BIME Bilbao 2026 programazinoa zarratu da 70 showcase baino gehiago izango diralarik

Bizkaie! 2026-10-15 11:40   Musikea

Ashleys, Dianka, Tussiwarriors, Pedro Capó, Alcalá Norte, Jimena Amarillo...

BIME Live zuzeneko musika-jaialdiari urriaren 27an ekingo jako eta 30era bitartean, Bilbo musikaz beteko dauen BIME ekimenaren barruan, uriko gune eta aretoetan dobako programazinoa eskainiko da.

Beste alde batetik, BIME Pro programazino profesionala Euskalduna Bilbaon izango da, eta musikearen industriako eragile garrantzitsuenak izango dira gurean, besteak este, Walter Kolm (WK Entertainment), Etiophia Habtemariam (HYBE), Allan Mcgee edo Rafa Sardina (Abbey Road Institute Los Angeles), baita Alaska, Luz Casal eta Pedro Capó be.

Bilboko Euskal Museoan aurkeztu dabe XIV. BIME Isabel Villanueva BIMEko zuzendariak, Javier Garcinuño Bilbao Ekintzako zuzendari nagusiak eta Cristina Múgica Bizkaiko Foru Aldundiko Lurralde Lehiakortasunerako eta Kanpo Sustapenerako zuzendari nagusiak izan ditu ondoan eta, azaldu dauenez, musikearen nazioarteko industriako eragileak batuko dira hitzorduan.

Aurkezpenean, BIME ekimenaren bokazinoa musika-ekosistema osoaren zerbitzura dagoan tresna izatea dala nabarmendu dau Isabel Villanuevak: BIME bokazino oso argiagaz sortu zan: musikearen industriarako espazio baliogarria izatea, industria horretako kide guztiak batzeko, ezagutzak konpartiduteko eta alkarregaz aurrera egiteko aukerea izateko, artista eta profesionalakaz hasi, enpresa eta proiektu barriakaz amaitu. Sorkuntzea, prestakuntzea eta ikerketa industriagaz konektetan dituan topagunea, aukera barriak sortzeko eta sektore osoaren garapenean laguntzeko.

Lau egunetan, zuzeneko musikea, hartu-emon profesionalak, barrikuntzea eta herritarrentzat edegitako kulturea eskainiko dira, BIME Pro eta BIME Live ekimenen bitartez.

Kontuak kontu, BIME Live BIME barruko showcase eta kontzertuen jaialdia da, eta musikearen arloko talentua ikusgai egiteko erreferentziako plataforma sendoa da dagoeneko, uria zuzeneko musikea eskaintzeko agertokien zirkuitu erraldoi bihurtuko baitau barriro. Urriaren 27tik 29ra, Kafe Antzokia, BBK Sala, Bilborock, Azkena, Crystal, Dock BBF, La Ribera, Stage Live eta Back Room aretoetan hirurogeita hamar showcase baino gehiago eta hainbat afterparty atondu dira, industriako profesionalek eta publiko orokorrak egungo musika-proposamen abangoardistenetako batzuk ezagutu deiezan. Publikoak programazino osoaz gozau ahal izango dau aldez aurretik izena emonda. Izen-emateak euro bateko dohaintzea izango dau, eta batutako diru guztia Kolonbiako lurrikarek kaltetutako eremuak berreregiteko bideratuko da. Sarrerak hiru egunetarako balioko dau, baita showcase guztietarako be.

Kartela zarratzeko ondokoak aurkeztu ditue: Ashleys (ES) madrildar laukotea, egunerokotasunari buruzko letrak power pop eta indie rock indartsu bategaz uztartuta; Dianka (ES), pop indie eszena barriko proposamen berezienetakoa, popa eta elektronikea espainiar kantagintzearen erreferentziakaz eta uniberso narratibo nabarmenagaz buztartzen dituana; Tussiwarriors (UY), Rio de la Platako proposamenean trap, RKT, reggaeton eta kultura digitala nortasun estetiko eta soinuzko berezi-bereziagaz; eta Pedro Capó (PR), pop latinoaren ahots ezagunenetako bat, Urteko Abestiaren Latin GRAMMY saria irabazi ebana Calma abesti ezagunagaz; azken horrek BIME Pro programazinoan be parte hartuko dau.

BIME Live barruan programazio bereziak atondu ditue, musikearen industriako enpresa eta erakunde garrantzitsuenek talentu onena aurkeztu deien: urriaren 27an, AIE - Espainiako Artista Interpretatzaileen Alkartearen txandea izango da Bilborocken, eta ICEX-Sounds from Spain-ena Stage Live-n; eta Universal Music etxeak Bistec Music aurkeztuko dau Crystal aretoan. Hilaren 28an, Euskal Herriko musika-proposamenak aurkeztuko dira Basque. Music. alkartearen eskutik Stage Live-n, eta Altafonte Crystalen ibiliko da. Urriaren 29an, Argentinako banden txandea izango da Argentinako Musika Institutu Nazionalaren (INAMU) eskutik BBK Salan; Virgin Music, barriz, Stage Live-n egongo da, eta Jägermeister eta Virgin Music etxeen afterpartyak Crystal eta Back Room aretoetan, hurranez hurran.

Horrezaz gan, BIMEk euskal kulturearen gunerik bereizgarrienetako batera eroango dau musikea: txoko batera, hain zuzen be eta bertan, Universal Music eta Amazon Musicen eskutik, flamenkoari eskainitako topaketa berezi bat egingo da. Txoko Flamenco izeneko ekitaldia gonbidapen bidezkoa izango da, eta edukierea mugatua izango dau. Esperientzia esklusibo horrek aukerea emongo dau mundu osoko entzuleen artean gero eta indar handiagoa hartzen dagoan musika-genero honetako artistak gertutik ezagutzeko, flamenkoa eta euskal tradizinoa buztartuko baititu.

BIME Live ez da hor amaitzen. Hilaren 30ean, barikuan, zuzeneko musikea aire zabaleko leku berezi batera helduko da: Bilboko udaletxearen alboko Uribitarte pasealekuko OMODA agertokietan honako kontzertuak izango dira 17:00etatik aurrera: 1111 (ES) hirukote madrildarra; Alcalá Norte (ES) talde errebelazinoa Estaduko rock alternatiboaren barruan; Hija del Nopal (MX) eta bere salsa, boogaloo, mambo, cumbia, merengue, psikodelia eta norteña musikea; Jimena Amarillo (ES) taldearen proposamen emozional eta argitsua; eta cumbia musika jai-girorantz eta musika garaikiderantz, Sedientos de Cumbia (ES) taldea, aurten Bendesed albuma kaleratu dauena. Hori guztia Bilboko Udalaren eta OMODAren babesari esker.

BIME Live programea musikearen arloko talentuaren garapenean eta nazinoartekotzean erabagigarri diran eragile honeei esker be osotzen da: Navarra Music Commission; Murtziako Eskualdeko Kultura eta Sormen Industrien Institutua; Catalan Arts; Asturiasko Printzerria; Ñuble Eskualdeko Gobernua (Txile); Dutch Music Export; València Music City; Institut d'Estudis Baleàrics eta Fira B; Axencia Galega das Industrias Culturais (AGADIC); Uruguaiko Hezkuntza eta Kultura Ministerioko (MEC) Musika Institutu Nazionala (INMUS); Extremadurako Junta; Swiss Music Export; Pro Helvetia; eta European Talent Exchange.

BIME Pro: musikea alkarregaz eregiten.

Programazinoaren barruan, barriketaldiak izango dira industria honetako profesional garrantzitsuakaz: Luz Casal eta Alaska; azken horren ibilbidean urte esanguratsua da aurtengoa, eta Grabazinoaren Akademia Latinoaren Bikaintasun Musikalaren Saria jasoko dau. Bestalde, Maluma, Carlos Vives, Prince Royce edo Emiliaren karrera artistikoak bultzatu dituan Walter Kolm agentea be etorriko da; edo Alan McGee, Oasis taldea ezagutarazo eta fitxeteaz gan, My Bloody Valentine, Primal Scream eta The Jesus and Mary Chain taldeen ibilbideak bultzatu zituen Creation Records diskoetxe independente mitikoaren sortzailea; eta Ethiopia Habtemariam, HYBE Amerikako musika-presidentea eta nazioarteko disko-industriaren funtsezko figura.

Musika-industriaren orainaldiari eta etorkizunari buruzko barriketaldiak izango dira protagonista BIME Pro programazinoaren barruan, sektoreko nazinoarteko ahots eraginkorrenetakoak batuta: Amy Roland, Andrés Sánchez (OCESA), Josh Javor (WME), Carlos Abreu (United Talent Agency), Alejandro Mejía Abad (TRU / HYBE Americas), Juan S. Arenas (HYBE), eta Leon Farrell (MIDiA Research), besteak beste. Musikearen negozioa eraldatzen dabizen erronka nagusiak zeintzuk diran aztertuko dabe, zuzeneko musikearen etorkizunagaz eta merkatu barrietan sortzen diran aukerakaz hasi, eta datuek, algoritmoek eta zaleen komunidadeek industriaren bilakaeran beteten daben zereginagaz amaitu.

Garapen artistikoaren eragile danez, sorkuntzeak aparteko inportantzia izango dau programazioan, musika-produkzinoaren ondoko hiru erreferente honeekaz: Michael Beinhorn (Beinhorn Creative Inc), Rafa Sardina (Abbey Road Institute Los Angeles) eta Joe Marlett (NorthAegis), izan be, besteak beste, Red Hot Chili Peppers, Soundgarden, Alejandro Sanz, Lady Gaga eta Blink 182 artistakaz lan egin izan dabe. Bestalde, modea, musikea eta identidade bisuala inportantzia kulturala eratzeko osogai ete diran aztertuko dabe honako honeek: Cristian BM, Jaden Smith, Lola Indigo edo Saiko artisten estilista eta sorkuntza-zuzendaria; eta Guillermo Erice, Noirfonce etxean Marka eta Aliantza Estrategikoen zuzendaria. Sortzaileen eta publikoen arteko hartu-emonak be izango da protagonista, ikusleei eta komunidadeari buruzko barriketaldian honako honeek batuta: Mer Gil (Estación Fetén), Mikel Unamuno (EITB-Gaztea), Vicent Argudo (PRISA Media), Sebas Alonso (Jenesaispop) eta Marcos García (Substack). Era berean, musika-sinkronizazinoari be erreparauko deutso programazinoak: The Pitt, Reacher edo Bosch produkzinoezz arduratu dan Ann Kline musika-gainbegirale ezaguna; eta Katie Romanovich, El Diablo Viste de Prada 2 lanaren musika-gainbegiralea.

Barrikuntzak, ekintzailetzak eta prestakuntzak leku nabarmena izango dabe BIMEn. Startup Village eremuan sorkuntzearen eta teknologiaren ekosistemako eragileak, profesionalak eta startupak batuko dira, proiektu eta konexino barriak sustatzeko. Bestalde, BIME Campus barruan ibilbide berezia atonduko da aurten, programazinoaren jarduera batetik bestera, parte-hartzaileak industriaren hainbat arlotara eta profiletara hurbiltzeko. Gainera, BIME barruan, Sormen Industrien Ikerketarako Nazinoarteko Kongresuaren (CIIIC) bigarren edizinoa izango da Universitat Internacional de Catalunya unibersidadeko KomunikaziNoaren Zientzien Fakultadeagaz batera, ikerketearen, ezagutza akademikoaren eta praktika profesionalaren arteko topagune izan daiten.

BIME Pro ekimenak nazinoarteko musika-industriaren topagune bihurtuko dau barriro Euskalduna Bilbao, besteak beste, Kolonbia, Argentina, Txile, Uruguai, Venezuela, Suitza eta Herbehereetako profesionalak, enpresak eta ordezkaritzak batuko baitira sektorearen erronkak aztertzeko eta Atlantikoaren alde bietan konexino eta negozio-aukera barriak sortzeko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu