bera dalako Fundazinoaren kapitaina, beragaitik hasi zan dana.
8.- Uste dozu WOP alkartearen jarduerak eredugarriak izan leitekezala zuena moduko beste alkarte batzuentzat?
Ez dakit, guk geure bidea aukeratu dogu eta jente asko batu jaku. Egia da alkarte eta erakunde askogaz hartu-emonak doguzala, gurea errealidade transbersala da, guk finantzatzen doguzan ikerketek frutua emon ezkero, beste askori be onurea ekarriko deutse. Pentsetan dot, neurri baten, beste askorentzat eredu izan gaitekezala, eta besteak guretzat be bai.
9.- WOP Fundazinoaren ezaugarria da beti martxan egotea eta, hortaz, jarduera ugari antolatzen dozuez. Mendikoak eta Estropatadea albo batera itxita, ze beste aitatuko zeunkez?
Musikan be oso sartuta dagoz, hau dana abesti bategaz hasi zan, 2008an sortu neban nik. Walk on izenburua dauka eta beti pausuz pausu segiduteko agindua da. Hortik dator Fundazinoaren izena eta hortik sortu ziran gero beste proiektu musikal batzuk. Festibalak zein kontzertuak antolatzen doguz. Hezkuntzearen alorrean sartzeko ahaleginean be bagabiz, interes handia dogu horretan, gure baloreak transmitiduteko eremu aproposa dalako; era berean, berbaldiak eta biltzarrak antolatzen be hasi gara. Ganera, modearen mundura be jauzia egin dogu, jantzi esklusiboak doguz eta dendea be ipini dogu Bilbon.
10.- Ikerketetara bideratzen dozue batutako dirua. Emoitzarik emon dau horrek?
Gure helburua bikotxa da. Alde batetik dibulgazinoa dago, ikerketa medikoen aldeko giroa sortzea gizartean. Guk bakarrik ezin dogu gaixotasun neurodegeneratiboen kontra jo, gizartearen lehentasuna izan behar da, heriotza kausa nagusia izango dira hamarkada batzuk barru Lehen Munduan. Gure bigarren zeregina ikerketarako baliabideak eskaintzea da. Nazinoarteko lau proiektu finantzatzea lortu dogu orain arte, 260.000 euro bideratu doguz horretara. Horreetako bat emoitza onak emoten hasi da.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!