Nati Ovelleiro: 'Ilusinoak indarra emongo deust jaietako erritmoari eusteko'
2017-08-14 08:24 BarriketanBilboko Aste Nagusiko pregoilaria.
Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformea izango da Bilboko Aste Nagusiko pregoilaria. Beste herrialde batzuetatik datozan errefuxiatuen egoerearen inguruko kontzientziazinoa zabaltzea eta euren baldintzak hobetzeko lan egitea dira alkartearen helburu nagusiak eta, zeregin solidario hori saritzeko, Jai Batzorde mistoak pregoilariaren ardurea emon deutsie. Taldearen izenean, Nati Ovelleirok jantziko dau pregoilariaren trajea eta berak irakurriko dau pregoia zapatuan, abuztuaren 19an, Arriaga antzokiko balkoitik. Bere berbakaz hasiko da hilaren 27ra arteko jaia Bizkaiko uriburuan.
1.- Zapatuan irakurriko dozu pregoia Arriaga antzokiko balkoitik. Zer moduz aurreko egun honeetan?
Apurtxu bat urduri, nik ez daukat prestakuntza berezirik honelako zeozer egiteko, horregaitik sensazino arraroa da. Baina, beste alde batetik, ilusinoz beteta nago, ohore handia da Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformearentzat eta ni ahalik eta ondoen egiten ahaleginduko naz.
2.- Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformearen izenean agertuko zara Arriagako ekitaldian. Zergaitik erabagi dabe zure kideek ardurea zuri emotea?
Lehenengo eta behin, baten batek egin behar dauelako hau. Ni, ganera, nahiko aktiboa izaten naz eta prest nengoan. Kontuan hartu jaietan egunero ordu piloa pasau behar dirala zeregin honetan eta baldintza batzuk bete behar dira. Horreek baldintzak ikusita, guztion artean erabagi genduan neu izango nintzala. Dana dala, gu plataforma anitza gara, pregoilariaren izendapena taldearena da eta ni bat gehiago naz.
3.- Txikitatik bizi izan dozu Aste Nagusia. Zelako gomutak daukazuz?
Ni Francoren garaian jaio nintzan eta hasikeran ez egoan jairik. Barrakak eta holakoak ipinten zituela bai gogoan dot, baina ez zan gauza askorik egoten. Gero, gogoratzen dot Aste Nagusi hau antolatzen hasi ziranean, lehenengo urteko aldarrikapena zelakoa izan zan. Harrezkero, ia urtero egon naz jaietan, izugarri gustetan jataz, lagun batek dinost ni oso bilbotarra nazala. Disfrutau egiten dot Aste Nagusia.
4.- Aurten, baina, beste modu baten disfrutauko dozu...
Bai horixe, konturatu naz aurtengoa oso desbardina izango dala niretzat. Baina ikusten dot gure aldarrikapenak zabaltzeko aukera bikaina dala. Urtean zehar topera ibili gara lanean eta hau jaiak aprobetxetako eta gure ideak zabaltzeko momentua izango da.
5.- Aste Nagusiaren barruan, zer da gehien gustetan jatzuna?
Azken urteetan, nagusitzen joan nazen neurrian, gustetan jat lagunakaz geratzea, trago batzuk hartzea txosnetan. Bapatean lagun batek deitu eta bazkaltzeko geratzen nazenean, egunean egunekoa disfrutau. Plan handirik egin barik, kalera bajatu eta leku batera edo bestera joatea, askotan egitaraua begiratu barik.
6.- Aurten agendea lehenagotik izango dozu zehaztuta, ekitaldirik ekitaldi ibili beharko dozu bederatzi egunean. Erritmo horri eusteko planik pentsau dozu?
Nik uste dot ilusinoak indarra emongo deustala jaietako erritmoari eusteko. Ni oso aktiboa naz eta, kantsauko nazen arren, ez dot uste horregaz aparteko arazorik izango dodanik. Bildur handiagoa deutsat beroari. Hori bai, agenda luze-luzea daukagu eta inoz egon ez nazen ekitaldi batzuetan parte hartuko dot, beraz, aukera ederra da beste gauza batzuk ezagutzeko.
7.- Alboan Ane Ortiz txupinerea izango dozu. Zer moduz konpontzen zara beragaz?
Momentuz, primeran. Izendapenaren ostean ezagutu genduan alkar, aurretik ez genduan alkar ezagutzen. Baina oraingoz oso esperientzia polita izaten dabil. Ane alboan eukita lasaiago nago, ze gure urduritasunak eta halakoak geure artean komentetan doguz. Konplizidadea daukagula uste dot.
8.- Ongi Etorri Errefuxiatuak igaz sortutako plataformea da. Zelako lana egiten dozue?
Oso anitza da, uriko hainbeste talde eta jente gabiz hor. Taldekide izatea oso erraza da, une honetan transitoan dagozan personen alde zeozer egiteko gogoa baino ez da behar. Aurten Karabana Solidarioa egin dogu, Melillara joan gara. Edade guztietako jenteak parte hartu dogu hor, hamasei urtetik 70etik gorakoetara. Hori Bizkaitik bakarrik. Esan behar da Bilboko konparsa batzuetako jentea be badagoala gure artean. Halandabe, guretzat sorpresa handia izan da pregoilari izateko izendapena jaso izana, oso talde gaztea garelako. Uste dot lehenengo aldiz aukeratu dabela gizarte mobimenduetako talde bat pregoilari izateko. Beste talde batzuk aukeratu izan ditue, baina beste alor batzuetakoak.
9.- Pregoilari izatea zuen aldarrikapenak gizarteratzeko bidea izango dala uste dozue?
Bai. Igaz be ahalegin handia egin genduan Aste Nagusian gure mezua zabaltzeko, txosna guztiek ipini eben gure banderea. Aurten, ostera, aurrerapausu izugarria izan da guretzat, indarra emon deusku, ze gure jenteak kalera urtengo dau zapiakaz... udan askotan errefuxiatuen gai hau ahaztu egiten da, jaietan gehiago, orduan ondo jatorku. Une egokia da, Bilbo guztia kalean egongo da. Dana dala, guk badakigu jaiak dirala eta horrek dauka lehentasuna. Ondo pasau behar dogu, baina aldarrikapenak be hor dagoz.
10.- Orain dala denpora bat gaurkotasun handiko gaia izan zan errefuxiatuena baina orain badirudi beste kezka batzuek hartu dabela lehentasuna. Halandabe, errefuxiatuen tragediak ez dau hobera egin, ezta?
Lehengo moduan dago, edo txarrago. Karabanan Melilla aldean egon barri gara eta mugetan zer jazoten dabilen ondo ikusi dogu. Konponbiderik ez da bilatu eta, beraz, ekin egin behar deutsagu. Jakin badakigu gero eta gatxagoa dala honi pil-pilean eustea, hain zuzen horregaitik, jaietako izendapen hau oso garrantzitsua da guretzat. Indarrez bete gaitu.
11.- Bilbon eta Bizkaian jentea alkartasunerako prest ikusten dozu? Badago kontzientziazinorik?
Orokorrean bai. Gauza guztietan legez, danetariko jentea dago. Baina oso adierazgarria da gure mobimentua ze handia dan eta ze denpora laburrean hazi dan. Badakigu gatxa dana horrenbeste boluntariori luzaro eustea, baina Gernikan egin genduan ekitaldia froga moduko bat izan zan eta Bizkaiko jente askok egin eban ahalegina joateko. Gaur egun, ia herri guztietan antolatzen gabiz gauzak. Orain udan, batez be kostaldean egiten dira ekitaldiak. Orain dala 80 urte geu izan ginan errefuxiatuak, eta migranteak izan ginan urte askoan, nik uste dot horren kontzientzia badagoala, jenteak zeozer egin behar dala badaki. Gehiago egin behar geunkela? Ba bai, egoerea oso larria da. Baina egon badago inplikazinoa. Ganera, Aste Nagusiko izendapenagaz, Bilboko uriak be adierazo dau zeozelako sensibilidadea. Ez da erraza jaietan honelako gauzetaz gogoratzea.
12.- Pregoia irakurriko dozu zapatuan, baina edukia sekretua da. Zelako ezaugarriak izango ditu?
Pregoi laburra izatea nahi dogu, jentea jaiaren zain egongo da. Baina mezu zuzena emongo dogu. Jaietako pregoia izango dala gogoan hartuta, ez da gure plataformearen prentsaurreko bat. Erronka gatxa da jai giroko mezu bat aldarrikapen eta guzti sortzea. Talde lanean gabiz idazten.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!