Iñaki Palacios: ‘Nire asmoa da jenteak txistuari bigarren aukera bat emotea’

Ainhoa Lores 2017-07-10 08:00   Barriketan

Txistularia eta konpositorea.

Lurra, Ardoa, Dantza disko kaleratu dau Gasteizko musikariak, izen bereko proiektuaren lehenengo atala da honakoa, bigarrena, barriz, Mulixka Jantza taldeagaz irailerako prestatzen dabilen ikuskizuna. Txistua bai, baina Palaciosek bere betiko testuinguru tradizionaletik atera nahi izan dau eta bestelako musika tresna batzuekaz buztartu. Eskuartean dogun lan honegaz, bigarren aukera bat emon nahi izan deutso txistuari.

Baga Biga diskoetxeagaz argitaratu dau hamar abestiz osoturiko diskoa eta argazki liburua. Bertan, Arabako Errioxako bizimoduari egindako omenaldia egin nahi izan deutso, batez be mahatsa batu eta ardaoa batzeko zereginari.


1.- Oso txikitatik hasi zinan txistua joten. Zer gogoratzen dozu hasierako garai horreetatik
?

Gasteizko folklore akademian, Musiketxean, hasi nintzan txistua eta musikea ikasten, lehenengo urteetan Itziar Ruiz de Oñagaz egon nintzan, segurutik trastakeriak egiten. Niretzat hasteko momenturik onena zan, beraz, indar askogaz joaten nintzan klasera. Txalotzekoa da zelan motibau eustan txistua ikasteko.

Geroago Musiketxean bertan, Roberto Alvarez txistu irakasleagaz ibili nintzan ikasten eta Jesus Guridi konserbatorioan Jesus Moraza, eta Miguel Zeberiogaz. Azken honek musikea sentiduten eta transmitiduten erakatsi eustan. 


2.- Zer emon deutsu musika tresna honek?

Momentu gogorrak, onak eta ahaztezinak. Alde batetik, emoitza onak lortzeko egin behar dan ahalegin guztia: ensaioak, abesti eta ikuskizunen errepetizinoak, orduak eta orduak joten egon, edota sakrifikautako zapatu eta domeka guztiak… Berez, musikari guztiek egiten daben lana da eta publikoarentzat gehienetan ezkutuan gelditzen dana.

Bestalde, egindako ahalegin guzti hori saritua dala ikustea polita da. Bai lanaren aldetik eta bai jenteak eskertzen deutsun guztiagaitik. Ahaztezina izan da be Korrontzi taldeagaz jotea Euskalduna Jauregian, Gasteizko Printzipal antzokian, Arabar Errioxako Mahats-Batzearen jaian eta Medizorrotzako polikiroldegian.


3.- Txistuaz gan beste musika tresna batzuk be joten dozuz, ezta?

Bai, konserbatorioan sartu nintzanean pianoa aukeratu neban, eta 16 urte neuzkazanean baxu elektrikoa joten ikasi neban. Urte bi aurrerago, barriz, gitarrEa.


4.- Musika ikasketak amaitu eta Suena Salburua espazioa sortu zenduan. Zer egoan bertan ikusgai?

2012. urtean, Bartzelonan Soinu ikasketak amaitu eta Gasteiz European Green City izentau ebenez, holako espazio bat sortzeko sasoi ona zala pentsau neban. Bertan, musika elektronikoa, txistua, pianoa eta arpea eraztun berdean egozan txori guztien kantuakaz batu nituan, danetara, 40 minutuko obrea. Salburuako Atarian hiru hilebetez entzungai egon zan.


5.- Txistu irakaslea be bazara Basauriko Udal Musika Eskolan. Zelan ikusten dozu etorkizuna?

Oso gatxa da, txistua lako musika tresna bat, gitarra elektriko edo piano bategaz lehian jartea. Azken finean, umeak irratian edo telebistan ikusten daben musika tresnak jo nahi ditue. Baina lan gogorra egiten dogu musika tradizionalagaz umeak motibetan eta txistua, trikitixea, txalapartea eta albokearen moduko musika tresnak aukeratu deiezan eta ikasten dagozanak jarraitu deien animatuz.

Euskal Herri osoan kantera ona dagoala ikusten da. Txistulari gazteen kontzertuak urtero egiten dira eta ganezka egoten dira beti.


6.- Txistua joteaz harago doan musika egitea gustuko dozu. Horren emoitzea be bada, kaleratu barri dozun Lurra, Ardoa, Dantza diskoa. Zelan definiduko zeunke egiten dozun musika muetea?

Soinu freskoa, dinamikoa, dibertigarria, jantzagarria eta melodiaz beteriko musikea. Abesti guztietan txistua da protagonistea, baina formazino oso berezi bategaz.

Gitarra elektrikoak, baxua, bateria, samplerrak, eta pop musika elementuak dituan multzo baten sartu dot txistua.

Esan dodan legez, gustauko litxakit gazteek entzutea, holan ikusi ahal izango ebelako zenbat gauza egin daitekezan txistu bategaz.


7.- Azken urteak, orain, eskuartean dogun diskoa fintzen eta sakontzen emon dozuz, Nondik dator idea?

2013. urtean Josu Sanchez jantzariagaz batera Ardoaren Dantza sortu neban. Arabar Errioxako jentearentzat eginiko jantza/abestia da. Egunero ardaoagaz lan egiten dabenentzat, gure omenaldi txikia egin nahi izan geuntsen.

Harrera izugarria izan genduan, bai youtuben eta bai zuzenean egiteko eskakizun ugari izan genduzalako. Hortik aurrera, pausu handi bat emon eta Lurra, Ardoa Dantza ikuskizuna egitea erabagi genduan, jantzea, musikea eta antzerkia batzen ditun ikuskizuna.


8- Bizitza oso bat txistuari eta musikeari orokorrean dedikauta egon zara eta orain hartu dozu disko bat argitaratzeko erabagia. Zergaitik?

Oso argi ikusi dodalako diskoa zelan, nogaz, eta non grabau. Beti izan dot buruan txistuagaz zeozer barria egitea eta Josu Sanchezegaz Lurra Ardoa Dantza proiektua aurrera eroan genduanean, argi ikusi neban aurtengoa zala momentua.


9.-
Hamar abestiz osoturiko disko bat baino zeozer gehiago da. Ikuskizun bat be bada eta Mulixka Jantza Taldea be tartean dago. Zertan datza proiektua?

Ikuskizunerako abesti guztiak egiteaz arduratu naz, baina Josuk be lan handia izan dau koreografia guztiak sortzen. Ordu eta erdiko ikuzkizuna izango da eta bertan, ardaoaren prozesua irudikatuko dogu alde batetik, eta koreografiagaz emonaldi berezia sortuko da.

Josu Mulixka Jantza Taldeko zuzendari lanetan dabil, eta guztira hamasei jantzari inguru izango doguz oholtzan. Ganera, Juanjo Monago aktoreak, XIX. mendeko ardaogile baten papela egingo dau, ikuskizunari ikutu berezia emoteko.


10. Arabar Errioxako nortasuna eta oinarria erakutsi nahi izan dozu proiektu honegaz. Zergaitik?

Nire familia Eltziegokoa izanda, lotura handia izan dot txikitatik lurralde zoragarri honegaz. Momentu oso onak pasau dodaz umetan eta azken urteetan be bai. Horregaitik, polita begitantzen jatan lurralde honi nire musikea eskaintzea.

CDa eta liburua da argitaratutako lana eta arduraduna, Javier Martinez de la Puente argazkilaria izan da.


11.- Abesti guztietan ardaoari egiten deutsazu erreferentzia, baten izan ezik: Idiazabal. Zer dala eta?


Mulixkako kide bat Idiazabalgoa da eta beti ibili gara txantxetan beragaz. Ardoaren dantza egin eta gero, orain gaztaarena egin beharko dugu, ezta?, esaten geuntsan. Txantxea gora, txantxea behera, Idiazabalek eta Eltziegok anaitze-prosezura ekin eutsien, eta holako baten, Idiazabalgo alkateak ardaoaren jantza zuzenean ikusi eta gero, Idiazabalerako be zeozertxu egin eikeala proponidu euskun.

Erronka handia izan zan guretzat holako marka eta indarra dauen herri batentzako abestia eta jantzea sortzea, baina behintzat buruan geunkana islatzen ahalegindu ginan. Gure eginkizun nagusia, Idiazabalgo eredua islatzea izan zan, ertako tradizinoa, kulturea eta indarra adierazo nahi izan genduan proiektu honegaz.

Koreografiari jagokonez, Sanchezek artzaintzea irudikatu nahi izan eban eta musikan, aldiz, euskal musika tresnak dira abestiari garrantzia emoten deutsienak. Agus Barandiaran, Korrontzi Taldeko Trikitilaria kolaboratzaile izan genduan.


12.- Hainbat musikari izan dozuz alboan diskoa grabetako orduan. Zelakoa izan da konposizinoa eta grabazinoa bera?

Konposizinoaren aldetik, erraza. Akaso gatxena, gitarra elektrikoen soinu kuttuna lortzea izan da. Hainbat amplifikadore probau genduzan estudioan gustetan jatan soinua lortu arte. Ez zan erraza izan holako formakunteza dauen taldea ez dalako existiduten eta ereferentziak lortzea oso gatxa da.

Grabazinoa Oiartzungo Mecca Estudioetan egin genduan apirilean. Buruan neukan han grabetea eta aukera ezin hobea izan zan, Mikel Ezeiza eta Igor Ezeiza soinu teknikariakaz. Eurek be erronka legez hartu eben proiektua, eta oso gustura gelditu ginan emoitzeagaz.

Musikariei idea azaldu neutsen eta hasieratik konfiantzea jarri eta geugaz aurrera egitea erabagi eben.


13. Txistuaren kontzeptu barritzailea eta garaikidea bilatu dozu diskoan. Zergaitik?

Nire asmoa da jenteak txistuari bigarren aukera bat emotea. Badirudi askok pentsetan dauela txistuak soilik herriko jaietan joteko balio dauela, baina disko honegaz, argi ikusten da txistuagaz gauza asko egin daitekezela.


14.- Aurrerantzean zer dozu eskuartean?

Lehengo eta behin, irailaren 23an, Gasteizko Printzipal antzokian Lurra, Ardoa, Dantza estreinaldi ikusgarri bat egitea, eta hortik aurrera datorrena!

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu