Jon Ortuzar, WOP, Félix G. Modroño eta La Ría del Ocio, Bilboko Ohorezko Uritar
2017-08-08 08:34 KultureaBilboko irudia zabaltzeko egindako lan onagaitik sarituko ditue lau persona eta erakunde horreek.
Bilboko Udalak eta Gargantuaren Konpainiak, Laboral Kutxaren eta Radio Popularren babesagaz, urtero emoten ditue Ohorezko Uritarren sariak Bizkaiko uriburuan eta 2017ko edizinorako lau izen nabarmendu ditue. Abuztuaren 21ean, Carlton hotelean izango da omenaldia; Bilboren handitasunaren aldeko ekarpena egin dabenei errekonozimendua egitea da sarion helburua, bultzatzaileen esanetan.
Batetik, Jon Ortuzar izentauko dabe Ohorezko Uritar. Euskalduna Jauregiko zuzendaria izan da urte askoan, oraintsu erretiroa hartu dauen arte. Haren gidaritzapean, biltzar-jauregiak goraldi nabarmena izan dau eta urtetik urtera ekitaldi gehiago antolatzen ditu eta jente gehiago erakarten dau.
Bigarren saritua WOP Fundazinoa da. Gaixotasun neurodegeneratiboak daukiezanei laguntzeko eta ikerketea bultzatzeko alkartea da; urtero Bilboko itsasadarrean egiten dan Estropatada solidarioa, gomazko ahatetxuen lasterketea, nabarmendu dabe sarien antolatzaileek. Horrezaz gan, baina, beste ekimen asko be bultzatzen ditu WOPek, esaterako WOPeak erronka mendizalea.
La Ría del Ocio argitalpenak, bestetik, 30 urte bete ditu aurten. Bilboko agendea eta eskaintza kulturala batu eta zabaltzeko sortu zan eta, sasoiak asko aldatu diran arren, zeregin horretan segiduten dau hiru hamarkada geroago. Amaitzeko, 2017ko laugarren Ohorezko Uritarra Félix G. Modroño idazlea da; gaztelaniaz hainbat nobela arrakastatsu idatzi ditu Bizkaian jaiotako autore horrek.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!