Ane Ortiz: 'Indarrak jagonez, parrandatxuren bat egiten ahaleginduko naz'

Dabi Piedra 2017-08-17 08:18   Barriketan

Bilboko Aste Nagusiko txupinerea.

Askapeña konparsa internazionalistako Ane Ortiz izango da txupinerea aurtengo Aste Nagusian. Zapatuan Arriagako balkoitik txupina jaurti eta jaiei hasikera ofiziala emotea izango da bere ardurea. Ondoren, bederatzi egunez Aste Nagusiaren ordezkari izango da eta ekitaldirik ekitaldi ibiliko da, txupinerearen traje gorria soinean, Nati Ovelleiro pregoilariagaz eta Marijaiagaz batera. Ondo pasetako eta zentzunez jokatzeko deia egin dau Ortizek.

 

1.- Bilboko Aste Nagusiko txupinerea izango zara bederatzi egunez. Zelan bizi dozuz aurreko egunok?

Egia esan, sorpresa handiz hartu genduan izendapena Askapeña konparsan. Izan be, konparsa guztiok sartu gara aurten zozketan eta Askapeñari historian bigarren aldiz tokau jako txupinerea aukeratzea. Ohore handia da, bai konparsearentzat eta baita neuretzat be.


2.- Bederatzi eguneko erronkea dozu aurretik. Zelan ikusten dozu zeure burua erritmoari eusteko?

Bai Nati pregoilaria eta bai ni energiaz beteta gagoz, oso gogotsu. Aurreko urteetako txupinerakaz berba egin dogu eta eutsiko deutsagula esan deuskue, ez kezkatzeko. Horrek indar piloa emon deust.


3.- Aurten beste era bateko Aste Nagusia bizi izatea tokauko jatzu...

Bai, egia da, ze Bilboko Konparsek agenda bat antolatzen dabe guretzat eta hamaika ekintza izango doguz egunero, esaten deuskuen lekuetara joango gara, gogotsu. Indarrak jagon beharko dodaz danera heltzeko, baina parrandatxuren bat, berandura arte ez bada be, egiten ahaleginduko naz.


4.- Nati Ovelleiro pregoilaria ezagutzen dozu dagoeneko. Zer moduz konpontzen zara beragaz?

Egia esan, zoragarri. Nati emakume itzela da, oso ondo moldatzen gara, beti barrezka gagoz. Ezin dot imajinau bera baino kide hoberik.


5.- Askapeña konparsako kidea zara, zelakoa da zuen taldea?

Internazionalismoa lantzen dauen konparsea da, gure asmoa da jai eremura eroatea munduko herrietako askapen prozesuak, horreek aldarrikatzea eta babesa emotea. Jaia eta burrukea buztartzen doguz.


6.- Pregoilaria Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformea da. Esan daiteke zuen konparsearen eta plataformearen helburuak neurri baten bat datozala?

Bai, baina internazionalismoaren ikuspegitik guk harago joan nahi dogu. Uste dogu errefuxiatuen egoerea bermatzen dauen sistema bat dagoala, politika zehatz batzuk dagozala, eta hori irauli beharra dogu. Orain errefuxiatuek bat-bateko laguntzinoa behar dabe, baina premina horretatik harago doan lana egin behar dogula uste dot. Dana dala, talde biok ondo konpontzen gara.


7.- Orduan, Aste Nagusia aldarrikapenerako bozgorailu izan leiteke?

Bai, eta horretan ahalegina egingo dogu. Jaiak disfrutetako dira baina mezu ugari aldarrikatzeko lekua be badira. Bai Nati eta bai ni hor ibiliko gara buru-belarri.


8.- Zuk zeuk, zergaitik egin zenduan bat Askapeñagaz?

Internazionalismoa beti landu izan dodan gaia da, azkenean lagun batzuen bitartez sartu nintzan. Jaia beste modu baten bizi izateko aukerea eskaini eusten eta oso momentu berezia izan zan niretzat, harrezkero jaiak ikusteko modua guztiz aldatu neban.


9.- Aste Nagusitik zer da gustukoen dozuna?

Behin eta barriro egiten deuste galdera hori eta ez daukat oso garbi zer erantzun. Aste Nagusiak momentu zoragarri piloa ditu eta kostetan jat bat aukeratzea. Esaterako, txupinaren eguna itzela izaten da, konparsetakook hasikeran egiten dogun kalejirea, Arriagako une hori... oso magikoa da. Txosnaguneko giroa, kontzertuak, herri kirolak, momentu piloa dagoz eta gatxa egiten jat bat aukeratzea.


10.- Ba, aurten ekitaldi gehiago ezagutuko dozuz, txupinerearen agenda beteari esker...

Bai, baina horren zain be banago. Aste Nagusiko beste espazio batzuk ezagutu nahi dodaz. Konparsakidea nazen ezkero, normalean jai guztiak txosnetan pasetan dodaz eta aurten Abando, Indautxu eta hori guztia ezagutuko dot, ia zer topetan dodan.


11.- Milaka lagun alkartuko dira Bilbon bederatzi egunez. Mezuren bat bialdu nahi deutsezu jaizale guztiei?

Alde batetik, bilbotar guztiei eta bertora datozanei mesedez eskatu nahi deutsiet zentzunez eta errespetuz jokatzeko. Nazkatuta gagoz jai eremuan erasoen barri izateaz. Ez dogu nahi erasorik, ez matxistarik, ez homofoborik, ez transfoborik, ez etnofoborik, jai eremua ondo pasetako espazioa da. Ia guztion artean eraso bako espazio bihurtzen dogun. Bestetik, ahalik eta gehien disfrutetea be opa deutsiet danei, ekintza piloa dagoz goizetik gauera, edonork topau leike gustuko dauen zeozer.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu