Txistua eta mahatsa, Iñaki Palaciosen lehenengo diskoaren ardatzak
2017-06-21 12:10 MusikeaLurra, ardoa, dantza lanean (Baga-Biga) Arabako Errioxako nortasuna batu dau musikari gasteiztarrak.
Txistularia eta konpositorea da Iñaki Palacios eta horreek zeregin biak buztartu ditu bere lehenengo diskoan. Baina txistua kontestu tradizionaletik atera dau, bestelako tresna batzukaz nahastauta: Bateria, baxua, gitarrea eta abar entzun leitekez bilduma honetako hamar abestietan. Palaciosek berak adierazo dauenez, txistua da protagonistea, erritmoa marketan dauelako, baina pop erako tresna asko be sartu doguz, orain arte txistuagaz ez da holako konbinazinorik egin.
Baga-Biga diskoetxeko Ritxi Aizpururen ustez, txistua oinarrian egon arren, diskoa ezin da folk musikearen barruan sartu, gehiago dauka munduko musiken ataleko ikutua. Iñaki Palaciosek azaldu dauenez, abesti atseginak eta jantzagarriak dira danak, belarritik erraz sartzen diranak.
Txistuari bigarren aukerea emon nahi izan deutsat, ganeratu dau autoreak, musika tradizionalaren barruan sailkatu izan da beti, badirudi kalerik kale joten ibilteko baino ez dauela balio txistuak. Tresna horrek aukera ugari emoten dituala azpimarratu dau, Lurra, ardoa, dantza diskoak erakusten dauen legez. Txistua gazteei hurreratu nahi deutsiet, zelako gauzak egin leitekezan ikusten badabe, beharbada gehiago animauko dira txistua joten ikastera.
Aspalditik buruan erabili dauen proiektua da honako hau, baina Palaciosek orain izan dau gauzatzeko aukerea. Horretarako, laguntzaile ugari izan ditu: Javi Garayk jo dau gitarrea, Eneko Espinok baxua eta Dani Lopez de Parizak bateria. Josu Sanchezegaz batera, koreografiak sortu deutsez abestiei eta, horregaitik, Mulixka jantza taldeak be parte hartu dau egitasmoan.
Diskoa Arabako Errioxako bizimoduari egindako omenaldia da, batez be mahatsa batu eta ardaoa batzeko zereginari. Mahatsaren prozesu guztia agiri da abestietan, batu, zapaldu, ardaoa egin, ospatu... azaldu dau Palaciosek. Ritxi Aizpuruk ganeratu dauenez, Arabako Errioxako espiritua, ardaoagaz daukan loturea, ondo adierazo dau. Izenburuak, hain zuzen, diskoaren oinarrian dagozan elementuak buztartzen ditu, lurra, ardaoa eta jantzea.
Arabako Errioxako hainbat upategik babestu dabe Palaciosen proiektua. Hasikeratik onartu eben, zer urtengo eban jakin aurretik, azaldu dau gasteiztarrak. Joan dan astean, upategi horreetako batek Palacios konbidau eban ardao marka barri baten aurkezpen publikoan joteko, izan be, Lurra, ardoa, dantza diskoko kantuak eta koreografiak hango produktuen erakusgarri bihurtu dira.
Hamar abestietako bat, baina, ez dago mahatsagaz eta ardaoagaz lotuta. Idiazabal, diskoko bosgarren piezea, izen bereko gaztai klaseari eskaini deutso Palaciosek.
Behin diskoa kalean dala, proiektuaren hurrengo atalari ekingo deutso Iñaki Palaciosek, izan be, uda ostean antzokietarako ikuskizuna aurkeztuko dau, Lurra, ardoa, dantza diskoan oinarritua. Palacios bera eta musikariak agertuko dira oholtzan, Mulixka jantza taldekoek lagunduta. Ganera, Juanjo Monago aktoreak ikutu berezia emongo deutso ikuskizunari. Lehenengo hitzordua Gasteizko Principal antzokian izango da, irailaren 23an.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!